Esaldi horren bigarren partea agerikoa izan liteke, dena den: Blondie ikustera etorri ziren askoren aurpegia ikusi nahiko nuke Wolfmother-ek jo zuenean, edo Kadavar alemaniarren burrunba entzutean (hori jaialdian geratu izan balira, noski). Azkena Jaialdiak, dena den, denentzako lekua dagoela ere frogatu du; baina benetako oinarria betiko jarraitzaileek osatzen dute, daukagun jaialdirik onenera etorriaz urtero talde berri mordo bat deskubrituko dituztela bai baitakite.
Metalak bere lekua egin du Mendizabalan, baina 13 Left to Die gasteiztarrek (Bilbao Hiria lehiaketako finalistek) atera zuten burrunba oso gutxitan entzun ahal izan da hemen (ziur aski Hank III-ren kontzertuko bigarren parte izugarri hartan bakarrik). Pedal bikoitza duen bonboa, erritmo zitala eta ahots apurtzailea: death metala Azkenara iritsi da! Who Pulls the Trigger eta Cowgirl sekulakoak izan ziren, eta Inside bera (Childrain taldeko abeslariaren kolaborazioa izan zuena) infernuko hauspoa bera baino zitalagoa izan zen. Talde benetan harrigarria! Izan genuen pena bakarra Oier Drummer bateria jolearen hutsunea izan zen. Ordezkoak, dena den, egundokoak eman zizkien atabalei.
Monster Truck kanadarrena apartekoa da: taberna zuloetan egiten den rock musikarik indartsuena lantzeko gai izateaz gain, errepika oso itsaskorrak eta glam rockeroak jaurtitzen dizkigute. Old Train, For the Sun eta Seven Seas Blues sekulakoak dira. Ikusleek ezin hobeto pasa zuten ostiral arratsalde honetako bigarren emanaldiarekin. Karpan jende mordoa eta gozatzeko gogo itzela. The Lion eta Sweet Mountain River beste bi artelan dira: hori bai gitarra jokoa eta indarra!
Kontzertu
horretan sekulako euri jasa hasi zenez, Bombus
eta
Bourbonen
kontzertuak bertan behera gelditu ziren, karpatik kanpo zeuden
oholtza nagusian eta hirugarrenean (txikienean) programatuta
baitzeuden. Karpatik irten gabe, Hudson
Taylor bikotearen
folk-popaz gozatzeari ekin genion. Ahots izugarri ederrak eta landuak
izan arren, pertsonalki ez ninduten gehiegi harrapatu, nahiz eta Drop
of Smoke eta
World Without You bezalako
kanten aurrean gauza txarrik esatea zaila suertatzen zaidan.
Karpa utzi eta Seasick Steve bluesman zaharraren bila goaz. Harrigarria izan zen bertan bildu zen jende gazte mordoa. Egunetik egunera gehiago harritzen nau honek: seguru aski adin nagusitasunera oraindik iritsi gabeko neska-mutil taldeak rock eta bluesarekin flipatzen. Askotan abestien hitzak ere badakizkite eta kultura musikal dezente aurreratuaren jabe dira. Euritan ederki bustita egonda ere, irribarrea galdu gabe jarraitzen dute! Oholtza gainean Seasick agureak, 2011ko Bilbao BBK Live-n bezala, aparteko feelinga eskaini zigun Keep on Keepin