entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
ARITZ SOUND SYSTEM 2004-06-07

AFRIKA euskal soulak Afrika izena du

Afrikak bakarkako lehen lana kaleratu du Afrikak bakarkako lehen lana kaleratu du
Etsaiak taldearekin kolaboratu izanagatik ezaguna den arren, Afrikak diskoa kaleratu aurretik beste proiektu anitzetan parte hartu eta oraindik ere parte hartzen du. Horien artean, aipatzekoak dira Keu, Etsaiak-eko beste partaidearekin egindako elkarlana, Rudo & Friends Sound System house proiektua eta bere garaian, Ke Rule reggae taldearekin egindako ibilbidea. Orain berriz, buru belarri sartuta dago bere proiektu pertsonalean.


Hainbat musika proiektuetan murgilduta ibili zara azken urteotan eta orain, bakarlari modura diskoa kaleratu duzu. Nola izan da prozesua?

Hiru urte dira Fermin Muguruzak diskoa ateratzeko proposamena egin zidala baina garai hartan ez nuen nire burua eszenatokien aurrean talde bat zuzentzen ikusten eta hiru urte behar izan ditut erabakia hartzeko. Horretan asko lagundu dit Rudo & Friends Sound Systemarekin aritu izanak, ni nintzelako abeslari nagusia eta orain nire burua gai ikusten dut zuzenean taldea gidatzeko.

Azken urteotan musika estilo oso desberdinak jorratzen dituzten proiektuetan aritu zara. Estiloen aniztasun hori diskoan nabaritzen da?

Bai, neurri batean. Disko honetan musika estilo desberdinak entzun daitezke eta hori nire gustu musikalen isla da, denetarik entzuten dut eta diskoan dauden kantuetan ere estilo desberdinak nabarmendu daitezke.

Diskoa egiteko garaian hainbat lagun izan dituzu kolaboratzaile modura, baina agian horietatik Israel Monzoncillo eta Ernesto Maestro azpimarratu beharko genituzke, ezta?

Bai. Israel eta Ernestorekin ekoiztutako diskoa da, hiruron artean egindako diskoa da nahiz eta aurpegia nik ipintzen dudan. Horretaz gain, kolaboratzaile pila izan dut diskoan; Sorkunek ahotsekin lagundu dit, Bigie Mok ere olof hizkuntzan abesten du, Jon Urrutia pianoan aritu da, Borja Berrueta baterian, Gorka Escauriaza baxuan, eta gero Travisen scratchak eta Fermin Muguruza eta Kontrabandako jende guztia dago. Oso pozik nago eta asko eskertzen diet guztiei emandako laguntza.

Musikari asko izan dituzu lagun, baina horrelako musika estiloak jorratzen dituzten diskoetan geroz eta musikari gutxiago aritzen dira, erritmo kaxak, sanplerrak eta konputagailuek musikarien lekua hartu dute.

Bai, baina niretzat musikariak dira inportanteena. Letrak eta ahotsak edonork sartzen ditu, baina zenbat eta musikari gehiagok parte hartu orduan eta osatuagoa izango da emaitza eta borobilagoa ematen duzun ikuskizuna.

Zuzeneko emanaldietarako ere inportantea izango da musikarien presentzia, baina ahots gehienak zuk sartu dituzula kontutan izanda, nola moldatuko zara zuzenean?

Egia da diskoan Sorkunekin grabatutako kantuetaz gain, ahots gehienak nik sartu ditudala, baina zuzenekoetarako lagun bat edukiko dut ondoan eta berarekin egingo ditut koroak.

Diskoa Garate estudioetan grabatu duzue eta Kaki izan da soinu teknikaria. Kontutan izanda Kakiren ibilbide musikala, nola moldatu da zuena bezalako musika estilora?

Kaki profesional handia da eta oso ondo moldatu da gure musikara. Esperientzia handiko musikaria da eta denbora osoan egon da aholkuak ematen. Letrekin ere lagundu digu, bizkaiera txarto geratzen zela esaten zigun brometan eta nola esan behar genuen esaten zigun. Oso ondo moldatu gara berarekin.

Diskoa kalean da dagoeneko eta orain promozio lana eta kontzertuak ematen hasiko zarete. Dena den, Euskal Herrian horrelako musikak duen oihartzun txikia ikusita lan handia dago oraindik egiteko. Euskal Herrian baino kanpoan arrakasta gehiago izan dezakeela uste duzue?

Guk lantzen dugun musika ez da oso ezaguna Euskal Herrian eta gutxiago euskaraz egiten bada, baina Euskal Herrirako diskoa egin dugu eta gero hemendik kanpo entzuten bada primeran.

Askotan esan da euskara oztopoa dela kanpora irteteko garaian. Ados zaude horrekin?

Ez dut uste. Ferminek euskaraz kantatzen du eta kontzertuak mundu osoan zehar ematen ditu. Nik erdaraz abesteko aukera izan dut beti baina euskaraz egiten dut.

2004, EKAINA-UZTAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.