Erretratu liburuaren azala.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
William Stout idazle eta ilustratzaileak bluesaren soinua eta ondarea sortu eta garatu zuten gizon eta emakumeei gorazarre egin die
Legends of The Blues erretratu liburuan. Akuarelaz margotutako 100 erretratu bildu ditu.
Chuck Berry, Big Maybelle, Bo Diddley, Willie Dixon, Slim Harpo, Screamin' Jay Hawkins, John Lee Hooker, Ligtnin' Hopkins, Howlin' Wolf, Elmore James, Albert King, B.B. King, Memphis Slim, Amos Milburn, Johnny Otis, Big Mama Thornton, Big Joe Turner, Muddy Watters, Sonny Boy Williamson, Robert Johnson, Ma Rainey edota Billie Holiday dira William Stoutek margotu dituen legendetako batzuk.
Egilea artista bakoitzaren pertsonalitatea harrapatzen saiatu da, eta
emaitza koloretsu eta indartsua lortu du.
Robert Crumb-en eragina
nabaria da erretratuon estiloan. Stout jaunak berak aitortzen du
harentzako oso inspiragarria izan zela Crumben
Heroes of the Blues karta sorta.
Gainera, artisten profil bakoitza biografia batez lagundu du Stoutek. Musikari bakoitzaren hainbat kantu gomendatzen ditu baita ere eta egin zituzten kantuen bertsio ezagunenen zerrenda dakar.
Hori guztia gutxi balitz, 14 kantuko CD batek laguntzen du
Legends of The Blues erretratu liburua. Kantu zahar-zaharrak dira, Big Joe Williams, Bukka White edota Robert Wilkins-enak, besteak beste.
Legends of The Blues lan guztiz gozagarria da hasieratik bukaeraraino.