Mikel Unzurrunzaga Schmitz da Makalaren benetako izena. Bere curriculum oparoari begiratu azkar bat emanez gero, honatx bere jarduerak: Zarauzko baxu jole, ekoizlea eta disko jartzailea, Donostiako Elektronikaldia jaialdiko arduradun artistikoa, Novophonic diskoetxe desagertuaren kide izandakoa, Europan barrena aunitzetan ibilitakoa disko jartzaile modura Berlin bezalako hirietan musika jarriz, sesio bero eta dibertigarrien egilea, musika beltzaren eta elektronikaren maitalea, hainbat bildumatan parte hartutakoa (hainbat artistarekin ere kolaboratu du), Entzun! eta The Balde aldizkarietako kolaboratzailea... Makala Sound System gisa aritu da eta Global Funk-eko kidea da baita ere. 2012ko udaberrian proiektu berri bati ekin zion: Makala Jazz Funk Band egitasmoa. Laukotea da eta musikari hauek osatzen dute: Antxon Sarasua (teklatuak), Ander Ederra (gitarra), Juan Otegi (bateria) eta Mikel Unzurrunzaga (baxua).