Whitesnake, Def Leppard eta Europe Donostian, heavyaren garai onenetan bezala
Ekainaren 23an izango da, Donostia Arenan
Atzera begirako kontzertua izango da, taldeon sasoia neurtzeko ezin hobea.
Iraganeko zaporedun kontzertu hard-rockero bikaina daukagu zain.
Whitesnake ingelesak momentu oso onean daude, beraien Forevermore diskoaren kritika onek eta ikuslegoaren onespenak bultzatuta. Taldeak 40 urte betetzeko askorik ez du falta, eta ziur egon David Coverdalek beste bi taldeei oso zail jarriko diela.
Def Leppard, aldiz, Euskal Herrian ikusteak ezinezko ametsa zirudien arren (penintsulara azken aldiz, 1996an etorri ziren, Slang diskoaren garaian), hemen izango ditugu, azkenik. Iron Maiden-en garaikideak, NWOBHM mugimendu famatuko onenen artean egon dira beti, nahiz eta soinua asko bigundu zuten hirugarren diskotik aurrera. Zuzenekoan, ordea, indartsu aritzen dira.
Eta azkenik, Suediako Europek gogor borrokatu beharko du beste bien aurrean ahul geratu nahi ez badu. Heavy melodikoa eta baladengatik famatuak, bizi-bizian ikustean seguru aski hainbatek sorpresa hartuko dutela, gaur egun eskaintzen duten hard rock boteretsuarekin. Udaren hasiera, Donostia bezalako hiri zoragarri bat, eta rock and rolla... gogoangarria izan liteke.