Boskote portugaldar honek zur eta lur utzi zuen rock and roll zale bat baino gehiago bere lehendabiziko disko luzearekin. I bet you love us Too (Hey Pachuco! 2003) estreinakoan, garage rock doinu biziekin, soul izpiekin eta melodia liluragarriekin josita zeuden dozena bat kantu sendo bildu zituzten. Aurten, The Marriage of Heaven and Hell (Hey Pachuco CDa eta Beatnikmoon Crafts LPa) merkaturatu dute. Lan helduagoa erditu dute, sakonagoa. Eraginak ez dira hain nabariak, hortaz, emaitza pertsonalagoa da. Barreirokoek Europako talde onenen mailan jokatu ohi dute. Norbaiti baieztapen hori gehiegizkoa dela iruditzen bazaio, hobe du haien zuzenekoetara gerturatzea. Nick Nicotinerekin mintzatu gara (abeslaria, gitarra, harmonika, pianoa eta diskoen grabazioen arduraduna).
The Marriage of Heaven and Hell entzun eta taldea hazi egin dela esango nuke. Bigarren lan hau aurrekoa baino sakonagoa da. Bilakaera bat antzematen da. Gainera, zuen benetako soinutik hurbilago dago.
Bai, asko hazi gara azken bi urteetan bai musikalki bai pertsonalki. Jende guztia ari da esaten bigarren lan honek The Act Ups-en benetako doinua daukala, beraz, egia izango da. Hala ere, lau urtez geroztik entzun ohi dugun material bera entzuten jarraitzen dugu, oraindik hiru minutuko kantuekin maiteminduta gaude.
Bateria jolea ere aldatu duzue. Aldaketak eraginik izan al du taldean?
Egia da taldeko zati garrantzitsua dela. Atezainek futbol taldeetan daukaten garrantzi bera daukala esango nuke. Area txikian aldaketa izaten denean talde osoan nabaritzen da eta azken emaitzan eragina izan ohi du. Nolanahi ere, ez dut atsegin horrela hitz egitea. Bateria jotzeko era ezberdina duela esango nuke, baina ez nuke esango hobea edo txarragoa denik, ezberdina baizik. Pistol Pete, bateria jotzaile berriarekin pozik gaude, baina sekula ez ginen txarto sentitu aurrekoarekin, Hellso-rekin, alegia.
Zuk ere lan handia egin duzu estudioan. Era berean, masterizazioak bere garrantzia izango zuen azken emaitzan.
Z