entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
Sagardantza 2014-10-09

Berri Txarrak-en estilo ariketa disko hirukoitzean

'Denbora da poligrafo bakarra' izenburupean, 20 kantu bildu dituzte, hiru ekoizle arras desberdinekin landutakoak: Ross Robinson, Ricky Falkner eta Bill Stevenson

Berri Txarrak. Berri Txarrak.
Lotura erlazionatuak
Lan berria azaroaren bukaeran kaleratuko da, taldearen Only In Dreams zigilu propioaren babesean.


Modu batean, eta aldeak alde, Raymond Queneauren Estilo Ariketak liburu bikaina gogora ekarri digu Berri Txarrak-en proiektu honek. Ez ditugu diskoak bilduko dituen hogei kantuak entzun, hortaz ezin dugu ezer gehiago erantsi, baina hiru ekoizle desberdinekin lan egin izanak eta Berri txarrak-ek aurreratu dituen pistek ideia horretara eraman gaituzte.
Esaterako, zabaldu duten bigarren aurrerapen kantuak (Lemak, aingurak) zer esana eman du, daukan pop aldaera dela eta. Bai, orain arte ohituta geunden "btx soinuarekiko" desberdina da oso (nahiz eta taldearekin batera bere soinua ere etengabe eboluzionatzen joan den; bistakoa da lehen diskotik azkenera dagoen aldea), baina taldekideen musikazaletasun izugarria (Gorka Urbizu adibidez, musika irenslea dela badakigu eta askotariko estiloen zalea ere) ezagutzen dutenak ez lirateke, modu batean, harritu behar.
Komunikabideetara helarazi duten prentsa-oharrean argi adierazi dute gainera: "Musika etengabeko bilaketa dela sinetsita, baina, bagenuen beste asmo bat: lan berriko abestiak hiru zatitan banatzea: hiru ekoizle arras ezberdinen eskutan jartzea, rocka ulertzeko hiru molde, hiru ikuspuntu (ia) kontrajarri, ez bada kantuaren alde egiten dutela denek".
Eta zer esan disko berriak sortu duen ikusminaz? Ordu gutxitan Badok atarian 20.000tik gora entzunaldi izan dituela txiokatu du Berri Txarrak-ek twitterren (Youtuben 11.000 bistatik gora izan ditu dagoeneko).

Esan bezala, Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza izango da (LP formatuan ere argia ikusiko du): "20. urteurrena ospatzeko zerbait berezia eskaintzeko gogoa piztu eta Haria bira amaitu orduko kantu berriak lantzen hasi ginen. Sortze prozesu luzeari hasiera eman genion hala, 20 urte 20 abesti leloa buruan iltzatuta", azaldu dute Berri txarrak-ekoek.

bidali zure berria Bidali zure berria
GRABAKETA SAIOAK BTX-EN HITZETAN

  • #BTX20URTE01: ROSS ROBINSON @ Venice, Kalifornia-AEB (Martxoa-Apirila):
"Haria (2011) diskoaren grabaketan piztu zen elkarrenganako lilurak Ross Robinson-BTX elkarlan artistikoan urrats berri bat ematera eraman gintuen. At The Drive-In, Slipknot, The Cure eta abar luze batekin lan egindako ekoizleak alderdi emozional eta hare espirituala lehenesten ditu, musikariaren erraiak hatz puntekin ukitu eta tripetatik egindako interpretazioen bila beti".
  • #BTX20URTE02: RICKY FALKNER @ Estudios Reno, Madril (Uztaila-Abuztua):
"Estilo-ariketa honetan, abesti sorta berezia prestatu genuen bigarren EP-rako, aurreiritzi guztiak alboratuta. Indie eszenan ezaguna den Ricky Falkner (Standstill, Lori Meyers, Love of Lesbian) Bartzelonako ekoizlearen atea jotzea erabaki genuen, gure ohiko soinukera (horrek inongo zentzurik badu) beste norabaitera eramango zuelakoan. Hitz ilunkarak nagusi kantuon oinarrian".

  • #BTX20URTE03: BILL STEVENSON @ The Blasting Room, Fort Collins, Colorado-AEB (Iraila):
"Punk rockaren historian ezinbesteko izena dugu Bill Stevenson: Black Flag, Descendents, All, Only Crime eta baita The Lemonheads taldeetan bateria jotzaile, ezaguna da azken urteotan AEB-ko punk ekoizle gisa egindako disko andanarengatik: Rise Against, NoFX, Alkaline Trio... Jason Livermore ingeniaria beti alboan duela.
EP honetan kantu laburrak eta zuzenak dira nagusi: bi minutu inguruko bala azkarrak oro har, The Blasting Room estudio mitikoan gela berean, estilo zaharrera astebetean grabatu eta nahastutakoak".

Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.