Liburuaren azala.
40tik gora erreferentzia argitaratu dituzte azken urteotan, liburuak eta DVDak tartean. Ospatzeko, edo bederen, egindakoaren testigantza grafikoa eta soinuduna izateko, 2002-2012 Doinuen hamarkada izenburuko liburua argitaratu dute.
Bonberenea Ekintzak plataformak hamar urte bete ditu. Urte oparoak izan dira: "Elur bola txiki zena bolatzar bilakatu da", diote argitaratu berri duten
2002-2012 Doinuen hamarkada liburuaren hitzaurrean. Hain zuzen ere, liburu hau Bonbereneako estudiotik eta eszenatokitik pasa den guztiaren atzera begirada bat da, Bonberenea Ekintzak-en historia, azken finean. Horregatik, besteak beste, argitaratutako material guztiari errepasoa egiten diote eta bertako estudioko arduraduna izandakoari,
Txapi alegia, elkarrizketa egiten diote ere.
Liburuak gainera, ikus-entzunezko atal inportantea jasotzen du: Batetik, argitaratutako disko bakoitzetik kantu bat hautatu dute (38 kantu guztira bi CDtan banatuta). DVD biek berriz, azken urteetako zuzeneko batzuk eta estudiotik pasatako zenbait taldeen bideoklipak dakartzate.
CDetan zein DVDetan ondoko taldeak aurkituko dituzue, besteak beste: Glaukoma, Kuraia, Peiremans+, Anger, Yakuzi, Fiachras, Petti, Eraso!, Anestesia, Izaera, Estricalla, Deabruak Teilatuetan, Willis Drummond, Berri Txarrak, Lif, Zea Mays, Matxura, Ama Say, Inoren Ero Ni, Desordutan...