entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Aritz Sound System 2006-02-05

12 TRIBU Jamaikar soinutik gertuago

12 Tribu on stage 12 Tribu on stage
80. hamarkadaz geroztik beti izan dira reggae taldeak Euskal Herrian. Ezagunagoak batzuk, itzalean gehienetan, ez dute inoiz arrakasta komertzial handiegirik lortu (horren beharra dago?). Jamaikar reggaearen soinua bilatu izan da etengabe eta orain, 12 Tribu taldeak, kaleratu berri duen hirugarren diskoan (Rebel inna Nazarin Street), soinu hori lortzetik geroz eta gertuago dagoela frogatzen digu. Ladis baxularia eta Konsul abeslariarekin izan gara guzti honetaz mintzatzen.


Kaleratu duzuen hirugarren diskoa duzue hau eta, aurrekoak bezala, hau ere auto-produkzioa izan da. Zer dela eta zailtasun hori diskoetxeen babesa lortzeko?

Konsul (K): Reggae musika gutxiengo batek entzuten duen musika da eta diskoetxeek ez diote jaramon handiegirik egiten. Zaila da reggae disko bat kaleratuko duen diskoetxea aurkitzea Euskal Herrian. Militantzia maila handia behar da.

12 Tribu taldearen ibilbidea jarraituz gero garapen nabarmena antzeman daiteke lehen diskotik hona. Ziur gaude reggae zaletua ez den norbaiti diskoa jarriko bagenio taldea jamaikarra edo ingelesa dela pentsatuko lukeela. Zergatik ote?

K: Euskal Herrian reggae egiten duten taldeen bigarren belaunaldikoak gara. Gure soinuak ez du Potato edo garai hartako euskal reggae taldeek egiten zutenarekin zerikusirik. Garai hartan reggaea udararekin, jaiarekin, patxangarekin lotzen zen. Reggaea urte osoan entzuteko musika da eta ez soilik udaran.

Hasieratik 70. hamarkadan Jamaikan egiten zen sustraizko reggaearen soinua bilatu duzue hasieratik. Nola lortzen da hori?

K: Taldean partaide asko gara eta bakoitzak bere gustu musikalak ditu, baina guztiei roots reggaea gustatzen zaigu eta soinu horren bila joan gara.
Ladis: Soinu hori lortzea ez da batere erreza. Hasieran, gure lokalean, gure makinekin lortzen saiatu ginen, baina ezin. Orain, Santanderrera joan gara bertan duelako Roberto Sanchez musikari eta soinu teknikariak grabazio estudioa. Berari esker, neurri handi batean lortu dugu soinu hori. Garaiko instrumentazioa erabili dugu eta grabazioa modu analogikoan egin dugu. Horrela lortzen da soinu berezi hori.
K: Roberto Sanchez izan da disko honetako gakoa. Lehen aldia zen grabazio estudio batean nengoela eta urduri nengoen hasieran. Robertok lasaitzen lagundu ninduen eta bere laguntzari esker oso gustura sentitu ginen diskoa grabatzen. Soinu teknikariaz gain abeslaria eta musikaria da, hainbat instrumentu jotzen ditu eta oso ondo ezagutzen du reggae musika. Estudioa Nazarin Street kalean kokatuta dago eta hortik dator diskoaren izena.

Zuen taldearen beste ezaugarrietako bat haize sekzioaren garrantzia da. Gutxi dira haize sekzio propioa duten taldeak eta hori pribilegio handia da.

K: Bai, izugarrizko lana egin dute. Esperientzia handiko musikariak dira eta zuzenekoetarako ere indar handia ematen diote taldearen soinuari. Normalean, reggae taldeek zuzenean teklatuak erabiltzen dituzte haizeen soinua ordezkatzeko, baina emaitza ez da berdina. Guk esfortzu handia egiten dugu banda osoa aritzeko.

Diskoko kantu gehienak bokalak dira, baina bi instrumentalak dira eta beste bi dub bertsioak. Zer desberdintasun dago abesti instrumental eta dub bertsioen artean?

K: Instrumentalak ahotsik gabeko kantuak dira eta gure kasuan haize sekzioen bakarlariekin. Dub bertsioetan abesti originala hartu eta nahasketa berria egiten zaio eta garrantzia erritmoari, baxuari eta bateriari ematen zaio efektu batzuk gehituta. Soinu teknikaria da nahasketa egiten duena eta dub bertsioetan teknikaria beste musikari bat da.

Kantu gehienak zuek konposatutakoak dira, baina hainbat bertsio egin dituzue. Zergatik?

K: Egin ditugun bertsioak asko gustatzen zaizkigun kantuak dira. Zuzenekoetan ere jo izan ditugu eta ondo geratzen zirenez diskoan sartzea erabaki dugu. Dennis Brown eta Gregory Isaacs-en kantuak asko gustatzen zaizkigu eta haien bertsioa egitea erabaki dugu, besteen artean. Neskei eskaintzeko abesti aproposa da Night Nurse.

Abesti gehienak ingelesez dira, baina euskaraz kantu bat ere sartu duzue. Zaila da euskaraz reggaea egitea?

K: Entzuten dugun reggae gehiena ingelesez entzuten dugu eta errazago egiten zaigu horrela abestea. Jamaikar reggaea egin nahi baduzu ingelesez egin behar duzu. Euskararekin saiakerak egiten ditugu baina ez da erraza reggaearen sonoritatera moldatzea. Lanean jarraituko dugu.



2005, OTSAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.