Electric Requiem komikiaren estatu espainiarreko azala.
Irakurri izan ditut atzerriko zein euskal talde eta bakarlari ezberdinen inguruko biografia ezberdinak, baina zuri-beltzean margotutako Jimi Hendrix handiari buruzko komiki hau berezia da. Erakargarria egiten da lehen unetik, eta zoragarria amaitu artean. Beraz, aurrez doa irakurketa ezberdina bat bizi izango duela 150 orriko komiki mardul hau irakurtzeko tarte bat hartzen duen orok. Eta jakina, ez dago zertan Hendrix zein komikien zale sutsua izan beharrik.
Bluesman handiaren heriotzaren 40. urteurrenaren karira (besteak beste, B Jones, Janis Joplin, Jim Morrison, Kurt Kobain edota Amy Winehouse gisa, 27 urtetxorekin hil zen), Mattia Colombara eta Gianluca Maconi komikigile italiarrek Seattle hiriko gitarra-joleak izan zuen bizitzaren nondik norakoak jasotzen dituzte marrazki irudimentsu bezain adierazgarrietan. Kolore zuria eta beltza erabiliz, Hendrixen haurtzaro gogorretik, musika munduan nola murgildu zen azalduz, heriotzaraino bidaiatuko dugu. Hau da, sustraiak, musika munduan bizi izandako une latz zein une loriatsuak, eta gitarra-jolearen heriotzarekin amaitu zen gainbehera bildu dituzte.
Egon badaude musika munduan oro har, eta zergatik ez esan, kultura garaikidean, sekulako eragina eta ondarea utzi zigun gazte beltzaren komiki biografiak. Tartean ezagunena Bill Sienkiewicz margolari estatubatuarraren Voodoo Child: la leyenda de Jimi Hendrix. Baina mintzagai dugun Eletric Requiem ezberdina da, koloretan ez delako eta komikiko atal bakoitzak Hendrixen abesti esanguratsu bati egiten diolako erreferentzia (tartean daude nola ez Crosstown traffic, Castle Made of San edota Voodo Child, besteak beste). Eta horrela, abestiz abesti, amets eta bidaia psikodelikoen laguntzaz, Jimi Hendrixen bizitza ezagutuko dugu.
Lagun, hitz gutxitan: zuria eta beltza, beltza eta zuria. Liburuaren azalean salbu, beste kolorerik ez. Baina ez dago kolore gehiagoren beharrik, ezta Hendrixek maite zituen sustantzi misteriotsuen beharrik komikiarekin guztiz flipatzeko.