Gatos Bizcosen afixa batetik hartutako irudia. Egilea: Bunker Graphics.
Ez dira Navaroneko kanoiak, baina kalibre askotariko salba ederrarekin datorkigu Gaztelupeko Hotsak-ek, alegia, jazzean (Errabal azpizigiluaren bidez) eta bluesan espezializatutako etxeak
Oraingo honetan, blues eta rhythm & blues nazio musikaleko bost talde aurkeztu dizkigu. Euskal Herriko taldeekin hasiko gara.
Zuhaitz Zatitxuak Blues Band (ZZ Blues Band). Talde gaztea da (2011n eratu zen) eta dagoeneko euren lehen aurkezpen txartela argitara eman dute, taldearen izen bera daramanda. Zortzi kantu bildu dituzte, euskaraz eta ingelesez kantatuak, tartean bi bertsio: Muddy Waters-en
Hoochie Coochie eta ZZ Topen
La grange. Blues, r&b eta funk doinuak entzungo ditugu.
http://www.myspace.com/zzbluesband
Bluestock. Bluesari ez ezik, rockari ere heltzen diote, blues&rock koktel elektrikoa erdietsiz. Aurrekoak bezalaxe, lehen urratsak ematen ari den talde baten aurrean gaude. 2009an sortu zen Zarautzen. Berriki, EHZ festibalak antolatutako talde lehiaketan finalera iritsi dira. Beren lehen diskoak
Bi pauso du izenburua eta kantu propioz zein bertsioez osatua dago.
http://www.myspace.com/thebluestockThe Romanticos. Iker Pirisek (Tolosa, 1979) gidatzen duen talde honek 2009an ekin zion ibiltzeari. Blues, r&b, swing, rocka and rolla eta gospel doinuak entzungo ditugu taldearen lehen disko honetan:
My time. Bertsioak eta Iker Pirisen berezko konposizioak tartekatzen dira disko honetan, kantu beroak eta ongi bukatuak lortuz.
http://www.myspace.com/ikerpiris
Gatos Bizcos. Gaur mintzagai ditugun disko guzti hauen artean, gehien harritu gaituena "katu betokerren"
I can't believe my eyes izan da. Entzule mokofinenek gozatuko duten lan baten aurrean gaude. Bluesa dute euren estreinako diskoaren ardatza, baina badago r&b-esa, swing-a, soula, rockabillya... Gatos Bizcos-eko kideak eskarmetu dezentekoa dute beste talde batzuetan (Gene Taylor, Lou Marini, Red House, Depedro edota Josele Santiago), baina proiektua borobildu zuena Eddie C. Campbell blues maisua izan zen harekin egindako bira batean.
Diskoari zahar usaina dario, kolore ederreko soinu beroa dauka, eta ekoizpena guztiz egokia da. Berau entzun eta berehala, non grabatu duten eta nork ekoitzi duen begiratzera jo dugu. Dena doitasunez enkajatu du orduan: Sweet Vandals-eko baxu jole Santi 'Sweetfingers' Martin arduratu da Madrilgo Funkameba estudioetan teknologia zaharra erabiliz. Bikain.
www.myspace.com/losgatosbizcos
Julie Guravich & Victor Aneiros.
Back from the blues izenburuko diskoa da Kanadako Julie Guravich abeslaria eta Victor Aneiros Band-en arteko elkarlanaren emaitza. Blues eta r&b indartsua eta elektrifikatua lantzen dute disko honetan, non berezko kantuak eta bertsioak tartekatzen diren. Banda guztiak eta abeslariak kalitatea soberan badute ere, Manuel Gutierrezen pianoa eta Fran Reyren hammond organoa azpimarratzekoak dira.
www.youtube.com/watch?v=NgjO9zjIbw4