entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Sagardantza 2015-06-18

Ekhi Erremundegi (EHZko komunikazioaren alorreko kidea) "Inguruan diren beste festibal komertzialek, enpresa pribatuek diruz akuilaturik egiten dutena, guk auzolanean egiten dugu, laguntzaileen indarrez eta herri proiektu bat oinarri hartuz"

20 urte, urtero sortzen! 20 urte, urtero sortzen!
Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 20. edizioa uztailaren lehen asteburuan eginen da Lekornen. Ez da marka txikia, musika festibal komertzial erraldoiez inguratuta 20 urtez bizirautea eta, are, etorkizunari begira lan egiteko ilusio eta gogoz beteta segitzea. Horregatik, 1996. urtean (Entzun! sortu zen urte berean portzierto) martxan jarri zen jaialdiko egungo antolatzaileengana jo dugu, urteurrena nola bizitzen ari diren jakiteko. EHZko Komunikazioaren alorrean aritzen den Ekhi Erremundegik erantzun ditu gure galderak.


20 urte! Ospatzeko asko izanen duzue ezta? Edo beste moduz erranda, pozarren egonen zarete...
Festibala sortu zutenean inork espero al zuen 20 urteren buruan oraindik urtero milaka jende bilduko zituen ekitaldi bat izaten segituko zuela? Guretzat, urtebetetzea bete ahal izatea bera, garaipen bat da, guk proposatzen dugun ereduaren garaipen bat. Inguruan diren beste festibal komertzialek, enpresa pribatuek diruz akuilaturik egiten dutena, guk auzolanean egiten dugu, laguntzaileen indarrez eta herri proiektu bat oinarri hartuz. 
Era berean, horrelako urtebetetze batera iristean ohikoa den bezala, atzera begirada bat egiteko aukera ere bada. Gaur egun EHZren antolaketan dabiltzanak, EHZ abiatu zenean sortu berriak ziren. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den tresna bat da, Ipar Euskal Herriko herri dinamika indartu duena. Auzolanean oinarritutako festibala da EHZ, osoki laguntzaileek aitzina eramaten dutena. 20 urtez, herri mugimenduaren eskola izan da.

Gaur egun EHZren antolaketan dabiltzanak, EHZ abiatu zenean sortu berriak ziren. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den tresna bat da, Ipar Euskal Herriko herri dinamika indartu duena

Hala ere, ibilbidea ez da erraza izan. Lan handia egiteaz aparte, zein izan da sekretua 20 urte bete ahal izateko?
Herrian eta bere lurraldean txertatua den eragile bat izatea eta autokritikaz jardunez uneoro proiektua berrikusi eta bultzada berri bat emateko gai izatea. 20 urte, urtero sortzen lema hautatu dugu 20. urteurrenaren ospakizunarentzat, gure ustez EHZren bi hamarkadetako ibilbidea laburbiltzen duelako. Sortzaileak izan gara, arlo anitzetan berritzaileak izan garelako (ingurumenari begira eginiko pausoak baso berriak, komun idorrak, hondakinen gaikako bilketa..., tokiko ekoizpenen apustua, etab.) eta herri mugimendutik sortutako hamarnaka proiektu bultzatu ditugulako, baina, sortzaileak ere, izan dugun arazo bakoitzaren aitzinean, burua altxa eta aitzina egiteko bide berriak jorratu ditugulako.
20. urteurrenari begira adibidez, eraman dugun gogoetaren ondotik festibal eredu berri bat proposatzen saiatuko gara.

Sortzaileak izan gara, arlo anitzetan berritzaileak izan garelako (ingurumenari begira eginiko pausoak baso berriak, komun idorrak, hondakinen gaikako bilketa..., tokiko ekoizpenen apustua, etab.)

Erratzen ez bagara, aldatu ez dena hasiertako filosofia da, ezta? Kultura gutxituen aldekoa eta mundialiazioaren kontrakoa. Sinpleegia dela badakigu, baina hala laburbil liteke jaialdiaren mamia?
Beti azpimarratzen dugu EHZ ez dela festibal soil bat. Musikaz harago herri proiektu oso bat eskaintzen dugu. Hiru egunez, mikro-jendarte bat sortzen da, etorkizun hurbil batean ezagutu nahiko genukeen Euskal Herri libre bat irudikatzen duena: Euskal Herri euskalduna, parekidea, ingurumenari atxikia, bestelako eredu sozio-ekonomiko batean oinarritua... Gure helburua funtsean, ez da kontzertu soil bat antolatzea publikoa kontsumitzera etorri dadin; publikoa aktore izatea nahi dugu. Hala, egun guzian zehar mota ezberdinetako ikusgarri andana proposatzen dugu, eztabaidagunean punta-puntako hitzaldiak eskaintzen ditugu... eta aurten, gunea moldatu dugunez, diziplina ezberdinen arteko gurutzaketa ere proposatu nahiko genioke festibalariari, eskaintza artistiko guzia leku berean emanez.

Gure helburua funtsean, ez da kontzertu soil bat antolatzea publikoa kontsumitzera etorri dadin; publikoa aktore izatea nahi dugu

20. urteurreneko jaialdia antolatzeko, kartela egiteko, zer irizpide erabili dituzue? Zerbait berezia antolatu duzue?
20. urteurrenari begira azken urteetan EHZn eraman dugun gogoeta bat itxi dugu. Hasieratik, gure programazio musikala bi ardatzen arabera oinarritu izan dugu: deskubriarazi nahi genituen taldeak eta "publikoa erakartzeko amu ziren" izen handiko taldeak. Kontua da, EHZ sortu zenetik gure ingurunea anitz aldatu dela. Garaian bakarrak ginen. Orain, enpresa pribatuek antolatutako festibal komertzialez inguratuak gara (Big Festival, BBK Live, Azkena Rock...) eta taldeen baldintzak ere anitz zorroztu dira. Ondorioa argia da: ez gara inguruan ditugun munstro horiekin izen handien lehian sartzeko gai. Ez gara gai, baina, era berean, ez dugu nahi. Duela 20 urte L'Eurock des peuples contre la World Company (World Companyaren kontrako herrien rocka) lemarekin abiatu zen festibal bat ezin da lehia komertzial horretan aritu.

Ez gara inguruan ditugun munstro horiekin izen handien lehian sartzeko gai. Ez gara gai, baina, era berean, ez dugu nahi

Horregatik, EHZren marka berri bat aitzinera ekarri nahi dugu, deskubritze musikalean oinarritua. Izen handien lehiatik aterako gira beraz, baina, horrek ez du erran nahi kalitate apalagoko programazio bat eskainiko dugunik, alderantziz. Izen handiko taldeak ez dira izanen, baina, bai talde handiak. Eta bereziki, hemendik urte batzuetara gure ustez handi eginen diren taldeak ere. (Apirilaren 27an programazio iragarpena egin genuenetik 4 talde frantziako festibal entzutetsuenetan sarituak izan dira: Last Train, Cotton Claw, Martin Mey eta Erotic Market)

Eta behin aurtengo ezdizioa pasazen denean, zer? Beste 20 urte irauteko gogo eta indarrarekin zaudete?
Dudarik gabe! Guri tresna esku artean eman ziguten eta guk ere ondokoei transmititu nahiko genieke.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Lekua, eszenatokiak, zerbitzuak, akanpalekua, tokiko janaria...

 "Hirugarren urtez Lekorneko (Lapurdi) Garroa gazteluaren eremuan izanen gira azaldu digu Ekhik. Hala ere, gunea moldatuko dugu aurten. Orain arte, gaztelu aitzinean eguneko ikusgarriak eta kontzertu txikiak eskaintzen genituen eta kontzertu handienak azpiko pentzean. Aurten, dena gaztelu aitzinean biltzea erabaki dugu, espazio txikiagoan giro goxoago bat sortu eta aurretik aipatzen genuen diziplinen arteko trukaketa bat proposatzeko. Hala, bi kontzerturen artean dantza ikusgarri bat ikusteko aukera izanen da.
Urtero bezala, aparkalekua eta akanpalekua izanen dira urririk eta Euskal Herriko 7 hiriburuetatik autobusak ere izanen dira (5 an, interneten har daitezke lekuak). Azkenik, aurten ere, EHZren gune barruan izanen den janari eskaintza osoki tokikoa edo/eta biologikoa izanen da".

Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.