Bonberenea egun
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Suhiltzaileen egoitza zaharretik hartu zuten izena. Ez ziren hala ere, ezer itzaltzera etorri, piztera baizik, ordutik Tolosako eta inguruetako eskaintza kulturala indartu eta zabaldu baitute, Euskal Herriko gaztetxeen artean erreferenteetako bat bihurtzeraino, autogestioaren bitartez 10 urtez bizitzerik badagoela egiaztatuz.
Honatx Bonbereneako kideek helarazi diguten oharra (zertxobait laburtuta):
1 Hamar urtetik hona izan duen bilakaera.
Bonbereneak, izena eman zion suhiltzaileen etxetik orain kokatzen
den etxera, bi kokaleku izan ditu. Lehen esperientziak Tolosako
gazteek eremu propioa izateko gogoa agerian utzi zuen. Orduko
Udaletxeak Bonberenearen ekimena ez zuen begi onez ikusi eta
irtenarazte bortitz baten ondorioz suhiltzaileen etxea eta baita
gazteon ametsak suntsitu nahi izan zizkiguten. Udal aldaketaren
ondoren Unipapel enpresarena zen eta udalaren esku zegoen etxe
unifamiliarra okupatu zen.
2 Funtzionamenduaren analisia.
Bonbereneak ez du ohiko biltzar egiturarik. Esparru ezberdinetakoak
diren lan talde banatuek naturalki hartzen dituzte erabakiak
beharraren arabera. Denei dagozkien gai nagusiak batzar
berezietan eztabaidatzen dira.
Funtzionamendurako ezarritako lehen baldintza autogestioa da.
Etxeko azpiegiturak osatzeko erabili den dirua antolatutako
ekintzetatik eskuratua izan da, horrela hurrengoak hobetuz.
Bonbereneak ez du diruarekin komertziatzen. Egiten den lanagatik
etxeko inorrek ez du dirurik kobratzen. Etxean parte hartzen duenak
bere denbora, gogoa, ilusioa... eskaintzen du etxeak aurrera egin
dezan. Dirua ez da helburua, bitarteko bat baizik.
Bonbereneak bi finantziazio era daramatza. Bata etxean sortzen
diren beharrak betetzeko eta bestea Bonberenea ekintzak bezala
ezagutzen diren proiektuak bultzatzeko: cd-ak, liburuxkak...
Bonbereneak sekula ez du diru laguntzarik eskatu ezta jaso ere.
Honek, autogestioaz askatasunez ikasteko aukera ematen digu.
Euskal Herri mailan beste taldeekin izandako harremanak:
Gasteizko gaztetxea, Arrasateko gaztetxea, Elorrioko gaztetxea,
Tolosaldeko gaztetxeak, Euskal herriko bertsolari elkartea,
Hondarribiko Psilocybe musika elkartea, Txantreako Akelarre kultur
elkartea, Plateruena kafe antzokia, Gaztetxe martxa, Gure irratia
(Baiona), 18/98 auziperatuak, Irungo aek, korrika, Hala bedi
irratia, Herri irratia (Donostia), Bera-ko Ertz! Jaialdia