Timon irmok manta
Robert Aiki Aubrey Lowek, Lichens edota Rob Lowe izenez plazaratu ditu
dagoeneko hainbat grabaketa, baina hau da bere izen osoa erabiltzen duen
lehen aldia. Horrekin bere lan zintzoena edo intimoena dela esan ote
nahi duen ez dakit, baina bere nabarmenetako bat dela garbi daukat, eta
niregan eragin biziena eta sakonena izan duela ere. Oraingo honetan,
abesti beraren bertsio bana eskeintzen digu diskoaren alde bakoitzean.
Istrumental hutsa lehena, bere ahots bitxiaz hornitua bigarrena. Era
batera edo bestera, sintetizadoreen presentzia boteretsua da nagusi.
Magma bolkaniko batetan murgildutako soinu baxu lodiak, errepikakorrak,
hipnotikoak, zigor gozo baten moduan astintzen zaituzte.
Oinarrian
80. hamarkadako John Carpenter-en soinu banden edo Cabaret Voltaire eta
DAFen intentsitatearen aztarnak ikusten ditut. Baina, nolabait,
Robert-ek berezkoa duen epeltasuna gehitzen die. Batik bat, B aldean
bere ahotsa azaldu eta ukitu kosmiko eta psikodelikoa agertzen denean.
Une horretan Fonal diskoetxeko hainbat talde edo Current 93 eta
Akauzazte modukoak gogorarazten ditu. Haiek bezala sasi-folk edo, hobe
esanda, anti-folk esoteriko eta liluragarri horren mamuak ederki deituz
eta etorri araziz.
http://typerecords.com/releases/timon-irnok-manta-2