Iggy Pop. Argazkia: Janire Etxabe.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Esan eta egin: FAAN FESTen bigarren edizio honetan aurrekoa gainditzea lortu dute. Giro paregabean bizitua, rockzale amorratuen gotorleku izan zen Carlos Tartiere futbol zelaiaren kanpoko karpa. Gogora dezagun Derrame Rock jaialdia bera hementxe ospatu zela hainbat urtetan zehar, duela ez urte asko Ourensera pasatu zen arte.
5.000
zale bildu ginen han, antolatzaileen arabera. Kartela ikusita, gutxi
iruditzen zait, baina horrelako gauzak ikusten ohituta nago, Black
Sabbathek 1998an Donostian egin zuen kontzertuan bezala, non 6.500
ikusle bertaratu ginen. Oviedora iritsi, hotela topatu eta
kontzertuaren gunera iritsi ginenerako Helltrip
asturiarrek
amaituta zuten beraien saioa. Pena handiz bazen ere, The
Wizards bilbotarrak
ikusteko prestatzen hasi ginen. Bilbao Hiria Lehiaketan iazko
garaileak izan ziren Metal arloan, eta oholtza gaina beraien eremu
naturala dela argi utzi zuten. Taldeak bi urte baino ez dituen arren,
lehendik pilatua duten esperientzia sobera nabaritzen da, batez ere
Ian Mason abeslaria. Taula gosez amorratuta, alde batetik bestera
mugitu, poseak egin, bizarra garagardoz busti, eta ahots boteretsuaz
(orain guturala, gero lodia) sutan jarri zuen karpa, oraindik jende
gutxi bazegoen ere. Ondo eraikitako abestiak, gitarra lan osatua eta
koordinazio bikaina duen talde honek, ingelesez abesten du. Soinua ez
zen batere ona izan (aurrealdean behintzat), oso ozena baitzegoen eta
hitzak ez baikenituen ia ulertzen. Dena den, bilbotarrak metalik
gogorrenaren lurrak zapalduaz oso gora iritsi dira. Orain zorte apur
bat beharko dute musikaren mundu gorabeheratsu honetan bizirauteko.
Capsula
inoiz
ikusi gabeak nituen, eta itzelezko gogoa nuen arren, ez nuen espero
halakoa izango zenik. Zer zen hura? Hirukote argentinarra, dakizuen
bezala, duela hamarkada bat baino gehiagotik Bilbon bizi da, eta
zuzenekoetan duten fama guztiz justifikatua da. Are gehiago: espero
nezakeen guztia gainditzen du. Posible al da, abeslariak (Martin
Guevara) horrelako presentzia eszenikoa izatea, ero moduan gitarra
jo, abestu eta era berean geldirik egon gabe egotea? Bateria joleak
(Guanche) metronomo bat dirudi:
zehatza, baina era berean pasiotsua eta zitala. Eta Coni Duchess, bere instrumentuari sua ateratzen dion bitartean
mugimendu harrigarriak egiten dituena. Baxuari amodioa egiten dio,
belauniko oholtzan mugitzen da, ilea airean mugituaz, eta hori dena
irribarre bihurria galdu gabe. Suzko errepertorioak beste dena egin
zuen: Voices Underground, Dark Age