entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2011-03-02

NUEVO CATECISMO CATOLICO ETA MOSTROS, IZU GIROAREN 10. URTEURREN FESTAN

Festiaren afixa. Festiaren afixa.
Izu Giroa fanxineak 10 urte bete ditu, edo betetzear dago! Punk eta hardcorea ardatz dituen euskarazko fanxineak sekulako festia antolatu du goi goitik ospatzeko. NCC eta Mostros ariko dira Barakaldoko Edaska aretoan martxoren 19an.

Hamar urte bete dira IZU GIROA fanxinea kaleratzen hasi zenetik. Denbora tarte horretan, hamazortzi zenbaki plazaratu dituzte, betiere euskaraz eta punk eta hardcore kulturarekin lotutako talde eta gaiak jorratuz, eta laster kaleratuko dute 19.a.

Urteurrena ospatzeko antolaturiko ekitaldien artean, lehenengoa kontzertu bat izango da, martxoaren 19an (larunbata) izango dena, Barakaldoko Edaska aretoan (udaletxearen atzean), 21:30etatik aurrera, Mostros eta Nuevo Catecismo Catolico taldeekin. Sarreraren prezioa 8 eurokoa izango da aldez aurretik erosiz gero (hamar bertan). Sarrerak salgai egongo dira Barakaldoko Basterra, El Tubo eta Rock & Golak aretoetan, Bilboko Street Warriors dendan eta Algortako UK tabernan.


MOSTROS Mallorcatik datoz, taldekide batzuk argentinarrak diren arren, eta haien artean Juanmi dago, Cerebros Exprimidos taldeko gitarra jotzailea. Punk rock indartsu eta sutsua egiten dute, Aerobitch eta Capacesen erdibidean, rockanrolleroagoak batzuetan, hardcoretik gertuago beste batzuetan, baina beti fresko bezain gogor eta Mackyren ahotsak gidatuta. Hainbat disko plazaratu dituzte (azkena, Desguaze taldearekin erdibana ateratako split bat), eta Euskal Herrian jo duten bakoitzean, ahoa bete hortz utzi dituzte ikusle guztiak, oraingoan asmo horrekin egingo dute berriro irletatik barakaldorainoko hegalaldia.

NCC taldearen inguruan ezer gutxi gainera dezakegu honezkero. Askoren ustez Euskal Herrian azken bi hamarkadatan eman duen punk rock talderik onena, beren kalitatearen berri eman digute behin eta berriro hamaika disko eta kontzertu gogoangarritan. Urte eta erdiko etenaldi luze baten ostean, aurten berriro hasi dira jotzen, eta berrikuntzak ere ekarri dituzte: kantu berriak, pianorako moldaketak zenbait abestitan eta abar. Kontuan izanda Barakaldokoa dela atsedenaldiaren ostean Bilbo inguruan egingo duten estreinako kontzertua, eta momentuz ez daukatela besterik egiteko planik, pentsatzekoa da NCCren Bizkaiko zale guztiek aukera baliatuko dutela beren talde kuttunarekin aspaldiko partez bat egiteko. NCC-ren zale bazara, ez galdu Donostiako taldea ikusteko aukera hau. Abisatua zaude.
bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.