entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Dossierrak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
ARITZ SOUND SYSTEM 2004-02-07

REGGAEA abiadura bizian

Marihuana jakinduriaren belarra da rastafarientzat. Marihuana jakinduriaren belarra da rastafarientzat.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Izaki biziduna da reggaea. Musikaren mugak apurtu eta haratago doan izaki bizia da eta egunero eboluzionatzen, eraldatzen doa. Zergatia ulertu gabe horrenbeste erakartzen gaituen izaki honen arima ezagutu nahiko genuke, baina zenbat eta gehiago sakondu orduan eta gutxiago dakigula konturatzen gara. Azaletik mamira bide luzea dago ordea.

ESTILO BAT BAINO ASKOZ ERE GEHIAGO

"Reggae" hitza ezaguna da mundu osoan nahiz eta askotan hitz hori ahoskatzeko ere modu egokia zein den asmatzerako zalantzak ditugun. Reggae hitza aipatzerakoan Jamaika, Bob Marley, hondartza zuriak, palmondoak, udara, ileko txurroak eta marihuana datozkigu guztioi burura. Horiek dira bururatzen zaizkigun lehen irudiak, baina zer da benetan reggaea, zer ezkutatzen da irudi/topiko horien atzean?

Reggaea, bizirik eta etengabean eraldatzen dagoen energia bizia da. Reggaea adar ugari dituen zuhaitza da

Reggaea musika estilo bat izendatzeko erabiltzen den hitza da, baina reggaea musika estilo bat baino askoz gehiago da. Reggaea musika estilo bat da, baina musika estilo guztiekin gertatzen den bezala, zorionez, bizirik eta etengabean eraldatzen dagoen energia bizia da. Reggaea adar ugari dituen zuhaitza da. Adar bakoitzak bere berezitasunak ditu, beste adarretatik desberdin egiten dituena, baina azkenean, adar guztiak sustrai berdinak dituen enborretik sortzen dira. Reggaea musika da, bai, baina reggaea musika baino askoz gehiago da. Reggaea sentimenduak adierazteko tresna da, mundua ulertzeko filosofia eta bizitzari aurre egiteko modua da. Reggaearen unibertsoan Afrikatik indarrez kanporatutako esklaboak daude, mendeetan zehar exodo horren ondorioak sufritu zituzten esklaboen ondorengoak daude eta gaur egun, etxetik urrun, arrotza zaien hizkuntza, kultura, bizimodu eta ohitura batzuekin bizitzera ohitu behar izan direnak daude. Haiek eta guk, reggaearen magiak erakarrita, reggaeaz zerbait dakigula uste eta gure ezjakintasunean, reggaeaz hitz egin eta idaztera ausartzen garenak.


Reggae musika

Eboluzionatzen eta etengabean eraldatzen den izaki bizia da reggaea eta horregatik, egun batetik bestera aldatzen ari delako, oso desberdina da gaur egun eta duela urte batzuk egiten zen reggaea. Labur azaltzen saiatuko gara. Reggaea, gaur egun ezagutzen dugunaren aitona, 60ko hamarkadan jaio zen. AEBetako R&Ba eta Jamaikako mentoaren arteko maitasun harremanak skaren sorrera ekarri zuen. Urte alaiak ziren haiek. Jamaikak ingelesen kolonia izateari utzi zion, formalki bada ere, 1962an independentzia lortu zuenean. Etorkizun hobe baten esperantzarekin sortu zen ska musika, alaia eta dantzagarria. Ez zuen asko iraungo. Kolonialismo batetik bestera pasa ziren eta berehala AEBetako dirudunek, eguzki izpien egarri, irla bereganatuko zuten. Rocksteady deitu zioten, turistentzat aproposak ziren erritmo eta letra goxoak, azukrez gainezka, zituen musikari.

Beltza izatea ona zela eta beltz izateagatik arro sentitu behar zirenaren mezuak reggae musikaren bidez sukarra bezala zabaldu ziren, irrati eta sound systemek lagunduta


Urteak pasa eta sendi boteretsu batzuk kenduta, miseria gorrian eta esperantzarik gabe bizi ziren jamaikarrak. Independentziak ez zien espero zuten bizimodua ekarri eta musika bihurtu zen, erlijioa eta ganjarekin batera, aurrera egiten laguntzen zien euskarria. Marcus Garveyren esanek begiak ireki zizkien eta beltza izatea ona zela eta beltz izateagatik arro sentitu behar zirenaren mezuak reggae musikaren bidez sukarra bezala zabaldu ziren, irrati eta sound systemen bozgorailuak lagunduta. Garai berri baten sorrera zen.

Bizitza oso bat
70. hamarkada, gure ustez, reggae musikaren urrezko aroa izan zen; bai musikalki eta baita eduki eta sentimenduei dagokienean. Musika jaioberriaren indarra geldiezina zen eta, besteak beste, Bob Marley bezalako abeslari eta musikari apartei esker, mundu osora zabalduko zen, zeharkatzen zuen mundu hori eraldatzeko gogo biziarekin. Diskogintza alorrean, garai ilunak izan ziren reggaearentzat, baina, zorionez, gaur egun, hainbat reggae zaletu eta diskoetxeen arkeologi lan izugarriari esker, ustez galduta zeuden edota lortzeko oso zailak ziren garai hartako altxor ugari berreskuratzen ari dira. Azpimarratzekoa da Blood & Fire, Pressure Sounds edota, azken aldian, Trojan bezalako diskoetxeak egiten ari diren lana.
80. hamarkadaren etorrerarekin eta Bob Marleyren heriotzak suposatutako kolpearekin, gauzak nahasten hasten dira reggae munduan. Sound systemetan animatzaile bezala hasi ziren hizlariek edo toasterrek estilo propioa sortu dute eta dagoeneko U-Roy, Big Youth, Dennis Alcapone eta antzeko aintzindariek belaunaldi berriaren etorrera ezagutzen dute; Dillinger, Scotty, Yellow Man, Charlie Chaplin, e.a. Jarrerak aldatzen hasi dira. Dancehall-ak lehen pausoak emango ditu eta produkzio berriak nagusitzen dira. Sugar Minott, Don Carlos, Barrington Levy, Triston Palmer, Michael Prophet... Hamarkadaren azken urteekin batera eta teknologi berrien aurrerapenekin, reggaeak janzkera berria ezagutuko du; erritmo kaxak, sintetizadoreak, samplerrak... jamaikarrak maisu dira soinuekin jolastu eta esperimentatzeko garaian. Nola liteke horrelako lur eremu mugatuak horrenbesteko musika sortzeko gaitasuna izatea? Zorionekoak gu.

Jamaikarrak maisu dira soinuekin jolastu eta esperimentatzeko garaian. Nola liteke horrelako lur eremu mugatuak horrenbesteko musika sortzeko gaitasuna izatea?


90. hamarkada. American Way of Life. Belaunaldi berriek momentua gozatu nahi dute. Eh! Agure, bost axola niri Marcus Garvey, Haile Selassie eta Afrikarako itzulera. Nahiko lan dugu gure burua zaintzearekin. Dirua, kotxe potenteak, festak eta emakume ederrak nahi ditut nik eta aurrean jartzen zaidana txikituko dut. Ulertzen? Geroz eta potenteagoak diren sound systemetan (potenteagoak? Posible ote?) dancehall-ragga estiloa da nagusi. Kolpe lehorrak eta baxu lodiak, izerdiaz blai. Slackness. Nor gogoratzen da Culture, Burning Spear, Augustus Pablo, Israel Vibration, Ijahman eta antzeko agureetaz? Maisuak Europan bilatzen dute babesa eta Europako whitie reggae zaletuak pozik. Bizitzaren gorabeherak. Nork dio zikloak joan etorrian doazela? Garnett Silk, Sizzla edo Luciano bezalako gazte belaunaldiek oroimena berreskuratu dute eta Beenie-man, Buju Banton, Bounty killer eta beste fedegabe askok argia ikusi dute, tarte baterako behintzat. New roots, digital roots eta singjay estiloen garaia da. Sustraiak eta teknologia. Ahots zakarrak eta melodikoak eskutik helduta. Ederra izan da iraun duen bitartean.

2004. Euskal Herrian (Hego aldean bereziki) apenas entzuten den arren, gaur egun reggae musikaren adarra den dancehall-ragga estiloak arrakasta komertzial izugarria du, AEBetan bereziki. Eta arrakasta hau neurri handi batean hip-hop eta R&B estiloen eskutik iritsi zaio. Jakina da, rap eta reggae musikaren artean lotura estua dagoela. Musika adituek diotenez, 70eko hamarkadan jamaikar etorkinek New York hirian antolatzen zituzten sound systemetatik sortu zen rapa eta zalantzarik ez dago, gaur egun, rap eta dancehall estiloak eskutik doazela, baita zerrendako lehen postuetan ere. Gaur egun (zenbat egun iraungo du?) Sean Paul da jamaikar izarrik kotizatuena eta musika industria boteretsuak berehala elkartu du R&B komertzialaren erregina berria den Beyoncerekin.
Def Jam eta Tuff Gong zigiluek Def Jamaica izeneko bilduma kaleratu dute dancehall eta rap izarren arteko elkarlanekin, LL Cool J raperoa Wayne Wonder jamaikarraren No Letting Go kantuaren nahasketan azaltzen da; Elephant Man, Missy Elliott-en diska berrian gonbidatu bezala dago eta zerrenda amaigabea da. Reggae-dancehallak AEBetako eta Frantzia edota Ingalaterrako gazteak zoratzen ditu (jamaikar gazteak aspaldi zoratu zituen) eta horrek dirua ematen du. Urte batzuk dira rap musika ghettoetako musika izatetik salmenta gehien sortzen dituen musika izatera pasa zela. Bi estiloak elkartuta irabaziak bikoiztuko ote? Musikalki emaitza erakargarriak ematen dituela (zerrendetatik kanpo geratzen direnak bereziki) ezin uka, nahiz eta eduki eta eskaintzen duten irudiari dagokionez atzera pauso nabarmena eman den. 90eko hamarkadaren erdialdera nagusitu zen sustraizko reggaeak indarra galtzen ari da azaleko mezuak eta estetika erabiltzen dituen dancehall-raggaren aurrean. Luciano, Prince Malachi, Bushman, Capleton, Anthony B, Turbulence, Morgan Heritage eta gutxi batzuk lortzen dute maila mantentzea. New roots delakoaren bultzatzaile izan zen Sizzla oso erreta dago eta hobe luke opor batzuk hartuko balitu eta jende berriaren artean, gehienak Dancehall-ragga estiloak erakarrita daude; Ward21, Mr.Vegas, T.O.K., Predator eta guztien artean, gaur egun errege den Elephant Man. Reggae musika aldaketa berri baten atarian dago eta guk, aldaketa horrek ekarriko duen zurrunbilotik gertu egon nahi dugu.



REGGAEAREN GIDA LABURRA EUSKAL HERRIAN

Euskal Herria tropikala noiz bihurtuko den zain geratzen bagara jai dugu reggae zaletuok. Rockaren eta musika komertzialaren eremu honetan lan handia dago egiteke eta gutxi bagara ere, burugogorrak eta temati xamarrak garela ez du inork ukatuko.
80. hamarkada hasieran ska jamaikarraren oihartzunak indarra hartu zuen Ingalaterran, Two Tone delakoa, eta baita Europako hainbat txokotan ere. Euskal Herrian Kortatu, Baldin Bada eta punk/rock ska/reggae estiloen eragina zuten taldeen garaia zen. Aurrerago reggae klasikoa jorratzen saiatu diren hainbat talde ere sortuko ziren; Potato, horien artean ezagunenak baina ez bakarrak (Arawak, Xuya, Dr. Deslay...). Eta gaur egun? Zer mugitzen ari da Euskal herrian jamaikar doinuen inguruan? Hona hemen gida antzeko zerbait, zaila da guztia jasotzea, baina erreferentzi modura balio dezake (aurrez barkamenak kanpo geratu direnei. Informazio gehiago behar izanez gero: argiteria@euskalnet.net).

TALDEAK
Reggae musika egiten duten taldeei dagokionean, Potato beteranoen baimenarekin, Basque Dub Foundation kolektiboa da zalantzarik gabe erreferente nagusia. I
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.