Ozzyk berak beste artikulu oso bat idazteko moduko anekdota sorta dauka, baina goazen gutxi batzuen bila: Sabbath klasikoen garai zailenetan, abokatuekin bilerak luze eta aspergarriak ziren denontzat, baina Ozzy loak hartzen zuen edozein momentutan. Gau batean, klub bat ixtera zihoazela, Ozzyk lo hartu zuen eta tabernakoak gainean hartu zuen kanpora botatzeko. Ozzyk baina, txisa egin zion.
Ozzy eta hotelak atala ere, askorako ematen du. 1978an Nashvillen kontzertua zeukaten (Van Halen-ekin egindako bira famatuan), baina ordua iritsi eta Ozzy ez zen azaltzen. Bahitua izan zela pentsatu zuten, eta telebistara eta irratira deitu, azken honetan ordu laurdenero ea inork Ozzy ikusi zuen galdetzen zutelarik. Van Halenek amaitu eta ia Sabbath-en ordua iritsi zelarik, bat-batean Ozzyren dei bat jaso zuten.