entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Komikiak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Komikiak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Sagardantza 2012/12/20

Anubis 3.0 Dani Fano

Komikairen azala. Komikairen azala.
Berriz ere, gure postontzira gehiagotan iristea nahiko genukeen sormen-lan horietako bat iritsi da: Dani Fano donostiarraren Anubis 3.0, arimaren pisatzea izenburuko  komikia. Ikastolen elkartearen babespean eta Xabiroi sailaren barruan, Dani Fanok (Asisko Urmenetaren lankidetza bereziarekin) fikzio-zientziazko istorio bat dakarkigu gaur eguneko gizartearen ustelkeria salatzeko.
Gadu zaharra da komikiaren protagonista, urrutiko asteroide batean isolatua bizi den gizona, bere robota lagun bakarra duela. Halako batean, robotak Anubis 3.0 gizakien arimak pisatzeko makina aurkituko du eta Gadu zaharrak, robotaren kuriositatea ase nahiez, tresna bitxi horrekin erlazionatutako hainbat pasadizo kontatuko dizkio. Izan ere, Gadu Anubis 3.0 makinaren teknikaria izan baitzen gazte denboran. Laster, arimak pisatzeko makina negozio oparoa bihurtu zen eta arima-ziurtagiriak modan jarri zirenean, agiri faltsuak saltzeari ekin zioten. Ezer ez berria gizakioi buruz mintzo garenean: zenbat eta gehiago ordaindu, orduan eta arima handiagoa.
Historian ongi kokatu eta aurrekariak kontatu ondoren, Dani Fanok hainbat kasu partikular eta izen abizenak dituzten pertsonaiak aurkeztuko dizkigu Gadu Zaharraren ahotik: kirolariei  legez kanpoko "edabe magikoak" ematen zizkien medikua, eskuin-muturreko kazetari aho beroa, bankuko langile leiala... Bai, zientzia-fikzioa aitzakia baino ez da gaur eguneko kontuez hausnarketa egiteko, gizakien ustelkeria salatzeko, neurri gabeko anbizioa edo, besterik gabe, koldarkeria.
Badago ordea, errealitatearekin bat ez datorren kontu bat (eta ez da txikia). Izan ere, komiki honetan bere ordaina jasotzen dute arima ustelduek, errealitatean ez bezala (edo ez beti bederen). Badago pelikula yanki askoren antzera, etika zalantzagarria dutenak zigortzeko nahia, ikuspuntu kristau batetik begiratuta infernura eramatekoa, edo, besterik gabe, "izorrai, irabazita daukazu" esatekoa. Tamalez, geure munduan iruzur egiten dutenak irabazle izan ohi dira ere. Baina, besterik bada ere, barruko ezinegona "exorzizatzeko" balio badu, ongi etorria "bekatariei" patuak gordeta dien mendekuarekin gozatzea.
Nolanahi ere, gizakien handinahikeri edo miseriak oso ongi erretratatzen ditu Dani Fanok.
Bukatzeko, aipatuko dugu Anubis 3.0 komikiaren gidoia funtzioantzen duela, erritmoa duela eta ongi arilkatua daudela testuak eta azpi-istorio diferenteak. Marrazkiak zein koloreztatze lana ere bikaina dira.   
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.