Osagaiak: Harmless diskoetxearen lan dokumentatua eta txukuna, 4 Hero taldearen maisutasuna eta gustu ona eta Marvin Gayek famatu egin zituen kantuen bertsio eta interpretazio berriak. Emaitza: gutxienez musika beltzaren edozein zaletu tentatu beharko lukeen jaki goxoa. Harmless diskoetxearen sukaldean egositako musikak usai eta zapore berezia du eta gainera, begiekin irensten den horietakoa da. Oraingoan, 4 Hero kolektiboko lagunek egin dute sukaldari lana eta bi plater berezi prestatu dituzte. Lehenengoan, Marvinek famatu egin zituen kantuen bertsioak (eta baita originalen bat ere, ez ahaztu Marvin Gayek kantu asko konposatu zituela baina beste taldeen bertsio mordoa ere egin zuela) aurkituko ditugu; Bobby Taylor, The Isley Brothers, The Originals, The Chi-Lites, Delroy Wilson jamaikarra (reggae abeslari askok egin zituzten soul kantuen bertsioak) eta abar. Bigarren platerean berriz, kantu horiekin 4 Heroko lagunek osatutako sesioa dasta dezakegu, drum&bass egiteagatik ezagunak baina soul, jazz eta funk doinuen maitale sutsuak direnak. Oro har, Marvin Gayek utzitako altxor musikalak eman dezakeenaren adibide txikia. Gose gara oraindik.