Tokadiskosa erretzeko artefaktua.
Nerd itxuradun musikari kaliforniarraren bigarren zazpi hazbetekoa da honakoa. Aurrekoak,
Some Place / That Place (Pres Records), aho bete hortz utzi gintuen. Izan ere, 50eko hamarkadako estilo beltzen jarraitzaileentzat ikaragarrizko sorpresa izan zen
Some Place mambo kutsuko rhythm and blues doinu koipetsu bezain dantzagarria entzutea.
That Place, berriz, bere bikiaren bertsio goxoagoa zen.
Bigarren lan honek, ordea, ez dio lehenengoaren mailari eusten ezinezkoa baita horrelakorik erdiestea. Dena dela,
Is that Clear pieza bizi-bizia da, gitarrak eta pianoak bultzatua, saxoak apaindua eta emakumezko koruekin konpondua. Bigarren aldeko
I Can Only Give You Evertyhing, berriz, kantu lasaiagoa da, Belgikan sorturiko popcorn estilokoa. Patroi errepikakor sentsual eta dotorea da honetan nagusi, gitarra solo iradokitzailearekin batera. Grabazioari dagokionez, 50eko hamarkadako singleen soinu zahar berbera zabaltzen du, horretan Waterhouse magoa baita.
Antzinako erritmo beltzak berreskuratzen ari diren musikari-arkeologoen harira, harritzekoa ere bada
Derriere talde ingelesa, Waterhousen emakumezko bertsioa baitirudi. Nik dakidala zazpi hazbeteko bi dute, azpimarragarriena lehendabizikoa,
Battle Plan b/w Lay Me Down Low (Derriere Music), eta Bartzelonako The Excitements taldearen rhythm and soul jario elegantea birrintzeko ahalmena erakusten duena, gordinagoak baitira.