Neska-mutil hauek duten merituaren berri ez da inoiz egunkari, irrati edo telebistetan ageriko, baina bai, meritu ikaragarria dute. Gaur egun arte hilabetekaria izan da eta orain bihilabetekaria izatera pasa da. Egindako lana eta esfortzua mirestekoak dira, ilusio itzela, eta guzti hau, noski, xentimo bat usaindu ere egin gabe. Orain pare bat urte pasatxo abiaturiko proiektua dugu Bando Punk Hernaniko punk-zale amorratu batzuen eskutik. Batik bat, Gipuzkoako punk eta oi! zaleen artean fanzine hau erreferente dugula esan genezake. Kontzertuen kronikak, albisteak, elkarrizketak, erreportajeak, txapelketa bitxiak... Denetarik aurki daiteke zenbakiak ateratzen joan ahala hazten joan den argitalpen honetan. Besterik gabe, zorionak eta eskerrik asko bi hilero opari eder hau egiten jarraitzeagatik.