CDak oso harrera ona izan du. Ez da harritzekoa, Bonberenea Txarangaren sena kutsagarria baita: bere alaitasuna, bizitasuna, gatza eta piperra. CDa jarri, eta konturatu gabe jauzika hasten gara etxean, kalejiran. Tabernaren batean entzun izan dugunean bezala, edo Bonberenea Txaranga bera Tolosako kaleak alaituz ikusi izan dugunean bezala. Beren kalejiretako giroa eta umorea, CDaren piezetan eta azaleko irudian bertan antzeman ahal da. Hogei gaztek dihardute Bonberenea Txarangan. Oso ondo pasatzen dutela nabari da. Soberan dute ilusioa eta freskotasuna. Deabruak Teilatuetan, Kortatu, Benito Lertxundi eta beste hainbaten abesti ezagunen txaranga bertsioak egiten dituzte. Doinu horiek eta beste hainbat melodia herrikoi, inauterietako eta ohiko txaranga piezekin nahasten dituzte. Aipagarria da Jone kantariaren parte-hartzea, eta baita grabazio bera ere: musika tresna bakoitzak betetzen duen tokia ederki zehaztu dute, eta beren doinuak garbi eta ozen entzuten dira.