entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Gotzon Hermosilla 2009-11-05

ESKORBUTO bizitzarik makabroenak


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Eskorbuto bideo omenaldia.
Elkarrizketa + Cuidado
Antitodo
Urte asko dira Eskorbuto desagertu zenetik, eta badirudi Santurtziko taldeak inoiz baino ospe eta jarraitzaile gehiago daukala. Mitoa gehiago elikatzeko inolako asmorik gabe, hona hemen Eskorbutoren ibilbidearen laburpena, ikuspegi pertsonal batetik idatzia. Taldeak utzitako lorratzak hori eta gehiago merezi du.

70etako hamarkadaren amaieran, Bizkaiko itsasadarrari sorturiko tumore gaiztoa zen Ezkerraldea. Aurreko urteetako industrializatze basatiaren eta espekulazio eroaren ondorioz, milaka langile, etorkinak horietako asko, eta haien seme-alabak auzo baztertuetako etxeetan pilatzen ziren. Kutsadura zela-eta, arnas aparatuaren gaixotasun tasa Europako altuena zen alde horretan, eta krisi ekonomikoaren eta Euskal Herriak pairatzen zuen errepresio bortitzaren eraginak ere nabariak ziren. Hurrengo urteetan, industriaren eraispen prozesuak egoera okerragotu baino ez zuen egin. Gazte askoren etorkizuna langabezia, delinkuentzia eta marjinazioa zen.

Leku eta garai horretako semeak ziren Eskorbutokoak. Auzo marjinal bateko hiru gazte, umetatik poliziaren jazarpena, droga eta bortizkeria bertatik bertara ezagutu zituztenak, eta haien frustrazioei rockaren bitartez bide eman zietenak. Punkarekin loturik gelditu dira betiko (nahiz eta Josu Expositoren eragin muskalik handiena The Who eta New York Dolls izan), baina haien musika moda, etiketa eta joera guztia baino harago zihoan. Punka inoiz existitu izan ez balitz, Eskorbutok asmatuko zukeen. Benetakoak ziren, gordinak, egiazkoak. Bizi ziren moduan jotzen zuten, eta, haientzat, rocka eguneroko bizimoduaren luzapena baino ez zen. Eta horrek, jakina, askoren estimua eta beste askoren gorrotoa ekarri zien.

80etako hamarkada jaio berria zenean sortu zen Eskorbuto, Santurtziko kaleetan. Josu Exposito Zaramakoekin ibilia zen (talde horren lehenengo LP-an dagoen Agur betirako kantua idazten parte hartu zuen, kredituetan agertzen den moduan) baina laster sentitu zuen bere kasa ibiltzeko gogoa, eta talde berria sortu zuen. Izan ere, Zaramako abeslari Roberto Moso izan zen talde berriaren izena iradoki zuena: Eskorbuto Eskizofrenia Rock (laster laburtuko zuten, eta Eskorbuto bilakatu).

Laster hasi zen musikarien bila. Baxuan Laiki eta Seni ibili ziren (azken hori, 091 Euskal Herriko lehenengo punk taldeko kide izandakoa: 2007ko ekainean hil zen, Bilboko pub bateko zaindariek emandako jipoiaren ondorioz). Jualma Suarez abeslari gisa sartu zen, baina baxularirik gabe gelditu zirenean horri ere ekin zion. Bateria, berriz, Juan Miguel Gugu zen hasieran, baina laster Pakok hartu zituen makilak, eta horrela, osaturik gelditu zen historiara pasatu zen hirukotea.

Hasiera-hasieratik, Ezkerraldeko gazte moldagaitz eta marjinatu guztiontzat, Eskorbuto izen mitiko bilakatu zen. Guretzat heroiak ziren; basatienak, makarrenak, muturrekoenak. Haien ibilbideen eta polizia etxeetan emandako denboraldien oihartzunak gure belarrietara ailegatzen ziren, distortsionatuta noski, eta taldearen inguruko hamaika zurrumurru zebiltzan bolo-bolo, zein baino zein harrigarriagoa. Gehienak gezurra izango ziren, baina horrekin talde madarikatuaren ospea irabazten joan ziren. Denok maite genuen Eskorbuto. Haien izena horma guztietan idazten genuen, eta zuzenean ikusteko aukerarik ez genuen galtzen.


JODIENDOLO TODO
Bitxia da, baina Euskal Herrian inoiz grabatu den diskorik onena ez da diskoa, maketa baizik. 1983an Eskorbutok Jodiendolo todo izeneko maketa salgai jarri zuen, eta zaila da hitzetan azaltzea kasete txiki horretan metatzen den amorru eta grina. Han agertzen ziren, landu gabeko bertsiotan, taldearen hit guztiak: Mucha policia, poca diversin, Maldito pais, ETA, Escupe a la bandera Eskorbutok oso lan onak grabatu zituen bere ibilbidean, baina, nire ustez, hauxe da lanik onena. 2000 urtean, Eskorbutoren mito gero eta handiagoari atarramendua atera nahian, Skunk disketxeak mateka hori CD gisa argitaratu zuen, baina nahiko edizio txapuzeroa izan zen. Orain, zorionez, Brixton Records-ek maketa hori biniloan argitaratu du, jatorrizko bobinetatik abiatuta.

Madrilera egindako bidaia batean Spansuls disketxeko Pericorekin kontaktua egin zuten, eta horren ondorioa izan zen Eskorbutoren lehenengo diskoa: Mucha policia poca diversin hiru abestiko binilozko EP-a, euskal punkaren klasiko bat.

1983ko abuztuan berriro joan ziren Madrilera, irratietan elkarrizketa batzuk egin eta maketa apur bat mugitzera. Orduan, baina, Eskorbutoren norabidean eragin handia izango zuen gertaera jazo zen. Poliziak kalean geldiarazi eta maketak aurkitu zizkien. ETA, Maldito pais eta abarren letrak irakurri zituztenean, polizia etxera eraman zituzten, terrorismoaren apologia leporatuta. 36 ordu geroago askatu zituzten.

Salaketak ez zuen aurrera egin, baina espero gabeko ondorioak izan zituen. Euskal Herrira itzulita, Eskorbutokoak kexu agertu ziren zenbait elkarrizketatan, Amnistiaren Aldeko Batzordeak haien auziaz arduratu ez zirelako, eta hitz gogorrak bota zituzten ezker abertzalearen kontra. Abesti bat ere egin zuten horren inguruan, A la mierda el Pais Vasco. Horrek asko gaiztotu zuen Eskorbutoren eta ezker abertzalearen sektore batzuen arteko harremana. Handik gutxira, Herri Batasunak Martxa eta borroka kanpaina abian jarri zuenean eta RRV izeneko mugimenduak eztanda egin zuenean, Eskorbutokoek gogor kritikatu zuen hori, eta, azkenean, bazter batean gelditu ziren. Bitxia izan zen: dudarik gabe, Eskorbuto izan zen 1985etik aurrera Euskal Herri osoan garatu zen mugimendu haren aitzindari nagusiak, baina kontzertu jendetsuak, grabazioak eta dirua ailegatu zirenean, pastelaren zatirik gabe gelditu ziren. Destinu petrala.

Polemikak polemika, Eskorbutok Bizkaiko gazte errebelde guztien talde kutuna izaten jarraitu zuen, eta ika-mikak Eskorbutoren aldekoak indartu eta gotortzea baino ez zuen ekarri. 1983ko amaieran zenbait abesti grabatu zituzten, pare bat urte geroago Zona Especial Norte maxian agertu zirenak RIPen lau abestirekin batera. 1984ko ihauterietan, kontzertu gogoangarria egin zuten Bilboko Unamuno plazan. Inguruko punk guztiak han egon ginen, Eskorbutok inoiz eman duen kontzerturik onenetako bat ikusten, eta handik gutxira grabazioa maketa gisa jarri zuten salgai, Que corra la sangre izenpean. Maketa hori ere CD gisa agertu zen Eskorbuto desagertu eta urte batzutara.

Kontzertu hura, eta beste batzuk, ikaragarriak izan ziren (1984ko Aste Nagusian eman zutena, esaterako), baina bestelakoak ere izan ziren. Izan ere, droga gogorrak hasiak ziren Eskorbutoren ibilbidea oztopatzen. 1985eko uztailean, Barakaldoko jaietan jotzekoak ziren, baina kontzertura Pako eta Josu baino ez ziren agertu, Jualma ospitalean baitzegoen. Josuk sekulako zepelina zeraman, eta, erdi negarretan, iragarri zuen Jualma hilzorian zegoela eta kontzertua hari eskainia zela. Jotzen hasi ziren, baina handik minutu erdira, Josu agertokitik erori zen, eta han amaitu zen kontzertua. Punk guztiek animoak eta besarkadak ematen zizkioten Josuri, eta Eskorbutoko gitarrajolea negarretan urtu behar zuela zirudien. Nire bizitzan inoiz ikusi dudan kontzerturik laburrena izan zen hura, baina eztarrian egin zitzaidan korapiloa ez zait oiraindik desegin.


YA NO QUEDAN MS COJONES
Urte berean, 1985ean, lortu zuten haien lehenengo LP ofiziala kaleratzea: Eskizofrenia. Aurreko urtean grabatu zuten Pan-pot estudioetan, eta Twinsek argitaratu zuen. Finean, ordura arte Eskorbutok idatzitako abesti gehienen bilduma da, 18 kantu labur eta zuzen, bateria elektronikoa erabiltzeak indar apur bat kentzen dien arren.

Baina Eskorbutoren ibilbidearen gaina (diskografia ofizialari dagokionez) hurrengo urtean heldu zen: Antitodo, benetako maisulana, aurrekoa baino soinu trinkoagokoa, eta Eskorbutoren heldutasuna markatzen duena. Discos Suicidasek kaleratu zuen.




Eskorbutoren hurrengo abentura xelebre samarra izan zen. 1986an hauteskundeak zeudela baliatuta, Espainiako parlamentura beren burua aurkeztea erabaki zuten. Azkenean ez zuten lortu, baina sinadurak bildu zituzten eta kartelak ere argitaratu zituzten. Osagarri gisa, kasete bat kaleratu zuten, Ya no quedan mas cojones, Eskorbuto a las elecciones , letra arriskutsuak izateagatik aurreko diskoetatik kanpo gelditu ziren zenbait abestirekin (Escupe a la bandera, Maldito pais) kantu berri batzuekin batera. Kasetea fantzine batekin zetorren, eta hori ere CD gisa berrargitaratu zen 90etako hamarkadan.

Ibilbide gorabeheratsu horren ostean, zuzeneko bat ateratzeko garaia heldua zen. Grabazioa etxean egin zuten, Santurtziko institutu batean, 1986ko urriaren 18an. Han egon ginenok segituan konturatu ginen taldea, hasierako ostia txarraren zati handi bat mantentzen zuen arren, bizimodu basatiaren ajeak nozitzen hasia zela (zuzeneko grabazioa eta Que corra la sangre-koa alderatzea besterik ez dago horretaz konturatzeko). Disko bikoitza DROk argitaratu zuen handik gutxira, Impuesto revolucionario izenpean, eta, edozein modutara, Eskorbutoren une hartako dokumentu garrantzitsua da. Eta, beti bezala, polemikak zizpriztindu zuen: kontzertuaren ondoren, informazio bat agertu zen prentsan, esanez Eskorbutoren jarraitzaileek txikizioa egin zutela institutuan, han egon ginenok ikusi ez genuen txikizioa, bide batez esanda.

Une hartan hasten da, nire ustez, Eskorbutoren gainbehera. Hortik aurrera argitaratu zituzten lanetan, nola ez, abesti eta ideia onak daude, baina ez dira aurreko disketako mailara heltzen, eta dispertsio handia eta ideia on horiek gauzatzeko zailtasunak nabaritzen dira. Paradoxikoki, horiek dira Eskorbutoren zale gazteagoek gehien ezagutzen (eta baloratzen) dituzten lanak, zenbait lege arazo direla-eta Impuesto revolucionario aurreko lanak eskuratzea zail samarra delako.

1987an Los demenciales chicos acelerados disko bikoitza argitaratu zuen Discos Suicidasek. Disko kontzeptuala zen, rock opera baten modukoa, narrazio ildoari jarraitzea zail samarra bada ere. Kantu batzuk balekoak baino ez dira, baina abesti ikaragarriak ere badaude, eta zenbait kantu zahar ere berreskuratzen dituzte, Ratas rabiosas, Hipocritas edo Enterrado vivo, esaterako.

Beste bi disko argitaratu zituen Eskorbutoren betiko formazioak: Las mas macabras de las vidas (Buto Eskor, 1988) eta Demasiados enemigos (Matraka, 1992). Biak ala biak nahiko lan motelak dira aurreko diskoekin alderatuta, baina disko horietan atentzio gehien ematen duena trsitezia, nekadura eta etsipen giroa da. Ordurako, heroinak oso ataka estuan jarria zuen taldea, eta amaiera gertu ikusten duenaren mingostasuna nagusitzen da kantu gehienetan.


ESKORBUTOREN AKABERA
Izan ere, 1992ko maiatzaren 31n hil zen Josu Exposito, gaixotasunaren kontra urte luzez borrokatu ostean. Jualmak eta Pakok taldearekin aurrera jarraitzeko gogoa adierazi zuten, baina urte bereko urriaren 8an Jualma Suarezen txanda izan zen.

Gutako askorentzat, orduan amaitu zen Eskorbutoren ibilbidea. Taldearen izenez, ordea, disko gehiago argitaratu zen. Pako Urko gitarrajolearekin (Josu hil ostean gainerakoekin entseatzen ibili zena) eta Gato baxulariarekin batu zen, eta Jualma hil baino lehen prestatutako zenbait abesti grabatu zituzten Aki no keda ni dios (Basati, 94). Istorioa beste bi diskotan luzatu zen, Kalaa (96) eta Dekadencia (98).

1992tik hona, Eskorbutoren itzala handitu besterik ez da egin. Disko asko berrargitaratu da, disko berriak agertu dira, batzuk nahiko txapuzeroak (lehenengo maketaren argitarapena, esaterako), beste batzuk maitasunez onduak (2003an lagun batzuek kaleratu zuten EP pirata), eta batek baino gehiagok mitozalekeriaren arriskua ikusi du boom horretan.
Brixton Recordsek argitaratu du lehenengo maketa biniloan, eta horrekin beharbada Eskorbutoren diskografia osaturik gelditu da. Baina haiek utzitako hutsunea beti bezain nabaria da, eta hala izango da beti. Horren lekuko, 2007ko ekainean, Santurtzin, Josu Expositoren heriotzaren 15. urteurrenean, omenaldira bilduriko 5.000 lagunak. Etsai gehiegi izan ei zituzten, baina adiskide ugari ere bai.

 
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.