entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Ion Etxebarria 2011

BERRI TXARRAK – 2011/01/07 – Kafe Antzokia (Ondarroa)

Argazkia: Gauilunak - Saioa Cabañas. Lizentzia: CC Argazkia: Gauilunak - Saioa Cabañas. Lizentzia: CC

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Egun, Euskal Herrian bogan dagoen taldea dugu Berri Txarrak. Gurean eskaintzen duten kontzertu bakoitzeko sarrerak agortzen dituzte, eta Ondarroan gertatu bezala, maiz, bi kontzertu jotzera behartuta ikusten dira sarrerak lortu ez dituzten zaleak asetzeko. Eta hala ere, bi egunetan bete ohi dute aretoa, zaleak ugari baitira.


Lekunberriko hirukotearen azken urteotako bilakaera izugarria izan da, gurean gutxik izan dutenaren parekoa. Apenas egon dira geldirik, batik bat Jaio.Musika.Hil disko arrakastatsua kaleratu eta ondoren munduan barrena hirukote gisa burututako bira ia amaiezinarekin. Egun, Gorka Urbizu dugu taldeko kide sortzaile bakarra, izan ere Payola diskoa grabatu aurretik David Gonzalez deustuarra (Evirus 69, PiLT, Cobra) batu zitzaien eta uda ostean berriz, Dut eta Kuraia taldeetan bateria astintzen aritutako zein Entzun! aldizkariko kolaboratzaile dugun Galder Izagirre igo zen txalupara beste bidaia bati ekiteko prest. Gabon inguruan Euskal Herrian izan da taldea (Bilbo, Elgeta, Anoeta, Hatortxu Rock, Bonberenea, ...) eta bide batez Gor diskoetxeak berriki kaleratu duen Denak ez du Balio, singles 1997-2007 disko eta dvd-a zaleen aurrean aurkezteko aukera izan dute. Azken lan horrek, bozka bidez zaleek aukeratutako 22 abesti jasotzeaz gain, “Zertarako amestu” dokumental arrakastatsua biltzen ditu.

Ondarroako bigarren kontzertuari dagokionez, emanaldi bikain batez gozatzeko aukera izan genuela esan dezakegu. Aretoa topera egon arren, ez zen leku faltarik eta bolumena ere neurri egokian zegoen. Taldeak barrenak hustu zituen, gustura ikusi zitzaien, irribarre konplize ugari egon zen beraien artean eta koordinazioa uneoro. Taldeko gidaria Gorka den arren, David oso eroso ikusi genuen, koruetan bikain, baxua pasioz astinduz eta ikusleria uneoro zirikatuz. Eta zer esanik ez Galderren inguruan! Hirukoteak ikuskizun bikaina eskaini zigun.

Gaua Nafarroa Garaiko Presidente itsuari eta bizi garen lur txiki eder honi abestuz ekin zioten, hurrenez hurren Stereo eta Izena, izana, ezina kantuen bitartez. Ikusleak berotu hala, hirukoteak Payola lanetik makina bat abesti jo zituen: Dortoken mendea, Payola, Achtung!, diskoa zabaltzen duten Folklore zein Gure dekadentziaren onenean eta beste asko. Eta abesti berri hauekin uztartuz, Zertarako amestu, Elorrion ospatutako Gazte Topagunerako sortutako Bisai Berriak, Rise Against taldeko Tim McIlrathen laguntza izan zuten Denak ez du balio, publikoa saltoka jarri zuen Ikasten, Bidehuts zigiluak Mikel Laboaren omenez argitaratu duen Txinaurriak diskorako grabatu duten Liluraren kontra eta beste asko. Bisetan berriz, Herrialde Katalanetako KOP taldearen Sols el poble salva al poble, Payola disko berriko eta Gerra Zibilak eramandako ehunka ahaztuak gogorarazteko ezinbesteko den Maravillas kantu borobila eta Oihu apurtzailea, hurrengo egunean taldeak Hatortxu Rocken zita zuela gogoraraziz. Izan ere, Gorkak abestu bezala, “Norbaitek oroituko ditu etorkizunean ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak ...”.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.