entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Unai Lobo (Betagarri) 2004-01-04

BETAGARRI Japan tour

Osakako kontzertua Osakako kontzertua

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Uda partean jakin genuen Japoniara joango ginela hainbat kontzertu eskaintzera. Joan baino lehen, bidaiak egiten diren gehienetan bezalaxe, hangoari buruzko informazio gehiena biltzen saiatu nintzen. Lan erraza, polita. Askok bidaiaren parterik ederrena dela diote. Honela ba, liburuek eta han egondakoen kontakizunekin, informazio guztia maletan sartu, eta prest nengoen abentura honi heltzeko. Gauzak, hala ere, jakitera ailegatzen ez garen horregatik, ez dira beti batek pentsa lezakeen bezala gertatzen, eta, Naritako aireportura heldu ginenetik, egunero ibili naiz aurrez bildutako guztia izkinetatik galtzen. Tokioko metroan, Shinjukuko dorre amaitu ezinen artean, shake botila baten inguruko alaitasunean zein aireportuko agurraren malko artean. Bueltatzeko egunean euria ari zuen eta zalantzak ez zitzaizkidan maletan sartzen.
03.11.22 Larunbata

Hemen jaiotzen dela diote, eta amaitu ezina zirudien Bilbo-Londres-Tokio hamabost ordutako bidai baten ondoren, hementxe genuen eguzkia gure zain. Berarekin batera, zortzi egunetan zehar gurekin ibiliko diren lagunetako batzuk. Naritako aireportua Tokiotik 60 kilometrotara dago, eta bidaiatxo hau egiteko ia bi ordu eman ondoren hasi gara non gauden ohartzen. Ongi etorriak Japoniara! Gaur lehenengo gaua Japonian. Ez dugu kontzerturik eta bidaiak lur jota utzi bagaitu ere, mahai luze baten inguruan lurrean eserita Japoniako janaria ezagutu dugu, eta, nola ez shakea. Egia esanda, beraiek alkohol guztiari deitzen diote shake, baina guk shake bezala ezagutzen dugun horrekin afaldu dugu. Beroa edaten dute, eta sartzen den bezain ondo igotzen da burura. Arrai gordinak Shashimi izena du, eta horixe da, besterik gabe, arrai gordina, eta ez pentsa fin-fina ebakitzen dutenik. Hori bai, ez dauka inongo arrandegi usainik, fresko-freskoa da. Jantoki askotan bertan dituzte arrainak bizirik, eta zerbitzatzeko momentuan hiltzen dituzte. Langostino gordinak ere dastatu ditugu (ausartu dena). Gaua garagardoen artean bukatu dugu Waki mitikoaren Tibet-Tibet tabernan. Oroigarri horiek ez al ziren ba eramateko?

P.D.: 26. pisu batetik egon gara hiria ikusten. Amaitu ezina da Tokio.

03.11.23 Igandea

Hemen, japoniarrek imajina ezinezko garrantzia ematen diote puntualtasunari, eta gaur goiz jaiki gara Kawasakiko Club Citta-n egin behar genituen soinu frogetara garaiz heltzeko. Tokio alboan dago Kawasaki. Ska festibal batean hartu dugu parte, beste bederatzi talde japoniarrekin batera, eta hemengo musika-munduarekin gure lehenengo kontaktua izan da. Egiten duten guztian antzeman daiteke haien profesionaltasuna. Kontzertuak antolatzerakoan gu baino askoz aurreratuago daude (gauza gehienetan bezala). Ska klasikoa jorratzen duten hainbeste talderen artean gu, gure distortsio zikinekin, gaueko makarrak izan gara. Ikuslegoa flipatzeko modukoa da. Kontzertu aretoetan hemengo igerilekuetako takilen antzekoak daude, eta hara heltzean jendeak arropa aldatu eta kontzertura sartzen da (egia esan ia-ia mozorrotu egiten dira). Gaur, ikuslegoaren gehiengoa traje, gorbata eta kapela jantzita zihoan, guztiz skatalitikoak. Kontzertuan zehar ikaragarriak egon dira. Kontzertua amaitzean, berriro aldatu dira eta etxera.

P.D.: Hemen inon ez dago sardexkarik eta inork ez daki ingelesez. Eskerrak gu erdi mimo erdi pailazo garela.

03.11.24 Astelehena

Atzo ere berandu oheratu ginen, eta aipatutako profesionaltasun hori dela medio, gaur ere ezin izan dugu ia lorik egin, soinu frogak eguerdiko ordu bata terdietan izan baitira. Gu, saiatu behintzat, saiatzen gara puntual heltzen (ez dugu beti lortzen) beraiei errespetua adierazteko. Gaurko aretoa Club Phase da, Tokion bertan. Besteak beste Euskal Herrian ezagututako The3Peace taldearekin aritu gara. Urte bat zeramaten jo gabe, erdi banaturik, eta egon den jende guztiari ilusio handia egin dio haiek berriro elkarrekin ikusteak. Soinu froga amaitu eta Shinjukura joan gara. Nolakoa den ideia egiteko, gune honetan oinarritu zen Blade Runner film mitikoa. Honek bai betetzen duela jende orok Japoniari buruz daukan ideia. Neoizko argiz beteriko dorre erraldoiak, telebista pantaila itzelak (nire etxekoa baino hobeto ikusten direnak), dendak non nahi eta jendea, leku guztietatik jendea, milaka pertsona. Kalean hainbeste jende egoteak Euskal Herrian jasan ezinezko zarata suposatuko luke, baina hemen harrituta utzi gaituen isiltasuna entzuten da, edo, hobe esanda, ez da entzuten. 20 edo 30 metrotara kokatuta dauden telebistak entzuten dira zoru mailan dagoen isiltasunari esker. Bihar goizeko sei terdietan irtengo gara Osakarantz!!

P.D.: Zeinen txikiak garen.

03.11.25 Asteartea

Gaur goizean hasi naiz japoniarrak eta beren profesionaltasuna gorrotatzen. Ez al dakite ba, musikariok ezin dugula, fisiko zein moralki, goizeko seietan altxatu? En fin. Hasiera besterik ez da izan. Osaka Tokyotik 525 km-tara dago, tira, ez da gehiegi12 ordu!!! Hamabi ordu egon gara furgoneta batetan sartuta! Autobidean obrak, istripuren bat baina hemen inor ez da larritzen, eta are gutxiago haserretzen. Furgonetan gindoazenak, bederatzi edo hamargarren ordutik aurrera deliratzen hasi eta negar egin arte egin dugu barre. Aretora berandu heldu gara, noski, eta hori hemen beno, azkenean oso gustura geratu dira kontzertuarekin. Kazetari batek musikari buruzko bi galdera eta Athletic, Erreala, Ibarretxe plana, Egunkaria, Presoak, Batasunari buruzko hamaika galdera egin dizkit. Inguratuta ditugu! Hotelera bueltan, flipatzen jarraitzeko beste aukera izan dugu. Adi! Bidegurutze batean bospasei polizi auto ikusi ditugu, hiru motoristen atzetik. Argiak, sirenak gure aurretik pasa dira eta, semaforoa gorria jarri denean poliziak gelditu egin dira! Motorretakoak aurrean, itxoiten, barrezka noski, eta berde jarri denean, berriro denak aurrera. Balzai!.

P.D.: Hau kontatzean ez digute sinistuko.

03.11.26 Asteazkena

Gaur jai. Atzo Osaka ikusteko aukerarik izan ez genuenez, goiza hemendik ibiltzen eman dugu. Osakak ez dauka Tokiorekin zerikusi handirik, bertako jendeak batez ere. Herrialdeko bigarren hiria da, eta Japoniako latinoak deitzen diete. Askoz ere irekiagoak dira, arazorik gabe begiratzen zaituzte (Tokion ez dute begirada mantentzen), eta egia esan, kalean alaiagoak direla ematen du. Hemen filmatu zen Black Rain. Manga komikietako uniformedun neskato ikasleak topa ditzakezu, eta argazki bat atera behar diezula ikustean barrezka hasi eta garaipenaren ikurra egiten dizute hatzekin. Guri dendetako kartelak gustatu zaizkigu gehien, bandera modukoak, japoniar ikurrez eginak, baina noski, ez daude salgai. Arratsaldean hotel berri batera joan gara, luxuzko hotel pribatu moduko bat (Shogo, gure kontaktuaren txantxuiloak). Berriro ordu piloa egin dugu furgonetan. Heltzean, denborarik galdu gabe biluztu, bata jantzi eta uretara sartu gara. Sartzea benetan zaila izateraino bero dauden termak gozatu ditugu hotelaren lehenengo pisuan. Beraiek isil-isilik daude han, erlaxatzen, eta gu Aquaparkean egongo bagina bezala. Xaboiak, kremak Jada ez ditut hainbeste gorrotatzen.

P.D.: Hoteleko kafetegian ez didate etxeko zapatilekin gosaltzera sartzen utzi.

03.11.27 Osteguna

Herrialde ezezagun eta ikaragarri honetan geure buruaz zaintzeko kapaz sentitzen hasi gara. Gutxi gorabehera. Baliteke honelako sentsazioaren arrazoia, termak, hotela eta lo egiteko izan dugun aukera izatea. Gaur gure egonaldiaren erdia pasa dugu, eta bueltatzeko ordua urrunean agertzen zaigu, lasai asko, guregana gerturatzen. Gaurko kontzertua benetan izan da polita, ez handiena, baina oso polita. The Bottom Line-en, Nagoyan. Batu ondoren, kalera irten garenean, japoniar talde bat izan dugu gure zain, gure diskoak erosita, gurekin egon eta argazkiak egiteko asmoarekin. Argazki piloa egin dugu, japoniar petoak bezala. Aretoaren alboan kokatutako jatetxe batean afaldu dugu beste taldetako jendearekin, ederto. Pena handia da hemen ia inork ingelesez ez jakitea, beraiek ere guri buruzko dena jakin nahi baitute, eta oso zaila da eskuekin keinuak egitea zotzekin jaten duzun bitartean. Hala ere, ederra izan da hainbeste jende ezagutzea.

P.D.: Iturgaiz ezagutu dute japoniarrek. Legebiltzarretik botako dute, ezta? diote. Ziurrenik.

03.11.28 Ostirala

Gaur, Tokiorako bidaian, Fuji mendia ikusi dugu, sumendi bat da, hobe esanda, eta Japoniako altuena da. Nik txikitan margotzen nituen mendien antza dauka. Gaurkoa erosketak egiteko eguna izan da. Nagoyatik heldu bezain pronto auzoko dendetara abiatu gara etxekoentzako opariak erostera. Erosketen kontua aipatzen dudala, suposatuko duzue zer nolako tramankuluak erabiltzen dituzten hemen. Telebista pantaila lauen kontua beste mundu bat da, edozein etxetresna ere flipatzekoa, eta ordenagailuak, en fin. Harrigarria ere mugikorren maila. Behckam-ek argazkiak egin eta bidali ditzakegula saltzen digute guri, eta hauek bideo-konferentzia egiten dute mugikorrarekin. Telefono guztiek, noski, kamera digitala dute. Nirea museo baterako erosi nahi izan didate. Guk zotzak, katiluak eta abarrekoak erosi ditugu, kamera gabekoak, baina etxean ilusio handia sortaraziko dutenak. Espero.

P.D.: Kakik, azkenean, auzoko elektronika dendara eraman gaitu. Mila esker Kaki.

03.11.29 Larunbata

Tokion bertan aritu gara gaur, Ueno auzoan, (hemen auzoak Bilbo baino handiagoak dira) The Church izeneko klub batean. Azkeneko kontzertua izan da, eta zazpi egun hauetan zehar ezagutu ditugun lagun gehienak gerturatu dira. Agian azkena zela genekielako, edo batek daki zergatik, baina bostetatik onena izan dela esango nuke. Soinu frogatik irten eta kontzertua hasi bitartean Uenoko kaleetan murgildu gara hainbat irudi grabatzeko, bueltan bideo-klip bat osatzeko asmoarekin. Zer edo zer egingo dugu. Esan bezala gaurko gaua berezia izan da, guztiok baikenekien azkenekoa zela. Aireportura lagunduko gaituzten lagunentzat izan ezik, agurren gaua izan da gaurkoa. Garagardo, jai, dantza, tristura eta sentsazioz osaturiko giroa sortu da. Asko izan dira beraien herrialdeari buruz jaso dudan iritziaz galdetu didatenak, eta benetan, ez dut jakin zer erantzun. Lehenengo egunetan pentsatzen nuenak ez du zerikusi handiegirik gaurkoarekin, eta daukadan sentsazio bakarra ezjakintasunarena da. Datorren urtean berriro bueltatzeko aukera airean geratu da, esperientzia ederra izan baita guztiontzat, eta azkenean hori izan dugu, igeri egiten ez dakienari botatzen dioten euskarriaren modura, gaueko tristurari irribarretxo txikiak lapurtzeko aitzakia.

P.D.: Ezinezkoa dirudi zortzi egunak jada pasatu izana, baina, aldi berean, bizi osoa hemen egon izanaren sentsazioa dut.

03.11.30 Igandea

Zeruan egunari orduak jaten. Orduak, gu jaten.

P.D.: Non daude gure maletak?

2004, OTSAILA - MARTXOA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.