entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Myriam Garzia 2016/01/19

Bilboko Arriaga antzokia Gari, Iņigo Astiz eta Oier Larraņaga - 'Gaizki moldatzen dira' ikuskizuna

Gari, Iņigo eta Oier. Argazkia: Jon (Arriaga Antzokia) Gari, Iņigo eta Oier. Argazkia: Jon (Arriaga Antzokia)
“Naizena eta nintzena gaizki moldatzen dira”. Jon Benito idazlearen Naizena  poemaren lehen bertsoa baliatu dute Gari abeslariak, Iņigo Astiz idazleak eta Oier Larraņaga musikariak Gaizki moldatzen dira ikuskizunaren titulurako.

Musika eta literatura uztartzen dituen ikuskizun berria estreinatu zuen hirukoak Bilboko Arriaga antzokian, tamaina txiki eta ertaineko ikuskizunak eskaintzen dituen Gelatxoak programaren baitan. Halakoetan, antzokiko Foyerra erabiltzen da, areto nagusirako solairu artean dagoen espazioa, sortzaileekiko gertutasuna eta intimitatea bermatzen duena. Arriagako prentsa arduradunaren arabera, aurre salmentan 70 sarrera saldu ziren, baina guztira 120 eserleku jartzen dira Foyerrean eta, oraingo honetan, ia denak bete ziren.
Jakin min handia sortu du Garik zuzendutako ikuskizuna, eta sartu aurretik ezer gutxi genekien Gaizki moldatzen dira honetaz. Naizena poemarekin hasi zuen saioa Iņigo Astizek eta Jon Benitoren poema irakurri zuen. “Naizena eta nintzena gaizki moldatzen dira” bertsoak gau horretan gerta zitekeena iragarri zuen. Garik, gitarra elektrikoarekin eta, Oier Larraņagak, teklak eta koruak egiten, musikatu zuten Benitoren poema, ikuskizunaren korapiloa apurka apurka deslotzen joateko.
Hala, poemak eta abestiak tartekatu zituzten ordu betez. Garik, azken lanetako errepertorioa atera zuen, eta Jon Benito eta Kirmen Uriberen poema musikatuak abestu zituen, Oier Larraņagaren laguntza paregabearekin. Baina, Amapola edota Maldanberan taldearekin sortu berri duen Alferrik dena abestiak interpretatu zituen baita ere. Badirudi, bilbotartutako abeslari legazpiarra eroso sentitzen dela halako ikuskizun intimoetan, eta gitarra elektrikoa eta akustikoa erabili bazituen ere, sentimendu bereziarekin jo eta abestu zuen, leun, gitarraren sokak gehiegi behartu gabe, baina hauen distirari leku eginez.

Garik sentimendu bereziarekin jo eta abestu zuen, leun, gitarraren sokak gehiegi behartu gabe, baina hauen distirari leku eginez

Iņigo Astizek Baita hondakinetan ere (Susa) liburuko hainbat poema irakurri zituen. Tartean Esperimentu geofagoa L(ab)orategian eta Tomateez aitarekin, azken hau Iņigok bere “nekazal jatorria” esplikatzeko erabili zuena, baina erabat hunkigarria izan zena, norbere aitarekin hitz egiteak isiltasun eta hutsunez beteta dagoela adieraziz. Batez ere, poesiaren zereginaz aritu zen iruindarra, hori omen delako edozein poetaren buruhaustea.
Errealitateak eta poesiak komunean dutena (ala ez) azaltzeko, Jacques Prévert idazle frantsesaren Picassoren paseoa irakurri zuen, berak euskarara ekarria.
Ikuskizunaren une intimo horietako beste bat, 2013an Amberesen desagertutako Hodei Egiluz-i eskainitako abesti eta irakurraldiarekin heldu zen. Hodeiren sendiak eskatuta, Iņigo Astizek Ambereseko alkateari idatzitako gutuna irakurri zuen eta Gari eta Oierrek gazte desagertuari eskainitako abestia ere jo zuten.
Erabateko estreinaldia izan zen Arriagakoa, eta kobentzionalismoei muzin eginez, ikuskizuna bukatzeko eszena utzi eta publikoarengana hurbildu ziren lumazko boak jarrita, kutsu kabareteroa emanez. Bisak eskatu ziren eta hirukoteak kasu egin zuen.

Kontzertu akustikoetan eroso sentitzen da Gari eta halako "desentxufatu" batzuk eskainiko ditu, tartean Bilboko La Fundicion aretoan datorren otsailaren 18an, Ganbarazko Rocka programaren baitan, Bilbora gerturatzea duzuenontzat.


Argazkia: Jon (Arriaga Antzokia).
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.