Joxean eta Mikelek
gitarra bortitzak, distortsioa eta zarataren energia purua maite dute. Noxagt
eta Harvey Milk moduko taldeen metal mingarri eta lakarra dute gustuko.
Lighting Bolt-en abiadura speedikoan mugitzen ez diren arren, haien musikaren
paroxismo mugetara ailegatzeko gai dira. Basati, primitibismo oldarkorrez
astintzen dituzte beren instrumentuak, deskarga elektriko baten eroale bailiran.
Joxeanek (bateria) eta Mikelek (gitarra) Killerkume osatzen dute eta Trautzer Blaster da beren estreinako diskoa (oker ez banago, behintzat). Aipatutako erreferentzia guzti horietan oinak sendo jarriaz, lan honek bere kartak garbi erakusten ditu lehen unetik. Eta lehen itxura batean horretara mugatzen da soilik, gustuko hots batzuk erreproduzitzera besterik gabe. Neurri batean hala da, eta ederki gozatzeko aukera ematen du ikuspegi horretatik.
Batik bat, diskoaren B alde osoa okupatzen duen Karp pieza benetan estimagarrian gauzatzen da grina hori. Honelako uneetan, hardcorera baino John Coltrane baten saxo oihu askatzailetara gerturatzen direla sentitzen dut. Ez dakit Joxeanek eta Mikelek Coltrane gustokoa duten edo erabat lekuz kanpo ikusiko duten nire ikuspuntua, baina tira, pentsa eta sentitu bezala bota dut nik nirea, bortitz, basati eta lotsarik gabe. Killerkumetar baten antzera