Osaba Bob
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bob Marley-k burua altxatuko balu! zer esango luke reggae musikaren egungo egoeraz? eta oro har bizi garen munduaz? nork daki, ez dugu inoiz jakingo eta egia esan, ez du zentzu askorik hori galdetzeak ere. 60 urte bete dira Bob Marley, Robert Nesta Marley, jaio zela. Jamaikako nekazal herri xume batean sortu bazen ere, mundu osoan ezaguna egin da. ezaguna, musikari bezala konposatu eta abestu zituen kantu ederrengatik eta ezaguna, era berean, musika horren bidez zabaldu zituen mezu eta ideiengatik.
Duintasun eta errespetuzko mezuak dira, herri beltzaren izaera aldarrikatu eta defendatzen duten mezuak: Afrikarako itzulera eta mendeetan zehar ukatu zaien historia argitara ateratzearen aldeko mezuak, borrokarako zein maitasunerako mezuak, mezu positiboak. Uhin eta kantuen letra horien atzean dagoen mundu konplexua berriz ez da horren ezaguna, gure artean behintzat. Irudiarekin, azalekoarekin geratzen gara maiz eta irudi eta topiko horien atzean dagoena ezagutzen, ikertzen, sakontzen hasita, guk uste baino mundu konplexuagoa eta liluragarriagoa dela konturatuko gara. Saiatu gaitezen (informazio gehiago euskaraz Txalaparta argitaletxearen Bob Marley. Begirunea, maitasuna eta askatasuna liburuan aurkituko duzue).
The Wailers: mezulariak
Bob Marleyz hitz egiten dugunean, Jamaikaz ari gara, esklabutzaz ari gara, kolonialismoaz ari gara, marihuanaz, rasta erlijioaz, Marcus Garvey eta Haile Selassie etiopiar agintariaz, sound systemetaz eta ghettoetaz... gauza askotaz ari gara.
Bob Marleyren musikaz ari garenean berriz, aurrekoetaz gain, The Wailers taldeaz ere ari gara. Bob Marleyren jaiotzaren 60. urteurrena dela eta, mundu osoan zehar, kontzertuak eskaintzen ari dira eta Sagarrondotik izeneko jaialdia dela eta, Euskal Herrira ere gerturatu zaizkigu. The Wailers taldeko Aston Familyman Barret baxu jolearekin, Junior Marvin gitarra jolearekin eta Gary Pine taldeko egungo abeslariarekin izan gara. Azken honena da agurra: