Ramones etengabe aritu ziren jotzen. Beren ibilbide luzean 2.263 kontzertu egin zituzten, eta mundu osoa goitik behera zeharkatu zuten hainbat aldiz. Euskal Herrian ere izan ziren, jakina: 80ko hamarkadan hainbat aldiz jo zuten Anoetako kiroldegian (oraindik ere oilo ipurdia jartzen zaigu kontzertu haiek gogoratzean), beti ere arrakasta itzelarekin: 1989ko otsailean eman behar zuten kontzerturako sarrera guztiak agortu ziren, eta, azkenean, bi emanaldi egin behar izan zituzten, otsailaren 11 eta 12an. Horrez gainera, Portugaleten ere jo zuten, baina CJren garaian eta Dee Dee gabe. Bakarka edo beste taldetan ere, Ramone familiako kideak gurean izan dira behin baino gehiagotan. 90eko hamarkadan Dee Dee Ramonek kontzertu lotsagarri bat egin zuen Bilboko En Canal aretoan: garai hartan Dee Dee drogen menpe zegoen, taldea ere hala moduzkoa zen eta emanaldia desastre hutsa izan zen. Marky Ramone ere pare bat aldiz etorri zen The Speedkings taldearekin batera (Moganbon eta Bilborocken), eta azkeneko aldiz Misfitsekin jotzen ikusi dugu. Ramonesek euskal zale ugari izan dituzte beti, baina, bitxia bada ere, euskal taldeetan izan duten eragina oso mugatua izan da, hasiera batean behintzat. RRV izenekoan eta, oro har, 80etako taldeen artean, musikari gehienek Erresuma Batuari begiratzen zioten, eta hango taldeetatik edaten zuten (Clash, Stiff Little Fingers, Angelic Upstarts, Specials