entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Asier Leoz 2003-10-02

IGGY POP benetako mutiko basatia

I wanna be your dog I wanna be your dog

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bizitza pixkanaka hiltzen gaituen hori baldin bada, Iggy Pop bizirik egotea kontraesana da. Inor gutxik erretzen du segundo bakoitza berak bezala. Azkar bizi, gazte hil eta hilotz ederra utzi, zioen esaldiak. Iguanaren auto-suntsitzeak 35 urte dirau eta, Gasteiz lekuko, oraindik ere luzerako dauka.

James Jewel Osterberg jaunari (Michigan, 1947) ia beti lotura bikoitza egin zaio automatikoki: hard rock musika batetik eta punk jarrera bestetik, baina Iggy Pop-en munduan, berak bilatuta ala ez, pisu handiko beste konexio asko ere topa dezakegu. Jarraian haietako batzuei begiratuko diegu azaletik besterik ez bada ere: Berlin, The Stooges, John Waters, The Mission... eta guztien gainetik David Bowie. Denek osatzen dute Iggy Pop.

Badira hamabost bat urte Iggy Pop-ek ateratzen dituen diskoak kontzertu gehiago emateko aitzakia baino ez direla. Eta emanaldien ostean beti galdera berbera: Noiz arte izango da giharrak horrela astintzeko gauza? Iggy Pop basatia da. Beti izan da horrela, The Stooges taldearen agerraldi bakoitza gerra zen, Metallic K.O. zuzeneko diskoan jaso zen bezala (musika baino argiago entzuten dira beirazko botilak eszenatokiaren kontra). Punk olatuak ekarritako Do It Yourself goiburua berea egin zuten, jotzeko gaitasunaren gainetik amorrua jarriaz. Orduan hasi zen egun mitozaleak asetzen dituen topikoetako bat, rock musikak berean dauzkan hainbatetatik bat: Iggy basatiarena. Iggy Pop beira zati batekin bularra urratzen, izerdia eta odola bistan jendeari begira eta barrez, edozein rock entziklopediatan azaltzen da bosgarren alera iritsi orduko. Eta irudi horrek beti jarraitu du Iggy Pop, onerako eta txarrerako. Bere kontzertuetan beti Iggy berbera azaltzen da, jendeak hori ikusi nahi duelako akaso, batek daki. Edozein kasutan, eta bere emanaldietan bere burua parodiatzen duela leporatzen dionik bada ere, Iggy Pop artista Iggy Pop ikonoaren barruan giltzaperatuta dagoela, beste askok uste dute Iggy horrela dela, eta modu berean mugituko litzatekeela inor begira izango ez balu ere. Hori uste dutenen artean David Bowie dago.

BOWIE, LAGUN ZINTZOA

Bi artista hauen ibilbideak lotuta joan dira ia beti. Elkarri miresten diote, elkarri eragin diote musikalki, baina laguntza eske ibili dena beti Iggy izan da eta Bowiek beti eskura zuen guztia egin du beragatik. Raw Power diskoaren porrotaren ondoren, The Stooges taldea bananduta, Iggy beherak jota zegoenean, sosik gabe eta gorputzari jasan zezakeena baino egur gehiago emanda, ingelesak bere etxean tartea egin zion. Garai hartan Bowie Berlinen bizi zen, eremu artistikoan arrasto sakona utzi zion hirian. Beste askori gertatu bezala (Lou Reed kasu) egunak labur eta gauak luze bizitzen zituen gizartean, doinu sintetizatuek zuten presentziak eragin nabarmena utzi zion David Bowie-ri. Han, Berlinen, bi lagunek elkarri lagundu zioten euren karrerak zutitzen. Iggy Pop-ek adorea zuen eta David Bowiek ideia onak, gainera Bowie apartekoa zen eszenatokian, trikimailu gehienak menderatzen zituen eta bere emanaldietan, Iggy-ren kontzertuetan bezala, guztia sexu karga handi batez zegoen jantzita, aspaldiko kabaret eta kaleko antzerkien eraginean blai. Biak, Bowie eta Iggy, sexualak ziren oso euren emanaldietan; bihurria eta anbiguotasunarekin jolasean lehena, zuzena, probokatzailea eta agresiboa berriz bigarrena.

1977-1979: GARAI EMANKORRA

1977. Garrantzi handiko urtea. Ingalaterrari eta berarekin batera Europa osoari punk olatua gainetik pasa zitzaionean, Iggy Pop-ek The Idiot diskoa atera zuen. Post-punk-a Punka bera amaitu baino lehen: ahopetik kantatuta, giro ilunak, sofistikatuak zekartzan Nightclubbing bezalako abestietan mundu guztia oihu egiten eta gitarrari egurra ematen zebilen momentuan. Bere garaiari aurrea hartu zion diskoa duzu, zalantzarik gabe. Hala ere, The Idiot ez zen asko saldu zen disko bat izan, baina orduan ere David Bowie azaldu zen: Bowie-k lan horretako China Girl abesti ederra bere disko batean sartu zuen bertsio moduan eta honek irabaziak ekarri zizkion eskubide moduan kantuaren egileari. Gaur egun China Girl baten edo bestearen kontzertuetan entzutea erraza izaten da. Urte berean Iggy Pop-en ezinbesteko disko bat kaleratu zen: Lust For Life. Bertan, izenburu bereko abestiaz aparte, Danny Boyle zinegileak 19 urte beranduago Trainspotting filmearen erdiko zutabea bihurtuko zuena, The Passenger kantua genuen, Ricky Gardiner gitarra-joleak idatzia, seguruenik inoiz egin zaion bertsiorik bikainenean. Dena den, Lust For Life ez zen bi kantuko diskoa, azalean Iggy erabat pasatuta zekarren diskoan artistaren ibilbide osoko momentu onenetako batzuk bildu ziren David Bowiek egindako ekoizpen hotz eta zuzenean babestuta. Baina hamarkada bukatu aurretik Iggy Pop-ek beste hiru lan kaleratuko zituen, azkar ahazteko modukoak lehenengo biak, 78ko TV Eye Live zuzeneko eskasa esate baterako, RCA diskoetxearekin zuen kontratua hausteko modu bat baino ez, eta benetan ezinbestekoa azkena. New Values 1979 urtean atera zen. Azala ikustea baino ez da behar disko hori espeziala dela ulertzeko. Iggy gerritik gora biluzik, gorputz osoa tentsioan, leherketa baten aurreko instantea ematen du. Eta horrela da, New Values diskoan ez dago bueltarik: Iggy Popek The Stooges-en garaian bezain kementsu abesten du, baina abestiak hobeak dira eta soinu kalitatea ere oso ona da. Garai hartan Iggy Pop punka egiten dutenen lehen erantzuna da eraginei buruz galdetzen zaienean. Bestalde, 30 urteak gaindituta gorputza eta buruaren arteko oreka galtzea erraza dela ikusirik, Iggy-k bere buruari galdetzen dio nola sentituko litzatekeen egun osoa drogarik gabe emango balu. Bere kontzertu basatietara joaten diren askok oraindik espero dute taula gainean deskarga elektriko bat jasatea edo dorre batetik salto eginda mila zatitan apurtzea, baina berak ez die hori emango. Hauek izan ziren bere hitzak: Hemen, edo beherak jota zaude goseak hilik, edo goi-goian denen jostailu bihurtuta.

IGGY POP ERAGINKORRA

80ko hamarkadan Iggy Pop sortzailea baino eragina izan zen, gehienak bere irudi ilun/lizun hartan gelditzen ziren. Mugimendu siniestroaren garai hartan (Lords Of The New Church, The Mission, Psychedelic Furs...) Iggy-ren begi-zuloak eta kastigatu itxura bere musikaren gainetik egon zen, atera zituen diskoak gainera ez ziren erraz defendatzeko modukoak, Blah Blah Blah eta Instinct, esate baterako. Hala ere, orduan iritsi zen Iggy Pop-ek hit bat izatearen antzeko momentua, Real Wild Child abestia bazter guztietara zabaldu zenean. Hurrengo urteetan Iggy hard rock eta heavy bezalako eremuetan kokatu badute, inork ez dauka berak baino erru handiagoa, batez ere Instinct hartan egindakoarengatik. 88an ondoen saldu duen diskoa atera zen: Brick By Brick. Salmenta kopuruarekin batera, bere jarraitzaile askok bizkarra eman zioten. Brick By Brick disko ona zen, soinu aldetik oso zaindua eta bospasei kantu benetan bikainak zituena, esate baterako Candy, Kate Pierson-ekin abestua edo Home, garai hartan olatuaren gain-gainean zegoen Slash gitarra-jolearen laguntzarekin egina. Baliteke diskoa irratien zerrendatara igo izana gehiegizkoa izatea artista madarikatuaren irudi erromantiko hura zuenaren jarraitzaileentzat, edo gustura ez hartzea Iggy publiko berri batengana hurbiltzea. Edozein kasutan, disko horrek ekarri zion Iggy-ri aitzakiarik onena berriz ere eszenatokiak birrintzeko berak baino hogei urte gutxiago zituzten musikariekin. Zinean ere sartu zitzaigun, John Waters-en Cry Baby izenekoan Johnny Depp eta Tracy Lords lagun zituela eta bere neurrira jositako pertsonaia eginez. Gero basamortua etorri zen, eta ez bakarrik Bardeetan izan zelako Atolladero izeneko filmaren eskutik, 93ko American Caesar lan aipagarriaz aparte ezer gutxi egin zuelako baizik. Hori bai, hasieran esaten nuen bezala, urte horietan eta baita gaur egun ere ateratzen dituen diskoak emanaldiak egiteko aitzakia baino ez izateak ez digu bihotzean inongo zulorik sortzen. Iggy Pop eszenatoki baten gainean ikustea esperientzia bat da. Esperientzia bakarra, belaunaldi batetik bestera ipuin bat bezala pasatzerik ez dagoena, nahikoa baitute ondorengoek Iggy Pop zuzenean ikustea. Bera, seguruenera, bira berrian egongo da.

2003, URRIA-AZAROA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.