entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2015eko ekainak 20 eta 21

Mendizabala (Gasteiz) Azkena Rock 2015

L7. L7.
Urteak joan, urteak etorri… inoiz ezagutu dugun jaialdirik onenak hor jarraitzen du. 14. edizioa bete du jada, eta ezustekoak emateko daukan gaitasunari erreparatzen badiogu, eternoa izango dela dirudi. Beste behin ere, kartel oso anitza eta estimulatzailea bildu dute antolatzaileek. Enegarren aldiz…

Hamaika ikusteko jaioak garen arren, eta era guztietako jaialdiak desagertzen ikusi baditut ere (haietako asko arrakastarik gehien zuten momentuan, gainera), betirako izango denaren sentsazioa darabilt buruan. Jada –aspaldi– jaialdiak bizitza propioa hartu duelako, batetik (fenomeno soziologiko eta musikal moduan), eta Azkena Rockik gabeko bizitza bat irudikatzea ezinezkoa zaidalako, bestetik.
Hala bada, urrun ikusten dut 2007a, noiz, 6. edizioa betetzeko zen urte hartan, desagertzeko ere egon baitzen. Last Tour International erraldoi bihurtzen ari zen, eta hegoak zabaltze horretan, ARF ia sustraiak galtzera ere iritsi zen. BBK Liveren bigarren urtea zen, eta ia-ia jaialdi berri hark Azkena bera irentsi zuen. Diru laguntza publikoak lortzeko arazoak ere izan ziren, baina, orobat, bizirik jarraitzea lortu zuen. Eta bizirik jarraitzea garaitzea da. Egun inoiz baino gehiago.

Aurtengoan karpa kendu, eszenatoki handiko erdiko pasagunea desagerrarazi eta dirua aurrezteko beste neurri batzuk hartu badira ere (karpa kentzearena denetatik txarrena), eta azken urteetako ikuslegoaren jaitsiera kontuan hartuta, meritu handiko kartela bildu dutela uste dut. Aurten, gainera, eta betiere bi egunak batuta, 26.000 ikusle izan gara bertaratu garenak, iaz baino 1.000 gehiago. Larunbatean izandako heavy zale kopurua ere nabarmentzekoa izan zen.

  • Ostirala, ekainaren 19a
    14.000 ikusle

Ostiral arratsaldea, trafiko asko, jendea gora eta behera, akreditazioak jaso beharra… Bata eta bestea batuz gero, denborak aise ihes egiten du, baina The Last Internationalen azken abestiak entzuteko aukera izan genuen. Eskerrak! Gogo itzela nuen estatubatuar hauek ikusteko. We will reign diskoa aurkeztera etorri ziren, nahiz eta horretarako denbora askorik ez izan. Delila Pazen ahotsa entzun, musika zoragarri hura eta letra iraultzaileak entzutea, dena bat izan zen. Víctor Jararen El derecho de vivir en paz (oroitzen al duzue Fermin eta Dutek egin zuten bertsioa?) beraien rock erara interpretatuta txundigarri geratu zen. Eta 1968 (“Revolution!” kantatzen dutena) indartsuarekin esan ziguten agur. Garai politak etorri zitzaizkidan burura, Jefferson Airplane, mugimendu kontra kultural osoa… Eskergarria da, hedonismo rockeroz inguratuta gauden garai hauetan, horrelako ausardia duten taldeak ikustea.

Azkena Rockek ez du barkatzen, eta aurten inoiz baino zailago (hau da, ezinezkoa) jarri digute talde guztiak ikusi ahal izatea. Bigarren eszenatokiak eta hirugarrenak (txikiena) aldi berean eskaintzen baitituzte kontzertu… guztiak (egun bakoitzeko lehena izan ezik)!!! Pena handiz, baina dagoeneko Highlights bizkaitarrak (Hard Rock elegantea), Mad Martin Trio, Sven Hammond eta The Dubrovniks galdu ditugu. Oholtza nagusian J.D. McPherson jauna!! Oso indartsu hasi dugu aurtengoa, eta %100 Azkeneroa dugu Oklahomako tipoa. Rockabillyak beti funtzionatzen du, hemen eta leku guztietan. Eternoa da, hilezkorra, eta McPhersonek sakonean sentitzen du. Sentiarazten du. Fire bug eta Bossy-k edonor dantzan jartzeko gaitasuna dute. Kuriosoa da, baina oraindik ostiraleko 20:00etara iritsi gabe gaude, baina jende asko jada topera dago. rhythm and bluesa da McPhersonen beste ardatza, erraietatik datorkion izpiritua kanporatzea ahalbidetzen diona. It shook me up-en kontrabaxuak inpresio handia egin zidan, soinu potolo ahalguztidun horrek oholtza bete zuenez gero. Your Love (All that I’m Missing) rockabillyra itzulera azkar bat izan zen; bikaina. Amaiera aldean, Let the Good Times Roll (ez, ez da The Animalsen bertsioa) izan zen garaileetako beste bat. Harrigarria da nola, hain soinu antzinakoa landuaz, gaurkotasunezko berniza ematea lortzen duen tipoak. Jo De, McPherson! (barkatu txiste txar honengatik). Amaitu baino lehen, bigarren eszenatokira goaz lekua hartzera.

D-Generation bere garaian ikusi ez genuenok (badakizue, Panteraren teloneroak izan ziren 1998an Donostian) arantza geneukan sartuta, eta hara nola, taldea banatu eta 16 urtera (duela lau urte itzuli ziren arren) non eta Azkenan joko duten! Kontzertu osoa pelotazo bat izan zen. Lehen segundotik, abiadura eta kańa geldiezina. Ikuslegoa D-Genarationen gosez zegoen. Nabari zen. Zaila da hitzekin azaltzea, baina euforia kolektibo bat ikusi nuen berehala, boterea, zoriontasuna. Degenerated, Feel like suicide, She stands there… Ikusgarria. Dikotomia berezia baina ez hain arraroa dauka taldeak: abiada bizia batetik, punk-rock estilora, rock gogorra eta Glamaren ukituak, bestetik, eta azkenik, melodia itsaskor eta poppy asko. Gehiegi, bigunegi eta azukre askotxorekin askotan. Hori da taldearen alde txar bakarra nire ustez. Arrakasta lortzeko formula geldiezina zirudiena sortu zuten 90etan, baina ez zuten goraino heltzea lortu, eta taldea desagertu egin zen. Dena den, 2015. urtean jendea oraindik beraietaz gogoratzea pozgarria eta meritu handikoa da. Stealing Time, Capital Offender, Working on The Avenue… hemen ez dago deskantsurik. Vampire Nation-en ondoren Cornered etorri zela uste dut, baina ez naiz ziur. Scorch (No Lunch disko mitikoa hasten zuen suziria) beste euforia momentu gogoangarrienetakoa izan zen, eta No Way Out-ekin agur esan zigutenean, gorenean egin zuten. Zuzenekoetarako egindako taldea dugu, diskoan baino oraindik askoz ere hobeak.


Horrelako maila duen disko bat entzute hutsa bedeinkazioa emateko modukoa da, baina duela 10 urte hemen bertan egin zuten emanaldian bezala, apur bat lekuz kanpo ere ikusi nituen

Television newyorktarrak Marquee Moon diskoa oso osorik jotzera zetozen, baina besterik joko zutenaren esperantza banuen. Marque Moon, ordea, eta kito. Horrelako maila duen disko bat entzute hutsa bedeinkazioa emateko modukoa da, baina duela 10 urte hemen bertan egin zuten emanaldian bezala, apur bat lekuz kanpo ere ikusi nituen. Estatiko, serio, eta ia publikoarekin hitz egin gabe egon zen Tom Verlaine handia, besteak bezala. Uste dut ikuslegoak ez zuela ezer ulertzen: Oso zaleak (gutxi) asko gozatu zuten arren, sektore handi bat punk amerikarraren zutabe izan zirela irakurri eta gero, han topatutakoarekin zur eta lur geratu zirela uste dut. Ez, Television ez da Black Flag. Ordea, behin (lehenengo abestitik egia esan) han ikusiko genuena barneratuta, gozatzen hasteko garaia iritsi zitzaidan. See No Evil-ekin hasi ziren, eta hura izan zen diskoko ordena jarraitu zuen bakarra. Elevation, bere erritmo aldrebes eta bitxiarekin, abesti atmosferiko guzi hauen gailurretako bat da. Horrela joan zitzaizkigun kanta eder guzti haiek, Verlaine jaunaren gitarra zoragarria eta teknikak (beste gitarraren erreplika ikusgarriek borobilduta) laztantzen gintuen bitartean: Prove it, Tom Curtain luzea, Friction, Venus… Sofistikazio handia lortu zuen taldeak bere lehen disko hartan, eta art-rocketik gertuago zeuden punketik baino, nahiz eta New Yorkeko punk eszenako historiara pasa diren. Jendea siesta egiten ari zen bitartean, Guidin Light liluragarri batek azken fasera eraman gintuen: Marque Moon berberera. Ia 10 minutuko gozamena, zutik eusten zion ikuslegoaren begien aurrean. Ez dut uste lekurik onena zenik kontzertu hau egiteko: antzoki edo eserlekuak dauzkan areto bati egokiagoa deritzot. D-Generationekin jaialdiak hartu zuen errodajea seko moztu baitzen.

Jendea harrituta dago. Billy Gibbonsen ahotsa oso baxu entzuten da, izorratuta daukala dirudi. Hortik etorri ziren kritika handienak. Hortik eta, itxuraz, bolumen oso baxuan jo izanagatik. Azken honekin ez nago guztiz ados (...) Billyren ahotsa denborarekin gorputza hartzen hasi zela uste dut


ZZ Top
Niretzat, beraiek ziren aurtengo izarrak, beste hiruzpalau talderen baimenarekin, noski. 2008an BBK Liven ikusi nituenetik markatuta gelditu naiz: hura izan zen nire bizitzako kontzerturik onenetako bat. Duela 7 urte ekarri zuten bateria ikusgarri hori taularatu gabe ere (hura bai bateria koloretsua eta polita!), boogie rockaren erregeek bere terrenoa markatu zuten, maisuki. Bizar luzeak gerriraino, eguzkitako betaurrekoak. Eta jarrera, berebizikoa. Ohi bezala, nire abesti kuttunenarekin hasi zuten:
Got me Under Pressure. Hasiera sekulakoa da, mundua behera eroriko dela dirudi. Jendea harrituta dago. Billy Gibbonsen ahotsa oso baxu entzuten da, izorratuta daukala dirudi. Hortik etorri ziren kritika handienak. Hortik eta, itxuraz, bolumen oso baxuan jo izanagatik. Azken honekin ez nago guztiz ados, naiz eta apur bat altuago izango balute, hobe izango litzatekeela onartu. Billyren ahotsa denborarekin gorputza hartzen hasi zela uste dut, dena den. Waitin’ for The Bus eta Jesus Just Left Chicago etorri eta bluesaren lurraldean murgiltzearekin bat deskantsu ona hartu zuela uste dut. Gimme all Your Lovin’ mega klasikoa etorri eta ikuslegoa erotzea bat izan ziren. Tipo hauek, Billy bere gitarraz eta Dusty Hill bere baxuaz, beraien instrumentuak batera mugitzen ikuste hutsak merezi du jaialdira etortzea. Inork, berriz diot, inork ezin ditu imitatu hain sinple diruditen mugimendu haiek. Boogiea, bluesa, rockaren izpirituak bat egiten momentu magiko horiek dira. Gero, errepertorioarekin ez zutela guztiz asmatu uste dut, eta I’m Bad, I’m Nationwide maite dudan arren, I Gotsa Get Paid iritsi arte ez zuten hasierako bultzada errekuperatu. I Gotsa Get Paid abesti berria da, duela 3 urteko La Futura diskoan argitaratua. Abesti bikaina, eta taldearen garai bateko zitalkeria mantentzen duena.
Bestalde, Jimi Hendrixen
Foxy Ladyrekin zoriontsu egin baninduten ere (baita Robert Petwayen Catfish Blues-ekin ere), ez dut bertsioak egiteko inolako beharrik ikusten, horrek beraien abesti asko galarazten dizkigulako. Hendrixena puntazo bat izan zen hala ere, eta ikuslegoak asko gozatu zuen. Eskerrak My Head’s in Mississippi eta Cheap Sunglasses hor dauden. Sharp Dressed Man, Legs eta La Grange-rekin grand finalle-ra behar bezala hurbildu ginen: jendeak nahi zuena lortu zuen: dantzatu, kantatu, lagunekin momentu magiko haiek konpartitu… dena. Tush izan zen azken agurra emateko aukeratua. Noiz ikusiko ditugu Texasekoak berriro ere Euskal Herrian?


Oholtza gainean basati fama dutela kontuan hartuta ere, han ikusitakoak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Hura bai potentzia!!! Beste edozein baino gogorrago eta ozenago jotzeaz gain, karisma erakustaldi bikaina izan zen hasieratik bukaerara
L7
Azkena Rock honetako lehen egunari agurra emateko, aurtengo sorpresarik handienetako bat. L7! Izena esate hutsak garai
alternatiboak bizitu zituen edonor aztoratu dezake. Amets hutsa izan zen askorentzat. Gezurra dirudien arren, Los Angeleseko neskak berriz elkartu dira, 15 urteren ondoren! Zuzenean, bere garaian jende gutxik ikusiko zituela uste dut, beraz ikusmina berebizikoa zen. Oholtza gainean basati fama dutela kontuan hartuta ere, han ikusitakoak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Hura bai potentzia!!! Beste edozein baino gogorrago eta ozenago jotzeaz gain, karisma erakustaldi bikaina izan zen hasieratik bukaerara. Deathwish, Andres, Everglade eta Monster izan ziren lau lehenak, eta berriz ere jendea kontzertu gosez nabaritu nuen, D-Generationekin bezala. Noski, 1992ko Bricks are Heavy mitikoari errepaso zabala eman zioten (9 abesti!), eta horretaz gain, Smell the Magic eta Hungry for Stink diskoetatik launa. Beste lanentzako, ondorioz, ia lekurik ez. Taldearen bultzada eta gogoa benetan kutsakorrak izan ziren, arrastaka eraman gintuen. Donita Sparks front-woman aparta da, ez dut inor hoberik ezagutzen kontzertu bat aurrera ateratzeko. Ez, ez zuen bere tanpoi erabilia publikora bota, baina ez du halako ezer egiteko beharrik. Bera bakarrik aski da. Ea nola geunden galdetu zigun, eta gero: “The drunker you are, the better we sound” bota zigun (hau da, “zenbat eta zuek edanago egon, soinu hobea izango dugu guk”, edo hobeto esanda “soinu hobea dugula irudituko zaizue”). Eta aurrerago: “Who are L7 virgins?” (“Nortzuk zarete L7 birginak?”, “Nortzuk ikusi gaituzue gaur lehen aldiz?”). Baxu jolea benetan ederra eta estilo handikoa iruditu zitzaidan, oholtza guztiz betetzen zuena. Scrap-en ondoren etorri zen Fuel my Fire kontzertuaren adierazgarri bikaina izan zen: betiere punk rock eta rock gogorraren artean (gitarren soinua oso astuna baita), frenetikoa eta boteretsua limiteraino. Slide ere gisa horretakoa da, baina hau baino lehenago Diet Pill astuna, (Right On) Thru, Freak Magnet eta One More Thing (azken hau agian taldearen bigarren abestirik ezagunena) eskaini zizkiguten. Shove, Mr. Integrity eta Shitlist-ek kontzertuko bertsio bakarrari (hala uste dut) egin zioten lekua: Eddie & The Subtitles-en American Society. Eta, orain bai, Pretend We’re Dead famatua, eta seguru aski USAn publiko guztiak ezagutzen duen bakarra. Aparta. Azken agurrerako abiada bizira itzultzea erabaki zuten: Fast and Frightening frenetikoarekin. Ikuslegoak aho batez igo zituen Azkenako podiumera. Urte askoan gogoratzeko moduko kontzertua. Eta, amaitzeko, alde batera utzi ezin dudan detailea: Donitak “Kaixo” esanez agurtu gintuen kontzertuaren hasiera aldean. Nabarmentzekoa, batez ere USAko talde batez ari garela kontuan hartzen badugu.


  • Larunbata, ekainaren 20a
    12.000 ikusle

Eagles of Death Metal galtzea erokeria litzateke, duela 9 urte hemen bertan erakutsi zutena kontuan hartuta. Aurtengoan oraindik hobeto egon zirela uste dut. Eta hori, eguzkiak gogor zigortu zituela ahantzi gabe. Arratsaldeko 7retan oraindik Lorentzok gogor jotzen zuen, gainera zuzenean musikarien aurpegira (2. eszenatokiko karpa kentzeko erabakia ez zen batere ideia ona izan!). Jesse Hughes nortasun handiko musikaria da. Gitarra jolea eta abeslaria, showa ematea ere biziki gustuko du. Bere bibote luze, atzeraka orraztutako ile eta tatuaiekin, tipo gogorraren itxura ematen du, baina gero, tarteka, dantza oso kurioso eta barregarriak egiten ditu gerria eta ipurdia mugituaz. Ikuslegoa barrez batzuetan, sutsuki dantzatzen besteetan, showan buru-belarri murgiltzen da. I Only Want You eta, nola ez, Cherry Cola ezin falta ziren set listean. Speaking in Tongues-ekin agurtu gintuzten. Ordurako, Jesse gorri gorri zegoen, eguzkiak erre zizkion aurpegi osoa, besoak, bularrra… dena. Izerdi, tatuai eta haragi gorriz egindako nahaste-borraste bat bihurtua zen, baina sekulako kontzertua eman zuen. Bere ahotsa tonu agudoetan jartzen duenean, eta musika rockero baina dantzagarri zoragarriaz konbinatzen duenean, garaiezina da. Azkenik, esan Josh Homme ere partaidea dela (edo izan dela), baina zuzenekoetan ez duela parte hartzen.

Cracker ikusten nuen lehen aldia zen, eta bai, onartzen dut: nire aurreikuspen guztiak gainditu zituzten. Bigarren lerroan nengoen, eta horrek nigan egindako inpresioa bikoiztu zuelakoan nago. A zer musikariak! Zer-nolako erregistro ezberdinen menperatzea! One Fine Day, teklatu hipnotizatzaile eta ahots eta instrumentu elektriko neurtuekin, hasiera garaiezina izan zen. Ia malkoak isurtzeko modukoa. Bigarrena, Gimme One More Chance, gustatzen zaidan moduan, baxu jostalari eta sakonaz, martxosoagoa da. Gitarrek eta baxuak riff errepikakor hori markatu eta Johnny Hickman gitarra jole nagusiak pausu bat aurrera eman zuen momentuan, kontzertu osoan izango zuen protagonismo nabarmena erakutsi zuen. Zaila da deskribatzea tipo honek jartzen duen sentimendua eta teknika. Beta zulo sakonak izan arren, duintasun espresioa agertzen duen birtuoso honek energia soberan atera zuen. David Lowery, gitarra erritmiko eta ahots nagusian, askoz ere lasaiago eta estatikoagoa da, baina ahots ederra du. Biek ala biek, jatorrizko partaide bakarrak izanik, osatzen dute talde bikain honen nukleo gogorra. Sal Maida baxu-jole beltzak barruan darama sustraia eta dotorezia, eta Frank Muranok atabalak abestien zerbitzura jartzen ditu, behar-beharrezkoa den erritmotik harago joanda ere, alferrikako erakustaldiak alde batera utzita sarritan. Teklak era sinple eta oso erritmikoan jotzen ditu askotan taldeko neska bakarrak (nahiko berria dela badakit, baina zoritxarrez ez dakit nola izena duen). Perkusio batzuk ere jotzen ditu, eta koruak ere borobil geratzen zaizkio.
Bien bitartean, taldearen beste fazeta sakonki esplotatu zuten, amerikar musikaren sustraiena, eta horretan maisuak diren arren, emanaldiak erritmo asko galdu zuen. Country eta folk ukitu batzuk, eta tradizio asko beraz, zale askoren zorionerako. Where Have Those Days Gone eta California Country Boy (azken hau Johnnyk kantatua) ederrak dira, dena den. Sweet Potato, jendearen erreakzioa ikusita, oso maitatua dela nabaritu nuen, eta rock and rollera itzulera izan zen. Uau! Hori da hori gitarraren boterea! Aho-zabalik utzi ninduen berriz ere tipoak. This is Cracker Soul erabat dantzagarria da, kutsakorra, gainera jendea txaloak jotzen ipini zuen Davidek. Get Down the Road country rock hutsa da. Hemendik aurrera, errukirik gabeko rock and rolla gure belarrientzat: The World is Mine, Euro-thrash Girl (jendea zoratzear) eta El Cerrito. Emanaldi bikaina.


Oraindik barregura sentitzen dut, aurtengo Azkena Rock erdipurdikoa zela esaten zutenak oroitzean. Erdipurdikoa? Orain arte azaldutakoa gutxi balitz, aurten 10 urte bete dituen talde honek berriz ere pronostikoak irauli zituen

Red Fang
Oraindik barregura sentitzen dut, aurtengo Azkena Rock erdipurdikoa zela esaten zutenak oroitzean. Erdipurdikoa? Orain arte azaldutakoa gutxi balitz, aurten 10 urte bete dituen talde honek berriz ere pronostikoak irauli zituen. “Se va a cagar la perra” esan zuen ezagun batek. Laukote oldarkor honek jaialdi osoko erreakziorik basatienak sortu zituen ikusleengan. Malverde-ren lehen notekin botere erakusketa garbia egin zuten, beraien klabeak erakutsiaz: Metal talde bat da, egun dagoen onenetakoa, baina astuntasuna ulertzeko modua stonerraren tonu grabeen alderdikoa da. Erritmo geldoak maite dituzte, baina afinazio baxu eta potolo horrek bi terrenotan arrantzatzera daramatzate. Eta hori asko atsegin dugu. Jarraitzaileak aztoratzen hasi ziren, seguru aski hasiera hasieratik. Hauen artean, lehen lerroetan jende oso gaztea zegoen, baina lehen lerroetan diodanean, puska ikaragarri handiaz ari naiz. Gazte hauek (20 urtetik beherakoak asko, eta urtetik urtera gehiago dira!) oso heavyak izanagatik, ia inork ez dauka ile luzerik. Ez dakit heavy munduan aldaketak datozen, baina benetan pozgarria izan zen jendea airean ikustea, eta era hain basatian gozatzen. Aspaldi ez nuela horrelako pogorik ikusten. Hau historikoa delakoan nago.
Into the Eye bezalako abestiek garunean erreakzio berezi bat egiten dutela uste dut. Garagardo katxiak noiznahi hegan, selfie makil bat zeraman koadrila bat argazkirik onenak ateratzeko ia malabareak egiten… Arriskua nabari zen giroan, eta, noski, airean ibilitako gazte haietako batek baino gehiagok muturrarekin lurra jo zuen. Espero dut denak sano eta salbu egotea. Oholtzara bueltan, presentzia handiko musikariak dira hauek, tipo gogorrak, zima luze eta bizardunak batzuk, eta beste batzuk frikiagoak… Wires bezalako abestiak perfekziora hurbiltzen direla uste dut, uff… zaila da hori gainditzea!! Eta, nola ez, amaitzeko Prehistoric Dog, arrakasta itzela izan zuen kanta eta batez ere bideoklipa. Finean, basapiztiak kobazulotik ateratzea lortzen duen taldea. Publikoan asto potro bat edo beste egonda ere, orokorrean laguntasun giro paregabean bultza eta oihu egiten duten basapiztien elkargunea izan zen.

Ezin dut ukatu beraien soinua erabatekoa denik, oso teknikoa, mardula eta izugarri fuertea. Guztiz metalikoa. Konplexua da, baina, eta horrek, birtuosismo handi horrek, bat-batekotasuna galtzea ere eramaten ditu

Mastodon espektakulu totala aurkeztera etorri zen, iluntzearekin batera: horiek bai dekoratuak! Hori soinu ederra! Jaialdiaren historiara pasako da, hori bai, mikrofonoa hartu eta “Kaixo Bilbao!” esan zuteneko momentua. Ordea, aspektu bisuala asko zaintzen dutela begi bistakoa da beraien portada eta diseinuetan. Red Fang eta Mastodonek, printzipioz (metalaren barruan, noski) eremu ezberdinak lantzen dituztenez, ez lukete norgehiagoka berberean lehiatu behar, baina emanaldi moduan Red Fang-ena askoz ere biziagoa izan zen. Bestalde, ondoren edozein talde jarrita ere, haien aurrean oso zail izango lukeela onartzen dut. Ezin dut ukatu beraien soinua erabatekoa denik, oso teknikoa, mardula eta izugarri fuertea. Guztiz metalikoa. Konplexua da, baina, eta horrek, birtuosismo handi horrek, bat-batekotasuna galtzea ere eramaten ditu. Arazorik ez, ordea, batez ere Tread Lighty bezalako pieza batekin hasiera ematen badiote! The Motherload, ostera, bateria joleak abestu zuen, era bikainean. Single garbia da, adiktiboa. Chimes at Midnight eta High Road beste bi gailur izan ziren. Afaltzera erretiratu baginen ere, kontzertu osoa jarraitu genuen atzeko aldetik. Amaiera partean, egur izugarria duten Megalodon eta Crystal skull. Azken agurra, metal progresiboaren maitaleentzako oparia: The Czar, 11 minutuko abesti aparta.


Off! bezalako talde bat Azkenan egoteari behar-beharrezkoa deritzot. Oso metalikoak izan ziren azken bi taldeak (heavy guztion zorionerako), baina estiloa guztiz aldatzeak abantailak ere baditu. Gainera, oholtzan benetako super talde bat geneukan zain. Off! hardcore eta punk oldarkorrenaren ordezkari izan ditugu aurtengoan. Black Flag eta Circle Jerks taldeetako abeslari izandako Keith Morrisek abesten du 2009an Los Angelesen sortu zen talde honetan. Burning Brides taldeko Dimitri Coats-ek gitarra jotzen du, eta Rocket From The Crypt-en bateria jo zuen Mario Rubalcaba dugu hirugarren partaidea. Hori gutxi balitz, Azkeneroek sobera ezagutzen duten Red Kross taldeko baxu jole (bai, ondo irakurri duzue!) Steven Shane McDonaldek osatzen du laukotea. Deskantsurik gabeko emanaldia izan zen, espero bezala. Zuzenean burmuinera, minutu batetik nekez pasatzen ziren kanta azkar eta indartsuak eskaini zizkiguten: Void You Out, I Don’t Belong, Legion of Evil, Time’s Not on Your Side, Meet Your God, Borrow and Bomb… Zaleak oso gustura nabaritu nituen, estilo aldaketak eta agian garagardoak emandako euforiak bultzatuta. 25 bat abesti jo zituztela uste dut. Nahiko erraza da izenburuak harrapatzea, ia beti errepikak ematen baitu klabea. Honela, Panick Attack, Red White and Black edo Darkness abestiek daukaten botere berezi horrekin, eta amaitu bezain pronto, eszenatoki handirako erromesbidea hasi zen berriz ere. Aurtengo Azkena Rock amaitzen ari zen, pixkanaka.

Baliteke Ocean Colour Scene Bilbao BBK Live jaialdirako talde egokiagoa izatea. Taldeak, dena den, melodia landuak eta gaitasun tekniko handia erakutsi zituen. Brit-pop eszena hartatik bizirik dirauten bakanetakoak izateak badu bere meritua, baina oso estatiko eta lasai ikusi nituen. Aurretik izandako metal eta hardcore basatiek segida erlaxatua izan zuten hemen, eta bezperan Television-ekin pasa zen bezala, giroak beherakada nabarmena izan zuen. Jendeak (taldea ezagutzen ez zutenak, eta agian ezaguna zutenak ere) ez zekien zer egin. 

Honela, eta Kvelertak galtzeak eman zidan amorrua nabarmenduta ere, alde egiteko garaia iritsi zitzaidan. Goizeko 7:30etan autobusa hartu behar nuen Bartzelonara KISS ikustera joateko, baina hori beste kontu bat da…
Benetan sentitzen dut Wovenhand, John Paul Keith eta hirugarren eszenatokian ikusi gabe geratu zitzaizkidan talde guztiak galdu izana (gehienetan ordutegiak batak bestea jaten zuelako izan bazen ere), eta Arrigorriagako Highlights talde bikaina ez ikusi izana, baina ezin izan nuen gehiagora iritsi. Hala bada, datorren urtera arte!
                                  

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.