Esan bare
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Hitzaren eta baretasunaren aldarri da Esan Bare, Bide Ertzean taldearen iraupen luzeko laugarren lana. Gauzak esateko modu bat. Kantuak egiteko estilo bat. Musika ulertzeko era bat. Inoiz baino gehiago, lan berri honetan nabarmendu da beraien estiloa. Taldearen oreka eta heldutasunaren seinale. Lan biribila eta landua. Imanol Ubeda taldeko gitarra jole eta ahotsak aletu dizkigu disko berriaren nondik norakoak.
Bi urtez behin disko bat ateratzea ia ohitura bihurtu duzue. Zuen sorkuntza erritmo naturala al da hori?
Sorkuntza etengabea da. Iaz ere atera zitekeen beste disko oso bat. Kontua da, gauden merkatuan gaudela. Euskal Herrian gaude eta Euskal Herria geografikoki oso txikia da, eta horrek ere mugatzen du gure merkatua. Askotan, baita bizitzan ere, komeni izaten da egiten ari zarenetik urruntzea, gero indartsu itzultzeko. Aspaldi egin genuen hausnarketa zen etengabean ezin genuela hor egon. Apustu kontzientea da. Bi urtez behin diskoa atera, biran ibili, pixka batean desagertu, eta urte hori aprobetxatu konposatzeko eta diskoa grabatzeko. Berez, sorkuntzan ez dugu arazorik, baizik eta gure publikoa eta gu geu ez erretzeagatik uste dugu neurri egokiena dela. Eta bigarren argudio bat ere bada akaso. Alegia, taldeko kideok beste lan batzuk baditugula, eta hobeto egokitzen zaigula erritmo hau.