entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Gorka Erostarbe 2006-07-06

FERMIN MUGURUZA “Oso irakaspen bitalista ekarri dut Jamaikatik, oso argitsua”

Fermin Jamaikan Fermin Jamaikan

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Aurrena talka edo clash. Ondoren elkartrukea. Eta bizipenak. Eta irakaspenak. Eta esperientzia. Eta Itxaropena. Eta argia. Horiek guztiak eta gehiago bizi izan ditu Fermin Muguruzak Euskal Herria Jamaica Clash diskoaren grabaketan, Kingstonen (Jamaika).
Lo kuluxkatxo bat bota berritan harrapatu dugu, baina adeitsu ireki digu bere etxeko atea, Irungo Kontrakale kalean. Bartzelonatik etorri berria da, diskoa aurkezten egon baita han. Gure elkarrizketa amaitu bezain pronto Madrilera abiatzekotan da, eta gero Parisera. Ondo dakigu musikari eta gizon ipurterrea dela, bizia, baina, Jamaikatik are indar eta bizitasun handiagoarekin itzuli dela dirudi. Azkar hitz egiten du, arrapaladan zenbaitetan; hainbesteko energiaz eta konbikzioz ezen gu ere ia kutsatu gaituen. Itxaropenez eta argitasunez mintzo da nola musikaz, hala Euskal Herriko egoera politikoaz, nazioartekoaz, eta Jamaikatik ekarri duen esperientziaz, han jaso dituen irakaspenez.

Neurri batean edo bestean, modu batean edo bestean, reggaea eta bere aldaerak beti egon dira zure musika ibilbideari lotuta. Harreman hori bururaino eramateko ahalegina da disko berria, horregatik grabatu duzue Jamaikan?

Ez dakit. Badaude beste modu batzuk ere genero horretara hurbiltzeko. Ni hara joan naiz kantu batzuekin eta haiekin itzuli naiz, baina bertako musikarien eraginekin kutsaturik. Ez da reggae disko bat osotasunean. Lehen konpasak, adibidez, soulak dira, eta badago ska, dub... eta horien inguruko erritmoak, baina baita zenbait oinarri elektroniko ere. Urte askoren ostean egin beharreko zerbait izan da hau. Zenbait jenderi azaldu nionean Kingstonen grabatu nuela disko berria, ez nuen ezustean harrapatu, eta horrek zerbait adierazten du: nahiko logikoa izan dela.

Zuek zeuok filmaturiko dokumentalean nabari da elkar ondo ulertu eta harreman joria izan zenutela Jamaikako musikariekin. Baina, kontutan hartu behar da bi musika eta kultur tradizio ezberdin aritu zinetela elkarlanean. Zer ekarpen jaso duzue bi kultur tradizio horien talkatik?

Lehen irakaspena izan da musika ospakizun bezala bizitzea, eta ez guk ospakizuna ulertzen dugun zentzu hertsian, baizik eta bizitzaren ospakizuna bezala. Oso irakaspen bitalista ekarri dut Jamaikatik, oso argitsua. Hori izan da talkarik handiena, baina baita irakaspenik handiena ere.

Aipatu izan duzu, grabaketa garaian egunerokoa festa bat balitz bezala bizi dutela, eta hasieran akaso kosta zitzaizuela horretara ohitzea ...

Disko berria grabatzeak estuasun sentsazio bat sortu ohi dit beti, badakidalako erantzukizun handia daukadala, eta nik neure buruari asko exijitzen diodala. Kontzentrazio handia eskatzen dute une horiek. Horregatik ez diot ia inori esaten disko berri bat grabatzen ari naizenik. Gustatzen zait nolabaiteko isolamenduan sartzea; musikariak, teknikariak eta ni bakarrik. Jamaikan harritu gintuen zenbat jende ibili ohi zen joan-etorrian estudioan. Kontzentratzeko esfortzu handiak egin behar izan genituen, besteak beste hizkuntzarengatik, baina aldi berean konturatzen ginen lan egiteko modu desberdina dutela, eta emaitza ona ematen duela. Gu, akaso, zenbait unetan preziosistagoak gara, gure kultura hori delako. Han zerbait ondo ateratzen bada, segituan egiten dute aurrera. Baina jotzen hasi orduko guztiok irribarrea genuen ahoan, eta hori irakaspen izugarria da.

Ezberdintasun handia al dago musika nola bizi duten haiek eta nola geuk?

Ez dut uste desberdintasun handia dagoenik. Gertatzen dena da, han toki guztietan omnipresentzia duela musikak. Hau da, ni hemen kioskora noa, eta kioskoan ez dago musikarik, eta gasolindegian berdin. Zentzu horretan Latinoamerikaren antz handia dauka. Jendeak kalean ere abestu egiten du, saltzaileek... berezitasun batekin, dena reggaeren inguruan dela, nahiz eta bestelako musika ere entzuten duten. Funkya, rythm& bluesa... Hoteleko harreran lan egiten zuten emakumeek beti izaten zuten musika jarrita, eta bereziki Elvis Presley, edota Bob Dylan.

Bob Marleyren heriotzaren 25. urteurrena dela-eta zenbait ahots entzun dira Marleyren mitifikazioaren eta haren inguruko marketing guztia gaitzesten. Eurek nola bizi dute Marleyren fenomenoa?

Marleyren inguruan esaten diren gauza askorekin ados nago, eta beste askorekin ez. Marleyk utzi digun ondarea izugarria da. Badauka ezaugarri berezi bat: bere kantu bat entzuten duzunean, barruraino sartzen zaizu. Manu Chaorekin gertatzen denaren tankerako zerbait da. Akorde gutxi batzuekin jendearengana iristeko dohaina eta sentsibilitatea dute. Apaltasunetik asko transmititzen dute. Jamaikan leku guztietan ageri da Bob Marley. Bere argazkiak leku guztietan daude, baina baita bere esaldiak ere. Adibidez, esaldi mitiko hori: “Jendea askatuko dugu musikaren bidez”. Musikak zertarako balio dezakeen adierazten du horrek: libera gaitzake pertsonalki, bizitzak berak ezartzen digun zamatik, baina libera dezake gizartea ere, borrokaren bidez. Jamaikan leku guztietan dago ideia hori, eta jende guztiak errespetatzen du. Eta jende guztiak errespetatzen du Marley. Gauza bat da kuriosoa: Jamaikan garrantzia handiagoa ematen diote Marleyren jaiotzari heriotzari baino.

Beraien bizi filosofiaren adierazgarri da hori, ezta?

Oso adierazgarria da, kultur ezberdintasunak adierazten dizkigulako. Haiek ospatzen dute bere urtebetetzea, nolabait bizirik dagoenaren seinale. Iaz bere 60. urtebetetzea litzatekeena ospatu zuten. Sekulako mugimendua egon zen, Etiopian ospatu baitzuten, eta aurten Ghanara joan dira. 300 bat lagun mugitu dira Jamaikatik. Hori ikaragarria da. Heroi bat da, beste heroi politiko batzuen neurrian: Malcon X, Martin Luther King edo Che Guevara bezala. Baina haiek ez zuten musikarik egiten, eta Marleyk bai. Garai batean oso kritikoa izan nintzen Bob Marleyrekin edo, haren komertzializazioarekin. Linton Kwesi Johnsonen lerrokoa nintzen, zeina oso kritiko zorrotza zen Marleyrekiko. Dudarik gabe izan dela marketingaren beste produktu bat, baina Che Guevara bezala... Baina Bob Marley hil eta gero, bai Kwesi Johnson eta bai ni neu ere konturatu ginen zer motatako ikur eta ikono bilakatu den Marley ezer ez dutenentzako. Jamaikako jendearen autoestimarako izugarrizko erreferentea izateaz gain, periferiaren lehenengo garaipena izan zen. Lehenengo artista izan da mundu mailan eta periferian halako aintzatespena lortu duena.

Toots, U-Roy, I-Threes, Luciano, Lisa Dainjah, Masta Blasta, Clive Hunt... Jamaikako musikaren selekzio moduko batekin lan egiteko aukera izan duzu. Nor edo nork harritu, liluratu al zaitu bereziki?

Denen parte hartzea izan da izugarria. Denekin geratzen ginen txunditurik, baina zerbaitek benetan harritu bagintuen, izan zen zer motako diziplinarekin lan egiten duten. Esaterako, harrigarria da Rita Marley bezalako legenda bat eta haren I-Threes horrela joatea estudio batera apal-apal, eta gurekin lan egiten jartzea, eta izugarrizko diziplinarekin gainera. Koro zuzendaria eraman zuten eta goiz osoa igaro zuten errepikatu eta errepikatu. Beste irakaspen bat izan zen. Gero entzuten duzu beraiek egindakoa eta oso freskoa dirudi, badutelako maisutasun bat. Baina lana oso zorrotz egiten dute.

Irudipena dut zuretzat jada musikak ez duela zentzurik elkar trukerik ez badago, zu eta beste zenbait musikariren arteko talka hori ez badago...

Baliteke, baina ez da nik aurretik pentsatua. Zuk orain esaten didazula... Aste honetan gauza asko ikasten ari naiz, jendeak esaten didalako nola hartu duen diskoa... Eta orain konturatzen naiz egon litekeela horrelako zerbait. Ez dut nik bilatzen, baina berez ateratzen zait. Izugarria iruditzen zait musikak duen gaitasuna beste jendearekin elkar-ulertzeko, eta horrek asko motibatzen nau, baina, erronka ezberdinek ere motibazio handia sortzen didate, eta, adibidez, horregatik egin nuen umeentzako antzerkiarena.

Jende askorekin lan egin duzu, jende asko ezagutu duzu. Horrek, batetik, aberastuko zaitu, baina bestetik, ez al dizu ezegonkortasun edo iragankortasun sentsazioa uzten? Hau da, zaila izango zaizu ezagutu eta lan egindako jende guztiarekin harremana mantentzea ...

Musikari pila batekin lan egin izan dut, baina badago taldetxo bat beti nire ondoan, eta horrek ziurtasun emozional handia ematen dit. Babesa. Disko batean edo une batean ez egon arren, hurrengoan egon daitezke. Hor daude Mikel Abrego eta Sorkun aspalditxotik. Eta, azken biran, batez ere, Jon Elizalde, Xabi Solano, DZ... Ekainean bilkura bat egingo dugu Erroman. Horiek eta nirekin Dub Manifest-en ibili zen Oscar Benas. Zazpi musikariok bilkura bat egingo dugu. Lagun minak gara denok. Horren ondorioz sortu da lotura bat Euskal Herriko musikari askoren artean. Badago sare bat eta denon artean izugarrizko harremana dugu. Hori niretzako gauza handia da.

Izen propio asko ageri dira disko berriko zure letretan: Egaña, Ezkurra (erremontista), Mikel Laboa, Tom Waits, Woddy Allen, Atxaga, Monterroso, Wharhol, Hommer Simpson, Bill Gates, Beamon... Jendearengana heltzeko amuak izan litezke? Salbuespenak salbuespen, zure kultur erreferentzien bilduma bat osatzen dute?

Izan daiteke. Beste zenbait diskotan ere izenak azaldu izan dira. Jende asko bere existentziaren kaosa saiatzen da ordenatzen edo interpretatzen ametsen bidez. Nik sarri kantuen bidez egiten dut. Gustatzen zait gustuko jendea nire kantuetara ekartzea eta hor elkartzea. Banuen lagun min bat, hil zitzaidana, Patti Smithen oso zalea, eta osatu nuen bien arteko solasaldi fikziozko bat, kantu batean. Fikzioa eta errealitatea nahasten ditut zenbait kantutan. Gustatzen zait miresten dudan jendea sartzea nire kantuetan. Agur edo keinu baten modukoa da.

In-Komunikazioa zure aurreko lan harekin alderatuz, doinu argixeagoak eta baikorragoak landu dituzu azken honetan. Euskal Herriko egoerak izan dezake horretan eraginik?

Bai, lan hau 2005ean hasi ginen prestatzen eta orduan usaintzen genuen jada sukalde lana egiten ari zirela, zerbait mugitzen ari zirela. Eta nazioartean ere ikusi dugu Inperiotik at beste alternatibarik badagoela. Evo Moralesen garaipena Bolivian garrantzitsua izan da, eta justu Jamaikatik itzultzean, batetik ETAren su-etenaren iragarpena jaso genuen eta bestetik, Moralesek erregaiak nazionalizatuko zituela iragarri zuen. Zenbaitek kritikatu du ez dela erabaki ona, eta nire ustez, aldiz, Morales oso zuhurra izan da, erregaiak nazionalizatuko dituela esan baitu, baina ez die eskatu lapurtu duten guztia itzultzeko.

Zure ibilbide osoan zehar beti landu dituzu jarrera, mezu eta letra erreboltariak, borrokalariak. Jolas baten modukoa planteatuko dizut. Anarik esana du bere azken lanaren ostean, apur bat nekatu dela beti bere zilborrari begiratzeaz, eta, akaso, hurrengoan gai sozialagoak landuko dituela, ez hain barnerakoiak. Zuk ikusten al duzu zeure burua alderantzizkoa egiten?

Bada, justu Anarik esan zidan In-Komunikazioa atera nuenean, ni kontrako bide hori egiten ari nintzela, eta bera hasiko zela neure ildoa jorratzen. Gertatzen dena da, nik esan niola bide horretara sartu-irtena baino ez zela izan nirea, jada nekatu nintzela, tristeziaren olinpiadetan oso posizio txarrean geratu nintzela, eta berriz ere banatorrela neurera (kar, kar, kar). Anarirekin oso harreman ona dut, eta gainera reggaea oso gustukoa du. Anarik kristoren umorea dauka. Lehengoan, Jaimakan egin genuen dokumentala ikusten ari zela mezu bidez berak asmaturiko txiste bat bidali zidan, oso ona eta berezia.

Ea ba, zer dio txiste horrek?

“-Eta zu, nolatan Jamaikan diskoa grabatzen eta skineto pinta horrekin. Ez duzu rastarik eta”. Eta erantzuten dio Ferminek: “Eh aizu, nik baditut rastak, eta oso luzeak, baina Sarriren trikuak bezala, barrurantz”.

Eta zuk gustukoa al duzu Anari, edo zure anaia Jabierren musika ildoa?

Bai, asko gustatzen zait, ez nik egiteko, baina oso gustukoak ditut eta errespetu handia diet. Egunen batean kolaborazioren bat egin behar banu beraiekin, poz handiarekin egingo nuke. Asko gustatzen zait une honetan Euskal Herrian dugun aberastasun musikala, edozein esparrutan. Ea zein herrialdetan dagoen hemen dugun aberastasuna!

Orain lau bat urte, aldiz, Euskal Herriko musika egoerak ez zintuela guztiz asebetetzen adierazi zenuen.

Uste dut hori ziklikoa izaten dela, eta berriz ere aldatu da. Une horretan iruditzen zitzaidan ez zela ateratzen ezer berria eta interesgarria, baina berriz ere ikusi dut talde interesgarri asko dagoela edozein esparrutan.

Aniztasun handia dago, ezta?

Bai, pena bakarra daukat; raparena. Nola da posible Bertso-Hop kantua egin genuenetik 16 urte pasa izana, eta gerora esparru hori ez sendotu izana? Selektah Kolektiboa kristoren taldea zen, baina desegin da, Mak taldea ere desegin da... Baina, hala ere, pentsatzen dut hip-hopak arrakasta izango duela gurean. Katalunian egon berria naiz, eta han talde mordoa sortu da orain katalanez abesten, beraz gurera ere helduko da. Nik iragarri nuenetik 20 urtera, baina helduko da (kar, kar, kar).

Kortaturen La linea del frente kantua berreskuratu duzue disko berrian. Behin baino gehiagotan adierazi izan duzu euskal presoak aske geratzean Kortatu osatuko duzuela berriro. Gertuago ikusten al duzu aukera hori?

Bai. Iñigorekin hitz egin beharko dut entseatzen hasteko eta... Datak jartzea arriskutsua da, baina nik esango dut, 2010ean zergatik ez? Preso dagoen lagun min bati helarazi nion mezu bat –debekatua baitaukat presoak bisitatzea– esanez hasiko garela Kortaturen kantuak entseatzen, eta ea 2010. urterako egiten dugun. Zera erantzun zidan: “Sinatuko nuke oraintxe bertan”. Nik bizi izan dut halako ospakizun bat Belfasten, eta izugarria izango litzateke hemen ere antzeko zerbait egitea. Zerbait handia egin beharko genuke, ez soilik Kortatu, baizik eta talde askorekin ongi-etorria emateko euskal presoei, horrek esan nahiko duelako prozesua martxan dagoela eta Euskal Herrian beste panorama bat izango dugula bai guk, baina baita gure ondoren etorriko direnek ere.





2006, EKAINA – UZTAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.