Joan den seihilekoan PLATERUENAren inguruko gogoetan aritu dira,
Durangaldeko elkarte, sortzaile eta kulturzaleekin batera, EHUko Parte
Hartuz ikertaldeak gidatuta.
ZILARBERRITZEN deritzon prozesu parte-hartzaile honetatik sei lerro estrategiko ondorioztatu dituzte. Honatx:
1) Proiektuaren transmisioa
Proiektuaren
etengabeko transmisioa ezinbestekoa da, jendarteak Plateruena gertu eta
bere sentitzeko. Horretarako proiektua konpartitu eta, Plateruena zer
den, zelan sortu zen eta zein helburu dituen transmititu behar da.
2) Elkargunea: elkarteentzako, sortzaileentzako, sortzaile emakumeentzako
Plateruenak
elkargune papera hartu beharko lukeela uste da bai elkarteen artean,
zein sortzaileen artean eta zelan ez emakume sortzaileen artean
bereziki.
3) Emakumeen presentzia
Ikuspegi feminista
antzokiaren jarduera guztietan eta egunerokotasunean txertatzea
beharrezkoa da. Gizarte ereduaren arazo moduan identifikatzen den arren
Plateruenaren inplikazioa eskatzen da horri aurre egiteko.
4) Komunikazio bideak ugaritzea
Prozesu
osoan komunikazioa sakonago landu beharra sarri aipatu da. Proposamen
bezala bi puntu nabarmendu daitezke: batetik gardentasunaren
garrantzia, eta bestetik komunikazio pertsonalizatua egiteko beharra.
Honekin
lotuta, komunikazio estrategiak interakziorako bidea zabaldu beharko
lukeela nabarmendu da, joan eta etorriko komunikazioa lortze aldera.
5) Askotariko diziplinak barneratzea
Musikak programazioa monopolizatzen duela aipatzen da. Beste kultur diziplina batzuk barneratu beharra dago.
6) Sortzaileentzako babes eta sustapen gunea izatea
Plateruena
kulturgintzarako gunea izanik sortzaileekiko laguntza harreman bat
eduki beharko lukeela ikusi da. Hauekin elkarlanean arituz, espazioa
eskainiz eta beraien intereserako ekimenak antolatuz.
Proposamen
guzti hauek aurrera eraman ahal izateko oinarrizko aldaketa bi
proposatzen dira: kudeaketa eredua aldatzea eta eraikinaren espazioa
egokitzea espazio berriak sortzeko.