Pop Piluak-en bigarren zenbakia eta gehigarria.
Julen Azpitarte izeneko tipo ipurterre eta irribarretsu bati otu
zitzaion
Pop Pilulak fanzinea martxan jartzea joan den urtearen
hondarrean. Ez zen ordea, iritsi berria fanzineen mundura. Aurretik,
Mofo! gisako argitalpenetan aritu baitzen, paperezko autoekoizpenen zale
amorratua izateaz gain. Bada, Durangoko Azokan aurkeztu zuen lehen
zenbakia eta harrera ezin hobea izan zuen (
Entzun!en estandean saltzeko
ekarri zizkigun ale guztiak agortu ziren).
Orain, itzuliko zenaren mehatxuak egi bihurtu eta tipo ipurterre eta
irribarretsu hau bueltan da
Pop Pilulak-en bigarren zenbakiarekin.
Potoloagoa eta mamitsuagoa da zenbaki berria (kolaboratzaile gehiago eta
orri gehiago ditu), baina lehendabizikoaren xarma bera gordetzen du: zuri
beltzezko diseinu argia, irudien aukeraketa zaindua eta pop kulturari
lotutako testuak: zinea, musika, artea, literatura... Hala, Antton
Iturbek
Free Cinemari buruz idatzi du, Koldo Almandozek
Basque Paranormal
Activity-ari buruz (bitxia benetan) edota Goizalde Landabasok Historiako
emakume ezkutuei buruz.
Musikaren atalean, William S. Fischer
musikari estatubatuarraren pasarte xelebre batean muturra sartu du Azpitartek berak, euskal
musikagintzak eman duen disko sorta aluzinogenoenaren misterioaren
korapiloa askatzeko. Bien bitartean, Jotakie izan du mintzagai Fermin Etxegoienek edota
Sonic Youth taldea Mikel Lizarraldek.
Ez ditugu eduki guztiak zerrendatuko,
baina irakurraldi ederrak igaroko dituzue bestondo makarra baten osteko azal politikoki ez zuzena irekitzen baduzue. Gainera, hori gutxi balitz, gehigarri bat ere
badakar, non Michico Kambak abangoardia artistikoak izan dituen hizpide.