Lau punk bertsio biltzen ditu EP honek.
Zuzeneko izerditsuetan barrenak uzteagatik eta estreinako lanak publikoan izan zuen harrera onari esker, indartsu sartu zen soul eszenan Kaliforniako mutil puska hau duela urtebete pasatxo. Eta ez dugu inolako zalantza izpirik
James Brown,
Sam Cooke eta
Otis Redding bezalako maisuen ikasle ona denik. Baina, AEBetako lau punk talde esanguratsuren bertsio bana bildu dituen 7 hazbeteko hau entzutean, bat baino gehiago arrituko da, soul taupada klasikoen ordez, punk doinuak nagusitzen direlako.
A aldean, saxo doinu bihurriak lagun,
Fear taldearen
I Love Livin' In The City garratzaren bertsio sutsua eta
Glenn Danzig gidari zuen
Misfits-en
Some Kinda Hate kantuaren moldaketa lasai eta ederrak aurkituko ditugu, azken hau, lau abestietatik bakarra soul eremura eramana.
B aldean berriz, hardcore erritmoetatik gertu dagoen
Agent Orange-ren
Bloodstains kantuaren fuzz bertsio hipnotikoa eta
Ill Repute laukotearen
Oxnard, une frenetiko eta lasaiak uztartzen dituena, punkaren funtsa galdu gabe.
Finean, ziztu bizian (abestirik luzeenak bi minutu erdiko iraupena du) eta konplexurik gabe, Ipar Amerikako punk aitzindariak diren, baina egun oraindik aktiboan dauden lau talderi egindako omenaldi atsegin bezain zintzoa proposatzen digu Hershey-k EP honetan.