entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2014-10-22

Hemen da Jazpana Fest 2014

Urriaren 24an eta 25ean egingo da Beasainen

Jazpana 2014 jaialdiaren kartela. Jazpana 2014 jaialdiaren kartela.
Lotura erlazionatuak
Besteak beste, Ladislao, The Lookers, Nueva Vulcano, Crazy Young, Za!, Beach Beach eta It's Not Not taldeek joko dute

"Rural Postmodern Festival" azpititulua daraman jaialdiak motorrak bero bero ditu musika egarriz dagoen publikoa hartzeko. Beasainen da hitzordua asteburu honetan, kartelak erakargarri asko ditu eta hori guztia gutxi balitz, doan da.

Punk rock-etik popera doan musika eskaintza zabala gozatu ahalko dute bertaratzen direnek. Aurten, gainera, Kataluniako usaina dario kartelari, hainbat talde handik baitatoz: Nueva Vulcano, It's Not Not, Lasers... Euskal Herriko taldeen artean, Ladislao, The Lookers eta Capsula azpimarratu behar ditugu. Eta noski, Beasaingo eta inguruetako talde eta musikarien proiektuek badute kartelean merezi duten lekua.
Honatx kartela eta ordutegiak:

OSTIRALA 24
22:30: FUMUT
23:30: LADISLAO
00:25: THE LOOKERS
01:30: NUEVA VULCANO
02:30: OLARIUS & BROTHERS DJ-k

LARUNBATA 25
19:00 NIKKIN
19:50 CRAZY YOUNG
20:50 BUFFALO
22:00 BEACH BEACH
23:15 ZA!
00:25 IT'S NOT NOT
01:40 CAPSULA
02:50 LASERS
04:00 DJ COCO
bidali zure berria Bidali zure berria

TALDEAK ETA DJ-K JAZPANAREN HITZETAN


FUMUT

Fumut taldea Lazkaon sortu zen 2010 inguruan.
Lazkaotar zein Ordiziarrez osatua dago eta nahiz eta hasiera batean bertsioak egiten zituzten, 2013an kantu propioekin eskenatokira jauzi egitea erabaki zuten. Kantu hauek gure belaunaldia erabat markatu zuen leku eta unera eramango gaituzte eta kontzertua entzuten hasi bezain pronto, Palmeko desertuan ikusiko dugu gure burua Eustoner rockaz gozatzen. On egin!

LADISLAO

Gure gaztarora begiratzen dugunean bi musika sorkuntza gune nagusi gogoratzen ditugu Goierrin. Nola ez, gure Seattle propio zein txikiak Ormaiztegi eta Lazkao genituen. Ladislaok, bigarren mugimendu honetan izan zuen bere jatorria. Kideak Captain Nemo, Brigada Criminal, Fist Fucking, Los Rockinson, Eskoriatza edota Seor No Taldeetan aritu dira eta Ladislao hau dugu beraien azken kumea. Punk Rocka jorratzen dute hardcore ikutuekin eta Bonberenea estudioetan grabatu dute debut lana Karlos Osinagaren gidaritzapean. Kantu azkarrak, zuzenak eta ziur, inor geldirik utziko ez dutenak.

THE LOOKERS

Duela 3 urtetik Ziburuko hirukote gazte zein lotsagabe honek bere Garaje Rock urduriz busti ditu Bidasoako bi ertzak. Beraien kantuen eraginkortasunak, indarrak eta benetakotasunak belaunaldi arteko zalego fidel bat egonkortzea eskaini die Mikel, Nicolas eta Charlieri. Flaming Groovies edo Ty Segallen taldearen miresle hauen sona egunero doa handitzen Euskal Herrian eta beste batzuen artean Mikal Cronin, The Chrome Cranks, Eddie And The Hot Rods, Redd Kross, The Fleshtones, The Richmond Sluts, Kid Congo Powers edo The Bellraysrekin jotzen izan dira. Hemendik gutxira, talde gazteek aipatuko dituzte beraiek kontzerturen batean kointziditu ostean. Ez galdu aukera zuzenean ikusteko.

NUEVA VULCANO

Nork ez du gogoratzen bigarren JAZPANAn bartzelonarrek eskaini zuten kontzertu ikaragarria? Gure talde kuttunen artean genituen eta sinetsi ezin bagenuen ere, gurean izan genituen Los peces de colores lana aurkezten. Ondo zaindu genituen eta gustura itzuli ziren etxera. Aurten, Todo por el bien comun EPa aurkezten, berriz ere Goierrin izango ditugu eta talde honek lan luze eta lan luze artean EPekin gozatzen duena kontuan izanda, ez dugu zalantzarik jazpanazaleak ere zirrara ahaztezin batekin utziko dituztela berriz ere. Kantu indartsuak izpiritu lasai batekin, hitz eder zein pertsonalak eta melodia indartsuak. Zer gehiago nahi duzue?

OLARIUS & BROTHERS

Musika gaixotasun moduan ulertu badaiteke, bi hauen artean patologia ezberdinak biltzen dituzte. Jon eta Egoitz edo Egoitz eta Jon Beasaingo gaztetxean hasi ziren beraien rock sesio zitalak eskaintzen baina bataioaren eguna, bigarren Jazpanan iritsi zitzaien. Horrezkero, Euskal Herrian zehar ibili dira beraien sesio amaiezin zein dibertigarriak eskaintzek. Olarius & Brothersen sesio batean edozer gauza entzun daiteke, eta edozer gauza pasa daiteke. Horregatik gustatzen zaizkigu hainbeste eta horregatik gonbidatu ditugu berriz ere Jazpanara.

NIKKIN

Musika estilo batean finkatzea zaila den bakarlaria da Nikkin. Izen honen atzean Igor Alustiza multi-instrumentista beasaindarra topatzen dugu eta bere musika influentzia ugari batzen dituen proiektu batean aurkezten da.
Pasa den urtean Murgil tabernan izan zen JAZPANA Herrian ekimenaren barnean Jon Eskisabelekin batera Fixed Tonight proiektuarekin.
Atzera begiratuz gero, Spurium, The Gu edo Zero taldeetan ibili izan da Igor. Oraingoan, bakarlari moduan datorkigu eta bere abestien zuzenekoez gozatu ahal izango dugu JAZPANAko eskenatoki handian. Bertan, ordenagailuaren grabatu eta loop bidez antolatzen dituen pistak eskainiko dizkigu pixkanaka, eta puzzlea osatzen doan heinean abestiek indarra hartzen duten bitartean.

CRAZY YOUNG

Crazy Young Ordizia eta Ataun artean sortutako taldea da. Bateria, bi gitarra eta baxu kantari batek osatzen dute. Ibilbide luzeko musikariak ditugu guztiak eta beraien bizitzan zehar hainbat estilo zein influentzi bildu dituzte. Azkenaldian, banda handien tributuak eskaintzen aritu dira eta azkena, Neil Young handiari eskainitako izan da. Emaitza ederra izan zen eta proiektua denboran luzatzea erabaki zuten. Hori dela eta, Jazpanan izango ditugu Rock & Roll, Folk eta Countryaren zaleak asebete uzten.

BUFFALO

Azken urteetan beti izan dugu talde instrumental bat gutxienez JAZPANAn eta aurtengoan ere horrela izango da nola ez.
Oraingoan Buffalo zarauztarrak izango dira ardura honen jabe eta jakin badakigu ez dutela kalerik egingo. David, Ander eta Joanesek osatzen dute 2008an sortu zuten talde hau.
Horrezkero, makina bat kontzertu eskaini dituzte Euskal Herria zehar eta baita bertatik kanpo ere. Beste batzuen artean, pasa den urteko Kutxa Kulturean izan genituen eta aho zapore ederra utzi zieten gerturatu zien guztiei. Zuei ere gauza berbera gertatuko zaizue ziur beraien kontzertura gerturatzen bazarete.

BEACH BEACH

Chorus gitarra distiratsuek, baxu saturatuek, fuzz ikutuek eta tempo altuek osatzen dute atsedenik gabeko erritmo dardaratsuez beteriko lan hau.
The Sea 80. hamarkadako jangle zein power pop doinuetara jauzi bat da. Sarah Records edo Flying Nun etxeetako taldeak gogoratzen ditu eta 90. hamarkadako lehen indieak zein soft rock klasikoek ere badute bere eragina.
Disko honek oso garbi ez dugun etorkizun ilun eta samingarriaren inguruan hitz egiten du, galdutako aukerez, traizioaz, koldarrez betetako mundu batean heldua egiteaz. Beach Beachen azken lan hau irailean kaleratu zuten baina horren aurretik, Primavera Sound edo Britainia Handian buruturiko bira batean aurkeztu dute. Hurrengo zita, Jazpanan izango dugu.

ZA!

Za! bi pertsonek osatzen duten ozeanoz bestaldeko zein primitiboki futurista den orkestra bat dugu. Beraiek, Spazzfrica Ehd eta Papa duPau ditugu.
2011an mundua alderantziz jarri zuten beraien Megaflow lan gogoratuarekin eta 2013an, ez zen gutxiagorako izan Wanananai LParekin lortu zutena. Azken lan honekin mundu osoan zehar ibili dira kontzertuak eskaintzen eta hortxe topatu dezakegu talde honen indargune nagusia (Rockdeluxe aldizkariak 2013 zuzeneko hoberenaren saria eskaini zien).
Bikote honen grina nagusia imajinatzeko ia ezinezkoak diren nahasketak gauzatzea da. Hots, jazz afrokubatarra postrockarekin, dancehall jamaikarra grungearekin, rave festa bateko elektronika noise industrialarekin edo Baliko doinuak Black Sabbathekin. Bai, tipo hauen irudimena ozeanoz bestalde baino, planeta honetatik haratago dago.

IT'S NOT NOT

Zenbat gustatzen zaizkigun talde mitikoen itzulerak! Oraingo honetan, Bartzelonako superbanda alternatibo aktiboenetako bat izango dugu Jazpanan.
Post-Punk talde hau Dies Irae, Tokyo Sex Destruction, Veracruz edo Standstill bezalako taldeetako kideek osatzen dute eta itzulera honetarako, The Unfinished Sympathy taldeko Eric Fuentes batu zaie.
Talde standby egoeran utzi zutenean hiru LP zituzten bizkarrean BCore disketxean eta gaur egun, material berria prestatzen ari dira. Talde hau osatzen dutenak oso musikari onak dira eta hori ziur, Bernedoeneako eskenatokian argi eta garbi geratuko da. Kalerik egin ezin daitekeen horietako kontzertu bat.

CAPSULA

Zer esan Capsularen inguruan Lehen JAZPANAn izan genituen eta herria goitik behera astindu zuten.
Gu ere sentsazio berberarekin geratu ginen eta seigarren edizio honetan berriz ere beraien zuzeneko ikaragarriaz gozatu ahal izango dugu. Beraien azken lana Solar Secrets izan da eta hemen izan genituen azken alditik gora egin du nabarmen hirukote argentinar bilbotarrak.
Estatu Batuetan harrera ederra izan dute beraien azken lanek eta makina bat bira burutu dituzte bertan. Capsulak RockN Rolla egiten du bai baina hirukote hau hori baino askoz gehiago da. Capsula, RockN Rolla da.

LASERS

Poparen magiak, unibertso elektrikoak eta literaturak batak besteari traba egiteari uzten diotenean musikak gidaritza hartzen du bestela kaos madarikatua besterik izango ez litzatekeen horretan.
Oraingo honetan, Lasers hirukote bartzelonarra izango da balentria honen ardura izango duena. Erraietatik ateratzen den elektronika zintzoa, sample eta soinu zikliko nekaezinak bihotz bati bizitza ematen dion odolaren bulkada jarioaren moduan.Lasers EParekin hasi zuten ibilbidea eta Juno LParekin jarraitu dute bidea Marco Morgioneren gidaritzapean (Delorean eta El Guinchoren teknikaria). Datozen hilabeteetan mundu osoaren ahotan izango den taldea dugu Lasers eta horren aurretik JAZPANAn beraien zuzenekoaz gozatzeko aukera izango dugu.

DJ COCO

Bartzelonako eszena indiea ulertzeko, DJ COCO, entzun beharreko DJa da. 15 urte daramatza bere hiriko zein Europako kabinetatik igarotzen eta beste batzuen artean, Berlin, Paris, Estocolmo, Londres edo Moscun izan da mota guztietako jendea dantzan jartzen (uda honetan adibidez, Helsinkin izan FLOW Fest edo Los Angelesen FYF jaialdi handietan musika jartzen).
Azpimarratu behar da Nitsa Club-aren dj residentea dela eta hainbat alditan Primavera Sound jaialdia ixten duela bere sesio mitikoekin. Cocoren sesioak dantzagarriak direla esan dugu eta horrela da; electro, rock, sitie, disco, indie edo mashupak entzule zein jaialdiaren arabera baina beti, bere marka utziz.

Badakigu zein ordutan amaituko duen Jazpanan baina ez dugu uste bere sesioaren ondoren inork etxera joateko gogorik izango duenik. Benetan, ez galdu saio hau bestela, noiz edo noiz, damutu egingo baitzara. Estatu mailako DJrik garrantzitsuenetako bat izango dugu gure herrian bertan (Pasa den urtean, hoberenaren saria jaso du Rockdeluxe aldizkarian).

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.