Zuloak. Argazkia: Urko Ansa.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bost talde, zein baino zein boteretsuago. Gazteak edo hasiberriak batzuk, goi mailan urteak daramatzatenak besteak. Bost talde eta lau probintzia (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdi), euskaraz kantatzen, gure hizkuntzak BEC okupatu zuen gaua bezala oroitua izango den honetan. Jaialdiaren inguruan era guzietako iritziak irakurri ahal izan badira ere, euskal rockarentzat egun garrantzitsua zela ezingo genuke ukatu, eta
Entzun! han izan zen, behar zuen moduan.
Uste baino ikuslego gutxiago bildu bazen ere, bi alderdi positibo nabarmendu nahi nituzke: hanka sartzeko beldurrik gabe, esan nezake egun honetan neska dezente gehiago zeudela mutilak baino. Eta hau rock kontzertuetan zein zaila den kontuan hartuta, benetan datu harrigarria da. Eta, bestetik, jendearen gaztetasuna aipatuko nuke: gehiengoa oso-oso gaztea zen, eta adin txikikoak gehiengoa ote ziren ere susmatzen hasi nintzen, nahiz eta azken datu hau ziurtzat ematen ausartzen ez naizen.
Willis Drummond lapurtarrak mundua jatera irten ziren, ohi duten bezala. Gau honetan aukera paregabea zuten Iparraldeko rockaren balioa milaka pertsonen aurrean ezagutarazteko, eta aprobetxatu zutela esatea gutxi da: lau mutil hauek jartzen duten gogoa eta energia, soilik beraien abestien mailarekin konparatu daiteke. Besteak beste,
Haustura, Non daude, Noiz da gero edo
Ez da izango super azeleratuaren bitartez, hard rockaren zaleen talde kuttun bilakatzen ari dira. Eta bada garaia Iparraldeko talde batek Hegoaldea berriz ere hankaz gora jartzeko. Teknika bikainak eta koru harrigarriki boteretsuek, taldearen bizipoza eta energiari batuta, koktel lehergarri bat osatzen dute. Gauzak ondo irten ezkero, gailur handietara iritsi behar lukete.
Jarraian zetorrena ez nuen inola ere espero;
Zuloak. Lehenik eta behin, argi utzi behar dut
Zuloak filma ez dudala ikusi. Diskoa badaukat, ordea, eta maila onekoa iruditzen zait. Baina zuzenean nola defendatuko ote zuten pentsatzerakoan, ez nuen horrelako ekaitzik espero: Tania De Sousa lurrikara baten modukoa da, energia agortezinekoa dela dirudi eta bere pose eta mugimenduek edonor txunditu dezakete. Hitz gutxitan, dena dauka: irudia, gogo eta ahal izugarria eta, guztiaren gainetik, ahotsa. Erregistro anitzekoa: latza eta oldarkorra batzuetan, leuna besteetan... sakontasun berezi batez hornitutakoa beti. Ursula Strongek estilo berezi bat daukala uste dut, eta atabalekin sortzen duen feelingak nortasun handia ematen dio taldeari. Izaskun Muruagak gitarrari sua ateratzen dio, bere ile luzea eta pose heavyek lagunduta, espektakulu hutsa delarik. Nekez topatu genezake hau bezalako hirukoterik. Esan bezala, kontzertua hasi baino lehenagoko zalantzek gutxi iraun zuten:
Damutu igandean eta
Zoaz beherarekin hasi ondoren, izan nezakeen erresistentzia guztia hautsi zen. Orain gozatzea besterik ez zen geratzen, momentu bakar batean ere jaitsi gabeko erritmo biziak bultzatuta.
Beti jai, Ez duzu ulertu deus (aparta, Tania!),
Botak jantziko ditut (taldearen onenetakoa),
Atera eta sartu, Celebrity fan bat, Jeloak jota (beste artelan bat, bere erritmo aldaketa eta ahotsaren erregistro ezberdinekin) edota The Troggsen
Wild thing klasikoarekin (jatorrizkoa baino azkarrago, noski) mundua haien oinetara jarri zuten, zentzu artistikoan. Ikuslegoa, dena dela, nahiko geldirik nabaritu nuen, eta ez zirudien abestiak ezagutzen zituztenik. Surfin