Ezagutzen ez duzuenontzat, Ibon eta Rayco Mc-ek eta Aitor Dj-ak osatzen duten euskarazko rap talde bizkaitarra dugu Norte Apache (Ezkerraldea eta Bilbokoak dira). 2009an Hesiaren beste aldean aurreneko lana kaleratu zuten eta urte bat geroago Parisen eskainitako kontzertu batean grabatutako zenbait abesti biltzen zituen Zuzenean diskoa. Taldea sortu zenetik aldaketak jasan dituen arren, 121 Krew eta MAK bezalako taldeekin euskaraz abestutako raparen bigarren belaunaldiko partaide nabarmenetakoak ditugu Norte Apache taldeko lagunak, aurretik ere ibiliak baitziren bestelako egitasmoetan euskal rapa zabaltzen.
Aurkezpenak aurkezpen, orokorrean, samplerrekin hasi eta ozen zein indartsu amaitzen diren kantuen bilduma da Quilombo. Oinarri sendo eta landuak dituen Norte Apacheren hirugarren lana, ihes egindako esklabo beltzek oihanean sortutako errepublika libreei abestutako omenaldi diskoa da. Aurreko lanekin alderatuz, disko landuagoa ezbairik gabe, rap doinuetara ohituta ez dauden belarrietan samurrago sartuko dena. Hitzak ere neurtuak dira (rapean ohiko ezaugarri dena), baina ez pentsa telebistan ezagun egiten dituzten hip-hop abesti horietan azaltzen diren hitz txepelak entzungo ditugunik, ez! Utikan diru merkea, ezkutuko lizunkeria sinplea eta kotxe garestiak! Salaketa eta kritika zorrotza dira Norte Apacheren ageriko armak. Baina, Quilombon amorruz abestutako kantuak nagusi diren arren, Ilargi bakarra abestian adibidez, maitasun deiadar sentikor bat aurkituko dugu.
Aipatu disko honetan herri indigenarekin lotuta egoten jarraitzen dute, taldearen nortasunari eutsiz. Ahotsetan, Miren Amuriza eta Aiora Renteriaren kolaborazioek melodia ezberdina ematen die Azal Gorriak, Alza tu voz eta Ilargi bakarra abestiei. Eta ezin dugu ahantzi 121 Krew taldeko Endika zein MAK kolektiboko Jonen laguntza, eta E-you Estudioetako Iker Eskurzak egin dituen baseak. Ederrak guztiak, sekulako disko gustagarria! Eta hori rapean aditua ez den batek diotsue. Atera kontuak beraz.
Amaitzeko, jakin badakigu MusikHerria herri diskoetxeak argitaratu zuen azken lanetako bat dugula Quilombo, berriki eman baitio amaiera 7 urtetako ibilbide oparoari. Baina amaierarik ez duena euskaraz abestutako rap eztanda da. Beraz, adi seinaleari!
DISKOA HEMEN DESKARGATU: http://norte-apache.blogspot.com.es/