Osakako kontzertua
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Uda partean jakin genuen Japoniara joango ginela hainbat kontzertu eskaintzera. Joan baino lehen, bidaiak egiten diren gehienetan bezalaxe, hangoari buruzko informazio gehiena biltzen saiatu nintzen. Lan erraza, polita. Askok bidaiaren parterik ederrena dela diote. Honela ba, liburuek eta han egondakoen kontakizunekin, informazio guztia maletan sartu, eta prest nengoen abentura honi heltzeko. Gauzak, hala ere, jakitera ailegatzen ez garen horregatik, ez dira beti batek pentsa lezakeen bezala gertatzen, eta, Naritako aireportura heldu ginenetik, egunero ibili naiz aurrez bildutako guztia izkinetatik galtzen. Tokioko metroan, Shinjukuko dorre amaitu ezinen artean, shake botila baten inguruko alaitasunean zein aireportuko agurraren malko artean. Bueltatzeko egunean euria ari zuen eta zalantzak ez zitzaizkidan maletan sartzen.
03.11.22 Larunbata
Hemen jaiotzen dela diote, eta amaitu ezina zirudien Bilbo-Londres-Tokio hamabost ordutako bidai baten ondoren, hementxe genuen eguzkia gure zain. Berarekin batera, zortzi egunetan zehar gurekin ibiliko diren lagunetako batzuk. Naritako aireportua Tokiotik 60 kilometrotara dago, eta bidaiatxo hau egiteko ia bi ordu eman ondoren hasi gara non gauden ohartzen. Ongi etorriak Japoniara!
Gaur lehenengo gaua Japonian. Ez dugu kontzerturik eta bidaiak lur jota utzi bagaitu ere, mahai luze baten inguruan lurrean eserita Japoniako janaria ezagutu dugu, eta, nola ez