entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2013ko ekainaren 28 eta 29a

Mendizabala (Gasteiz) XII. Azkena Rock Jaialdia (2013) - I. zatia: Ostirala

Sex Museum. Aurtengo jaialdiko onenen artean. Argazkia: Koldo Orue. Sex Museum. Aurtengo jaialdiko onenen artean. Argazkia: Koldo Orue.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Urtero bezala, ilusioz beterik goaz Azkena Rock jaialdira. Aurten XII. ediziora iritsi da, esateak erraza dirudien arren... 12 aldiz ospatu da jada areto txiki hartan sortu zen amets hori, milaka eta milaka rockzaleren topaleku bihurtzeraino!! Aurrekontua jaitsi dela denok dakigun arren, eta hiru egunetik bi egunera pasatuta ere, bi egunak batuta 25.000 ikuslera iristea arrakasta itzela dela esango nuke. Saiatu gaitezen orain, artistikoki zer eman digun aztertzen. Aurrerapen gisa, aurtengoan zertxobait dezepzionatuta amaitu dudala esango dizuet.

 
OSTIRALA, EKAINAREN 28a
Quaoar izan zen euskal talde bakarra, eta bide batez, jaialdia hasi zuena, hain justu 17:15etan. Niretzat kristorena izan zen bilbotar zima luze hauek eman ziguten egurra. Soinu boteretsua eta presentzia potentea nabarmenduko nituzke, nahiz eta kontzertua osorik ikusi ez izan.
Bigarren eszenatokira goaz denok, honez gero milaka gara eta karpa barruan ederki egoten da. The Socks frantziarrek 70etako gitarra soinua, Black Sabbathen adarrekoa, lantzen dute. Jaialdi osoan hainbatetan ikusiko genuen soinu hori, baina The Socks onenen artean jarriko nuke. Ahotsa oso gogor eta altua, eta musikaren bolumena topera (gehiegitxo, esango nuke), inpresio ona eman eta gogo handia erakutsi zuten. Gazte hauek gitarrari egurra ematen badakite.
Baina Sex Museumekin aurtengo Azkenako momentu onenetarikoak etorri ziren. Ikusten duzuenez, jaialdia hasi eta hiru talde jada, eta USAtik etorrita batere ez. Laster etorriko ziren horiek ere, baina ez beti onerako. Madrildarrena oso berezia izan zen, bat izan ezik, 80. hamarkadako abestiak soilik jo zituztelako. Errepertorio nahiko ezezaguna izan zen niretzat, baina oso interesgarria. Lehen abestian abeslaria erdi lotan nabaritu banuen ere, laster piztu eta betiko espektakulua emateko gai izan zen. Badaukate zer edo zer berezia tipo hauek, estilo handia eta gogoez gain, halako aura berezi bat transmititzen dute; apartekoak dira. Era berean, misteriozko halo batez inguraturik daudela dirudi, nahiz eta areto txikietan entzuteko aproposagoak izan. Smoke on the party abestian, Deep Purpleren Smoke on the water eta Beastie Boys-en Fight for your right (to party)ren arteko nahasketa harrigarria egin zuten, nahiz eta niretzat anekdota hutsa besterik ez izan.
The Sword ikusteko neukan ilusioa nahiko azkar zapuztu zen: musikari oso onak dira, eta hori argi utzi zuten. Soinu boteretsu eta konpaktuaren jabe dira, Tres Brujasen frogatzen duten moduan, baina karisma oso gutxikoak iruditu zitzaizkidan. Abeslariak ez zuen ia espresiorik, eta gitarra joleak ez zuen ia ezer transmititzen. Baxu jolea ordea, sekulako biharamunarekin zegoela zirudien arren (edo agian haserre aurpegia zen?), estilo dotorekoa eta jotzaile bikaina. The Sword ez da hurrengo errebelazioa izango. Hain onak izanda ere, ez baitute ezer berririk eskaintzen.

M-Clan Azkena Rocken ikustea oso arraroa egin zitzaidan. Badakit southern rocka lantzen zutela hasieratan, eta azken aldian soinu rockeroago batera itzuli direla, baina tarteko urte guzti horietan jazotakoa ez da berehalakoan ahazten. Agian daukaten ikuslegoa izango da, edo Karolina bezalako abestiak (Azkenan jo ez zutena), baina zer edo zer arraroa nabaritu nuen. Argi utzi nahi dut zuzenekoan oso onak direla (irakurri, bestela, kronika hauek http://www.entzun.eus/kritikak/kronika-zuzenak/bilbao-bbk-live-kobetamendi-bilbo-2011ko-uztailaren-7-8-eta-9a  eta  http://www.entzun.eus/kritikak/kronika-zuzenak/landako-gunea-durango/), baina noizbait kotxera ere joan behar nuen sudaderaren bila, eta Maxi ha vuelto a la ciudad, Para no ver el final eta Basta de blues gero eta urrunago entzuten nituelarik abiatu nintzen. Bidean, batarekin eta bestearekin hitz egiten egon ondoren, azken kantan bueltatu nintzen: Pasos de equilibristan, Carlos Tarque ikuslegoaren erdiko korridoretik mikrofonoarekin zebilenean. Bukaera oso potentea izan zen, eta jendea abestuz eta pozik ikusi nuen.
Alberta Crossetaz ezin dut askorik esan: abesti gutxi entzun nituen (horien artean Lay Down), baina ez dut uste nire estiloa hori denik, eta aspertu ere egin nintzen. Inola ere galdu nahi ez nituenak Black Crowes ziren. Smashing Pumpkins alde batera utzi ezkero, aurtengo izenik handiena. Intsentsua barra-barra (hori bai usaina, laugarren lerrotik ere usaintzen zen) eta roilo ona, soilik sinbolo hippyaren falta nabaritu nuen. Twice as hard eta Sting me-rekin hasita, ikuslegoa hasieratik bereganatu zuten. Seguru aski, hasierako euforia hori zertxobait jaitsi bazen ere, oso maila altua eman zuten. Jealous again, Thorn in my pride, Soul singing edota Remedy-rekin, lehen lerroetan jendea pozez zoratzen ikusi nuen. Atzerritar koadrila batean, tipo batek biseran lotuta kamera bat zeukan, eta zenbait abestitan martxan jartzen zuen: flipatzeko modukoa: argazkiak atera eta bideoak grabatzen, salto eta dantza egiteari utzi gabe! Giri hauek ezin dira etxetik atera! The Sopranos serieko James Gandolfini hil berriari eskaini zioten kontzertua Atlantakoek. Chris Robinson, txoria bezain arin eta bere mugimendu, esango nuke maritxuarekin (hau ez da nire errua, Elhuyar hiztegiarena baizik!), momentu oro musikan sartuta ikusten zen, batere entseatu gabeko dantzak eginez eta armonika jo ondoren ikusleei erregalatuz. Banda retroa dudarik gabe, baina blues, soul eta rocka nahasten maisuak izaten jarraitzen dute, eta gaur egungo rockaren salbatzaileetakoak dira, ene ustez. By your side ere oso ondo hartua izan zen, baina tipo hauek zerbait badaukate, norabide guzietatik datozen influentziak dira, eta She talks to angels balada zoragarrian nabaritu zen zera berezi hori, akaso aurtengo Azkenako momentu gorenena izan zen horretan. Bisen txandan Hard to Handle: berriz ere Otis Redding-en bertsioa dela esan beharrean aurkitzen naiz, baina a zer nolako bertsioa! Argi dago bere egin dutela, eta Black Crowes-en kontzertuetako klasiko bat dela. Abesti horretan bertan Hush (askok Deep Purpleren bertsioagatik ezagutuko duzue) abestira pasa ziren, ia mundu guztiak ezagutzen duena (ala ez?), berriz ere Hard to Handlera salto egiteko. Aparta.

Smashing Pumpkins, jaialdi osotik disko gehien saldu dituen taldea, eta duela gutxi itzuli dena, 90.hamarkadako nire talde kuttunetako bat da. Edo zen, esan beharko. Gehiago espero nuela gutxi esatea da. Hasiera nahiko indartsua izan zen: Quasar eta Starz, besteak beste, itxura ona emateaz arduratu ziren, eta Billy Corgan nahiko gogotsu ikusi nuen. Soinua potentea zen eta esperantza sortu zidan. Baina bosgarrenean, David Bowieren Space Oddity-ren bertsio penagarrian, gauzak aldatzen hasi ziren. X.Y.U. oso luzea da, baina tira, crescendo oso polita eta brutala dauka bukaeran, nahiz eta gutxienez 4 minutuan asperturik egon ginen. Disarm, beraien abesti lasai eta magikoak hunkitu gintuen, eta segidan, Tonite Reprise-ren ondotik Tonight, tonight, 90etako beste harribitxietako batekin, begiak itxi eta garai haiek gogoratzen hasi ginen. Nik honaino egingo nuke kontakizuna, gutxi gora behera baietsia ematekoa. Hemendik aurrera, erretiratu izan balira, hobeto. Baina ez: Billy eta bereek plastazoa ematen jarraitu zuten, eta aspertu ginen, nazkatu, haserretu. Jendeak ez zuen sinetsi nahi, gustatzen zitzaiela pentsatu nahi zuten, baina ez dago modurik hori esateko: Billy Corgan, bere famaren burbuilan sarturik, ez zegoen hor: ez dakit non arraio egongo ote zen, hurrengo eguneko egin beharrak errepasatzen, ala auskalo zertan. Gitarra jole japoniarra dekorazioaren parte zela esango nuke, eta baxu jolea izan zen zertxobait mugitzen zen bakarra. Pinwheels, Oceania aspergarria (9 minutuko sopontzioa), Zero eta beste guztiak nazkanteak, aspergarriak, handinahikeriz beteak... eta hutsalak izan ziren. Ez zegoen funtzionario koadrila bat zirudien
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.