entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Ion Etxebarria 2012ko urtarrila

Esan Ozenki Records 1991-2011 Askoren artean

CD
Esan Ozenki bildumaren azala. Esan Ozenki bildumaren azala.
Kuraia - Bizi gera
Esan Ozenki Records jaio zela 20 urte bete berri diren honetan, sortzaileek diskoetxearen katalogo amaiezina potolatzen lagundu zuten 24 talderen kanta bana duen bilduma kaleratu dute. Jakina, ez ditu Esan Ozenki familia osatu zuten talde guztien abestiak biltzen, ezinezkoa litzateke eta disko bakarrean guztiak jasotzea. Alta, lagin edarra da 90 hamarkadan zein XXI. mende hasieran gurean zer sukaldatu zen jakiteko.


Fermin Muguruzak gidatutako Negu Gorriak taldeak Gure jarrera diskoa argitaratzearekin batera jaio zen Esan Ozenki, 1991. urtean. Gaur egun zigilu askok (Bidehuts, MusikHerria, ...) eta talde zein bakarlari andanak egin bezala, autogestioan sinetsi zuten, autogestioa independentzia gisa ulertuta. Gauzak ondo egin eta Esan Ozenki garai hartako talde eta bakarlari interesgarri bezain ezberdin askoren aterpe izan zen, izan euskaldunak (BAP!!, Kashbad, Dut, Anestesia, Anari, Ama Say, Deabruak Teilatuetan, Xabier Montoia, EH Sukarra, Etsaiak, Joxe Ripiau, Betagarri, ...), izan nazioarteko talde entzutetsuak (Todos Tus Muertos, Inadaptats, Hechos Contra el Decoro, Wemean, Banda Bassotti, Zebda...).

Abesti bildumarekin bat, urte guzti horietan egindako lan bikaina ahanzturan desagertu ez dadin liburuxka bat ere badugu. Liburuxkak, alde batetik, Imanol Ubedak (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean, Colemans+, ...) Esan Ozenkiren bilakaerari buruz idatzitako aitortza hunkigarri bat dakar euskaraz, gazteleraz, frantsesez zein ingelesez. Eta bestetik, Esan Ozenki diskoetxearekin (Gora Herriak, Metak eta Kontrakalea zigiluak barne) diskoa kaleratu zuten guztien disko azalen bildumatxoa. Hots, Esan Ozenkiren diskografia.

Ados, nostalgiko eta belaunaldi berrientzat salbu, diskoak ez du ekarpen berririk egiten. Baina etxeko apaletan nahitaez bere lekua behar du euskal musikagintza ulertzeko ezinbesteko erreferente izan zen diskoetxearen bilduma honek. Eta Imanol Ubedak liburuxkan dioen bezala, xumea bada ere, bazelako ordua belaunaldi zaharragoekin egin bezala (Ez dok amairu, RRV, ...), 90. hamarkadan gurean egon ziren talde eta bakarlarien errekonozimendu publikoa.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.