entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2104/02/19

Victoria Eugenia Club (Donostia) Mostly Other People Do The Killing

Jazz historiaren ezagutza sakona eta jotzeko abilezia apartaren gainetik, jarrera da Mostly Other People do The Killing taldea benetan berezi egiten duena. Bere diskoen azal eta izenburuak, jazzaren klasikoetan daude oinarrituak eta modu umoretsuz txantxa eta omenaldia nahasten dituzte. Barruan, estandar horien dekonstrukzio bat ematen dela esan genezake, doinu sinple jakin batetik hasiz, askatasun osoz aritzen baitira laurok estilo batetik bestera salto eginez eta tarteka hasierako doinura bueltatuz.

Beren Red Hot azken grabaketa kasu, AEBetako alkoholaren debeku garaietako jazzean du abiapuntua eta hard-bop eta free jazz hornidura eta pedal elektronikoen distortsioarekin nahastean eremu berri eta erabat ezberdinetara ailegatzeko gai da. Eta antzekoa esan daiteke 2003an elkartu zirenetik plazaratu dituzten Shamokin!!! edota This is our Moosic moduko diskoez, erreferentzia ezagunetik infinitora hedatzen baitira hauek ere.
Doinu guztiei Pennsylvaniako herri txikien izenak ematea, eta horren aitzakiaz asmakizun xelebre baino ez diren istorioekin lotzeak denbora-pasa entretenigarritzat har daiteke.
Baina laukotearen planteamenduan berebiziko garrantzia du xehetasun honek, materialarekiko urruntasun puntu bat ematen baitie, eta urruntasun horri esker ez dira omenaldi hutsalean geratzen. Materiala berea egiten dute eta ez dute begirunez beteriko erreprodukzio zintzo bat egiteko asmo izpirik. Lotsagabe eta adeigabe jokatuz jazzaren hats nekeza eta astuna berritzen saiatzen dira. Jarrera da bidea, jarrera da bizia eta jarrera da muina.



Hilaren 19an Victoria Eugeniako Klubera gerturatu ginenen artean ez dakit zenbatek ezagutzen zuten taldearen historia eta zenbat ziren kuriositatez edo gomendioren bat jarraituz etorri zirenak, baina denek ederki gozatu genuela iruditu zitzaidan. Erlaxatu eta umoretsu bezain kontzentratu eta serio aritu ziren Moppa Elliott baxuan, Kevin Shea baterian, John Irabagon saxoan eta Peter Evans tronpetan. Ohi duten estilo aldaketa eta interakzio azkarren barnean laurok izan zuten nabarmentzeko aukera.
Hala ere, Peter Evansen solo irudimentsuak txunditu ninduten gehien eta Irabagonekin osatu zituen elkarrizketa uneek kontzertuaren gailurra iruditu zitzaizkidala onartu behar dut.

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.