entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Liburuak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Liburuak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Koldo Almandoz 2013-04-10

Please Kill Me, The uncensored oral history of Punk Legs McNeil eta Gillian McCain

Liburuaren gaztelaniazko edizioaren azala. Liburuaren gaztelaniazko edizioaren azala.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Television taldean baxua jotzen zuen Richard Hell-ek, kamiseta zahar batean please kill me idatzi zuen. Taldeko Richard Lloyd gitarra joleak kontzertu batean jantzi zuen eta kontzertu amaieran, zale talde bat gerturatu eta zera esan zioten: Nahi baduzu egingo dugu, zuen jarraitzaile sutsuak gara eta pozik egingo dugu ondorioei erreparatu gabe. Inork ez zuen kamiseta hura berriro jantzi.


Richard Hell, Television eta Voidiods taldeetako partaide eta Blank Generation  ereserkiaren egileak, bere belaunaldiko askorentzat eredu izan ostean, punk mugimenduaren bide bazterrean geratu den beste pertsonaia horietakoa da. Please kill me liburua, mugimendu berriari izena eman zion Punk Magazine aldizkariko Legs McNeil eta Gillian McCain bere lagunek gauzatutako altxorra da. Eta gauzatu diogu, hitz berririk idatzi gabe, musika historiako libururik ederrenetakoa argitara eman dutelako. Hori da Please Kill Me interesgarri egiten duena hain zuzen ere, egile baten ikuspegia baino, garai hura bizi izan zuten pertsonaia ezberdinen ahotsak biltzen dituela. Liburuan aipatzen diren pasadizo askotan present egoteaz gain, hamaika elkarrizketa bildu eta aztertu dituzte liburua osatzeko. Dokumentazio lan luze eta aberats horren emaitza: gertakizun beraren inguruan protagonista ezberdinen ahotsak entzun ahal izatea. Aniztasun horrek eskaintzen digu, liburuan sakondu ahala, garai hartako protagonista bakoitzaren perfil poliedrikoa. Eta honi esker liburuari, nolabait esatearren, egia dario. Ahots asko dago. Punk mugimenduaren hastapenean zer esana izan duten musikari ia guztiak, senitartekoak, diskoetxetako negozio gizonak, senargai eta emaztegaiak, trapitxeroak, artista ezberdinak, kritikariak, managerrak, kazetariak, groupieak...

Entretenigarria, autokritikoa, desmitifikagarria, zorrotza eta harrapatzen zaituen narrazio adiktiboa da

Liburuak, punkaren sorrera gauzatzeko aurrekariak aipatzeaz gain, kronologikoki eta geografikoki kokatzen gaitu. New York hiriko Factory-n Andy Warhol eta enparauak ezagutuko ditugu. Velvet Undreground eta Lou Reed-ek sagar handiari kosk egiten zioten bitartean, Detroiten MC5-ekoak musika eta gizartea ulertzeko modu berriak asmatzen hasi ziren. Iggy Pop eta bere lagunak iritsiko ziren beranduago egurra astindu eta musika eta eromena gailur berrietara eramateko. New Yorkeko punk eszenan, egun santutegian dauden izenak biltzen hasi ziren: artista famatuen alboan azaltzeko gaitasuna zuen Patti Smith, Television, New York Dolls... eta adar hauetatik jaiotzen ziren kimu berriak euren zigilu eta izaera propioa ematen zioten punkari: Dictators, Dead Boys, Ramones... 
Liburuak jarraian, punkak Ingalaterrara eginiko saltoa kontatzen digu. Bertan, jakina denez, marketingari esker hein handi batean, punk-a oinazetsua eta intimista izateari utzi eta  bortxakeriaz eta exhibizionismoaz jantzi zen. Sex Pistols, The Clash...

Droga eta droga gehiago

80. hamarkadako punk festaren ostean, pertsonaia guzti hauen ajeak eta miseriak azaltzen dizkigu Please Kill Mek. Sexuaz, drogaz eta rock & rollaz gainezka egiten du liburuak: maitasuna eta gaixotasun benereoak, elkartasun uneak eta lagunarteko borrokak, droga eta droga gehiago. Denetarik dago, paradisutik infernurako bidean bezalaxe.
Edozein dokumentaletan gertatzen den moduan, objektibotasun biribilik ez da existitzen. Aukeraketa dagoen unean neutraltasuna ez da existitzen. Liburua ordea, ez da omenaldi bat edo garaiko gertakarien bilduma morbosoa. Entretenigarria, autokritikoa, desmitifikagarria, zorrotza eta harrapatzen zaituen narrazio adiktiboa da. Barrez lehertu araziko dizuten momentuak samurtasunez betetako beste batzuekin nahasten dira. Egileak, liburuko protagonistak ezagutzeaz gain, maite dituela nabari da.
Musika zalea bazara liburu honen irakurketarekin gozatuko duzu, punk zalea bazara ziurrenik irakurri duzu eta artikulu hau soberan duzu eta Patti Smith aldare batean duen jarraitzaile horietakoa bazara, eta izaten jarraitzeko asmoa baduzu, Please Kill Me ez da irakurketa gomendagarria.

Patti Smith aldare batean duen zale horietakoa bazara, eta izaten jarraitzeko asmoa baduzu, liburu hau ez da irakurketa gomendagarria

Adinean gora goazenontzat eta mugimendua ezagutu genuenontzat, adinaren perspektiba baliagarria zaigu (bertan kontatzen diren gauza asko Euskal Herrian ere gertatu zirelako) punk guzti hauek esperimentaziorako, probokatzeko, arauak hausteko, dibertitzeko eta potroak ukitzeko gogoz zeuden nerabe harroxko eta ausartak zirela jabetzeko. Gazte izan ginenok ez dugu gazte izateko beste modurik ulertzen. Zorte ona eta txarra izan zuten. Ona, errepikaezina izango den garai bat bizi izan zutelako. Txarra, protagonista askorentzat, garai hura "bizi" izan zuten azkena izan zelako.







bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.