Oso gustura entzuten da Karkaba taldearen EPa. Bederatzi kantuak entzun ostean, biziberrituta sentitzen zara, indar handiarekin. 80ko hamarkada hasierako punk-hard core doinuak gogora etortzen zaizkit Karkaba entzuterakoan. Kantu azkarrak dira, batzuk oso azkarrak, laburrak, biziak, gordinak. Bederatzi kantu bortitz, bederatzi bonba: sua. Doinua trinkoa da, ederki grabatua. Hitzak zorrotzak dira: gaurko bizimoduaren, gaurko ongizatezko gizartearen gezurrak, kakak eta zikinkeriak azaleratzen eta salatzen dituzte gupidarik gabe. Diseinua zuri-beltzezkoa da, mamiarekin bat dator, eta formatua egokia: binilozko EPa (diskoko alde batean bost kantu eta bestean beste lau). Azkoitiko Mataderoan eta Azpeitiko Urrestillako lokaletan grabatu eta nahastu zituzten kantuak, eta masterizazioa eta argitalpena, berriz, Londresen egina da.