Dokumentazio lan izugarri baten fruitu dugun liburu hau ez da musika talde baten biografia arrunt bat, ez. Ingelesez 2004. urtean argitaratu zena, The Who taldeak 40 urteren buruan mundu guztian barrena eskainitako kontzertuen zerrenda dakar, laukotea the Detours deitzen zen hasierako garai haietatik John Entwistle baxu jotzailearen heriotzara arte, 2002. urtean. Hau da, britainiarrek bere ibilbide osoan (indar gutxiagorekin bada ere oraindik bizirik dirauenak) eskainitako 2.000 kontzertutik gora jasotzen dira liburuan, emanaldi gehienei bitxikeri edo datu bereizgarriren bat gehituz.
The Who. En vivo y en directo kronologikoki antolatua dago eta urte bakoitzaren hasieran ondorengo 12 hilabeteetan gertaturikoaren errepasoa egiten da, ondoren kontzertuak banan-banan aztertuz: noiz eta non egin ziren; kasu batzuetan kontzertuak izandako ikusle kopurua; taldekideek eta bertaratutako zaletu zein kazetarien iritziak; kontzertuagatik taldeak jasotako zenbatekoa; eskainitako abesti zerrenda; argazkiak zein afixak; eta noski, taldearen liskar, gaiztakeri, bitxikeri eta bestelako anekdota ugari.
Kontzertu zerrenda luzea bada ere, bereziki jorratzen dira taldearen historian esanguratsuak izatera pasa diren zuzeneko batzuk, tartean 1967ko Monterey, 1969ko Woodstock eta 1970ean Wight irlan eskainitako festibalak, Wembley estadioan zein New Yorkeko Madison Square Gardenen errenkadan eskainitakoak, 1977an Keith Moonek taldearekin eskainitako azkena eta urte bat geroago Cincinnatin bizitako zorigaitza, batzuk aipatzearren.
Bizi dugun 2010 honetan, The Who taldea ezaguna da mundu guztian eta eskaintzen dituen kontzertu bakanak milaka zaleren aurrean egiten ditu. Baina ez da beti hala izan, noski. Hastapenetan, The Who soinu bortitzeko rhythm and blues taldea zenean, ondoren mod mugimenduaren ikur izatera pasa zena, ia asteko zazpi egunetan Londoneko (eta ondoren Ingalaterra, Gales zein Eskozia) taberna zulo eta teatro txikitan eskaintzen zituen kontzertuak. Eta guzti horiek ere jaso dira liburuan, talde ezagun baten hastapeneko materiala biltzea zaila izan ohi den arren.
Orain arte aipaturikoa irakurrita, batek baino gehiagok pentsatuko du
350 orri pasatxo dituen liburu mardul hau aspergarria izan daitekeela. Egia esan, eta The Who zale batek diotsue, kontzertuak bata bestearen atzetik errenkadan irakurtzea nekagarri izatera irits daiteke, baina hasieran aipatu bezala hau ez da The Who taldearen biografia liburu arrunt bat (horretarako gomendagarria duela urte batzuk Catedra argitaletxeak kaleratutako Mariano Muniesak gazteleraz idatzitakoa) eta beraz, The Whoren kontzertuetan bizi izan zen giroa (Pete Townshendek gitarra zein Keith Moonek bateria txikitzen zituzten estasi une horiek adibidez) zein taldeak egindako tour ezberdinek suposatzen zuten nekea islatzen du. Esan daiteke beraz, liburuak The Whoren kontzertuetara hurbildutakoek bizi izan zutena ederki helarazten duela. Eta hori nahikoa da (edo izan beharko luke) The Whoren une loriatsuak bizi izan ez genituenontzat.