Taldearen izen bera zuen New Yorkeko South Bronx auzoko puertorricoar jatorriko gang bake zale bateko kide gazteek egun batean eta zuzenean grabatutako diskoa da. Kideok klub bat ere eratu zuten eta bertan, ghettoko banden arteko indarkeriazko giro delinkuenteari ihes egiteko asmoz, arte martzialak praktikatzen zituzten, artelanak sortu, eta musika jo, besteak beste. Antolakuntzari dagokionez, Black Panther-ak zituzten eredu.
Melendez anaiek, Beny (abeslaria, eta kale-bandaren liderra hamazortzi urte zituela), Robert (gitarra erritmikoa) eta Victor (baxua), gidaturiko taldearen proposamenean perkusioek eragindako latin-soul giroak eta fuzz efektuekin eta funk erritmoekin hornituriko gitarra elektriko sendoak nagusitzen dira, Hendrix eta Santanaren bidetik. Halere, pop ukitu nabarmenak ere antzematen dira. Izan ere, hiru anaiak The Beatles-ekin obsesionatuta zeunden, eta aurretik Los Junior Beatles taldea ere eratu zuten ingelesen doinu melodiatsuak egokitzeko xedearekin; Tito Puenterekin ere jo zuten. Diskoa zabaltzen duen Girl form the mountain erraldoia eta bikaina Liverpooleko laukotearenganako pasioaren isla da, bai eta There is something my heart eta I saw a tear ere.
Behin Guetto Brothers eratu ostean, gazteentzako klubetan, kaleko festetan, eta auzoko supermerkatuetan hasi ziren jotzen David Silva gitarra nagusiaren, Luis Bristo bateria jotzailearen eta Angelo Garcia, Chiqui Concepcion eta Franky Valentin perkusionisten laguntzarekin. Hala, ikus-entzule talde bat ere bereganatu zuten. Hitzetan, halaber, Puerto Ricoren aldeko independentzia aldarrikatzen zuten, 1952etik AEBen menpeko Estatu Aske Elkartua baita.
Horretaz gainera, droga kontsumoa arbuiatzen zuten, euretariko batzuk LSDarekin eta kalamuarekin makina bat esperientzia izan zituzten arren. Horren erakusle Mastica, Chupa y Jala latin-garage-fuzz doinua; izenburuak azidoa hartzerakoan esaten zituztenak aipatzen ditu.
Diskoa Salsa Records diskoetxearekin grabatu zuten egun batean, zuzeneko emanaldi bat izango balitz bezala: kantuetan hizketan hasten dira, "Oye Frankie, esos bongoses s