Aurten Haizearen Orraziaren 30. urtemuga ospatzeko antolatutako kontzertu-ekitaldi ofizialak aurrea hartu badio ere, Jazz Band Ball-a izaten da Donostiako jazz jaialdiaren hasiera iragartzen duena. Ohi bezala, Kursaaleko terrazak eta Zurriolako hondartza jendez mukuru bete ziren, eguraldi eguzkitsuak eta musika eskaintza zabalak erakarrita. Ohiko eskemari jarraituta, hiru eszenatokitan barreiaturik joera askotariko artistak entzuteko parada izan zen, jazzetik bluesera, eta world music-etik musika elektronikora.
Hondartzako eszenatokian, nagusian,
THE SKATALITES arduratu zen giroa berotzeaz. Jamaikarren ska-reggae atseginak jendea dantzan jartzea beste helbururik ez du, eta lortu zuen, ordu batzuk geroago
GOTAN PROJECT taldeak eszenatoki berean lortu ez zuena. Eguneko izen nagusia zen eta jende asko erakarri zuen Parisko talde argentinarrak, baina zuzenean Argentinako folklorearen doinuak erritmo elektronikoekin uztartzeko proposamena, dotorea eta ondo burutua bada ere, eszenografiaren zuritasuna bezain hotza gertatu zen.
Bigarren egunean,
HADOUK TRIO-ren ezohiko jazzarekin