Dischord-eko buruak egun.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Dudarik gabe, Dischord diskoetxea da, Alternative Tentacles-ekin batera, punk eta hardcore munduko zigilurik esanguratsuena. Askorentzat, Dischord etikaren sinonimoa da: bere independentzia gogor zaindu du multinazionalen marrazoen aurrean, eta tinko eutsi die bere buruari ezarritako printzipioei: diskoak ahalik eta merkeen argitaratzea, MTVri eta bestelako komunikabide handiei muzin egitea, kalitatea beste ezeren gainetik jartzea, kontraturik ez izenpetzea... Egia esateko, asko dira horrelako jokabidea duten diskoetxeak, baina inork ez du Dischord-ek adina arrakasta lortu. Eta, gainera, bere katalogoa disko bikainez eta argitarapen historikoez beterik dago. Bide horretan hogei urtez iraun dutela ospatzeko, disko hirukoitza argitaratu dute oraindik orain.
Dischord 1980an sortu zen, Ian MacKaye eta Jeff Nelson-en eskutik. Biak ala biak Washington DC-ko punk talde gazte baten kide ziren, Teen Idles. Taldearen bizitza oso laburra izan zen, eta, banatu ondoren, kontzertuetan bildutako diruarekin zer egin ez zekitenez, disko bat egitea bururatu zitzaien. Horrela argitaratu zen Dischord-en lehenengo erreferentzia, Teen Idles-en Minor disturbance izeneko Ep-a. Baina garai hartan Washington DC-ko punk eszena borborka zegoen; beste hainbat lekutan bezala, talde gazteak lehenengo punk belaunaldiari ikasitakoa gogorrago eta azkarrago jotzen saiatzen ziren, hardcorearen sorreran parte hartzen ari zirela konturatu gabe, eta MacKaye eta Nelsonek zigilu sortu berria eszena dinamiko horren zerbitzura jartzea erabaki zuten. Hurrengo urteetan, DC-ko hardcore talde guztiek Dischord-en bidez argitaratu zituzten euren lanak: State Of Alert (SOA; beraiena izan zen Dischord-en bigarren erreferentzia, No policy Ep-a, Henry Rollins kantari zutela), Government Issue, Youth Brigade, The Untouchables eta, batez ere, Minor Threat.
Izan ere, Minor Threat-en garrantzia izugarria da. Musikalki, hardcorearen zedarriak definitzen lagundu zuten lehenengo Ep-arekin, eta gero zedarri horiek gainditu zituzten Out of step diskoarekin. Ideologikoki, garai hartako punk eszenaren indarkeria, nihilismo eta drogazaletasunari beste jarrera positiboagoa kontrajarri zioten,